DONOSTIA. Zinemaldiaren arduradunek jakinarazi dutenez, Glocal in Progress ekimenean postprodukzio fasean dauden hiru film luze hautatu aurkeztuko dira, filmak amaitzen eta nazioartean zabaltzen lagundu dezakeen talde baten aurrean. Talde horretan, produktoreak, banatzaileak, salmenta agenteak eta programatzaileak egongo dira, besteak beste.
Helburua da hizkuntza ez hegemonikoetan filmatuta dauden Europako produkzioak ezagutzera ematea -hau da, alemanez, errusieraz, frantsesez, gaztelaniaz, ingelesez edo italieraz filmatuta ez daudenak-, kolaborazioak erraztea, koprodukzioak sustatzea eta film horiek hedatzen laguntzea.
Glocal in Progress ekimenean hautatutako filmek Glocal in Progress Industria Saria jasotzeko aukera izango dute. Deluxe Spain, Dolby Iberia, Laserfilm Cine y Video, Nephilim Producciones eta No Problem Sonido film irabazlearen postprodukzio zerbitzuak hartuko dituzte, Glocal in Progress Industria Sariaren oinarrietan azaltzen den bezala.
Gainera, Glocal in Progress saria banatuko da: film irabazlearen produktore gehiengodunarentzako 10.000 euro.
Ekimen honekin sorkuntzaren aldeko apustua indartu nahi du Donostia Zinemaldiak. 2002an heldu zion ildo horri, Zinema Eraikitzen abiarazita. Industriako jarduera hori aitzindaria izan zen orduan, eta hari esker Latinoamerikako produkzio askok amaitzeko modua izan zuten. Lan hori, 2012tik aurrera, garapenean dauden proiektu europar eta latinoamerikarrei zuzendutako Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroaren bidez osatzen da.
Ekimena Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren babesletzari eta Europa Creativa MEDIAren laguntzari esker da posible, eta honako hauen lankidetzari esker: Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Deluxe Spain, Dolby Iberia, Laserfilm Cine y Video, Nephilim producciones eta No problem Sonido.