Emakume bertsolariek, hitza ez ezik, mikrofonoa ere hartu dute”. Hitz hauexek erabili zituen Euskal Herriko Unibertsitateko Gema Lasartek tradizioz gizonezkoa izan den eremuan azken urteotan emakumeek lortutako presentzia irudikatzeko.
Landakoko Areto Nagusi betearen aurrean hartu zuen lehenengoz hitza Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak, Emakume bertsolariak: ahanzturatik diskurtso propiora ikerketaren berri emateko. “Emakume bertsolariek izan duten ikusezintasuna eta ahanztura egiaztatzen ditu”, laburbildu zuen.
Hari berdinari tiraka, “hegemonikoki gizonezkoen espazioan” sartu direla azaldu zuen ikerketa gidatu duen Lasartek. “Plaza-gizona topatu dugu batez ere”, kontatzen zuen ikerlariak. Aldiz, “plaza andreen falta” nabarmena ikusi dute eta, beraz, “existitzen ez den kontzeptu bat izan da abiapuntua”.
Hogeita hamabost emakume bertsolari elkarrizketatu dituzte eta berrehun ingururi galdetegi bat luzatu, haiengana hurbiltzeko helburuarekin. “Emakumeak bertsotan ari direnean, hor etortzen dira trabak, zenbakien distortsioak eta askotan diskurtsoaren nahasketak”, jarraitu zuen ikerlariak, baina horren gainetik ere “emakumeok bertsolaritzan enpoderatzen jarrai-tzen dugu”, azpimarratu zuen.
Enpoderatzea. Kontzeptuari berari buruz jardun zuen Lasartek, “botere eta espazio hartzea” bezala ulertuta. “Ez dira enpoderatzen boterea dutenak, bazterrean daudenak baizik”. Zentzu horretan, “ahanztura” kontuan hartu beharreko beste abiapuntu bat izan dela aitortu zuen: “Emakumeak normalean historian bazterrean geratu gara, periferian, omitituak”. Hala ere, subjektu bihurtu eta diskurtso propioa garatuta bere lekua eskuratu dutela txalotu zuen.
Ispilu efektua Bidea ireki duten aitzindarien ezaugarriak deskriba-tzearekin batera, hitzaren hartze hori ahalbidetu duten faktoreak ere aztergai ditu ikerketak. Bertsolari-tzak landa mundutik hirira emandako saltoa, gaitegi eta publikoaren aldaketa, bertsolarien profil berria eta bertso eskolen sorrera, besteak beste, izan zituen hizpide Lasartek. Dena den, datu esanguratsu bat luzatu zuen, erreflexiorako parada irekitzen duena: bertso eskoletan matrikulatzen direnen erdia emakumeak izanda, %20ak baino ez du plazetan kantatzen. “Ikertu beharko litzateke zergatik egiten duten atzera, baina garrantzitsua da badaudela aurrera egiten dutenak; beldurra sentitzen dute eta bakardadea ere, baina segituan gertatzen da ispilu efektua eta denak berdin senti-tzen direla konturatzen dira”, esplikatu zuen.
Egoera horrek “kontzientzia” sortu duela uste du, eta hein handi batean ere, enpoderamendu hori markatu. “Mundu tradizionalaren gainbeherarekin batera etorri zen eredu berria” aipatu zuen Ana Isabel Ugalde taldekideak, historian zehar emakumeek bertsolaritzaren munduan uste baino parte hartze handiagoa izan dutela gogoratzearekin batera. Eta adibide gisa jarri zituen, beste batzuen artean, Anton Abbadiaren Lore Jokoak.
Belaunadi berriei begira, erreferenteen garrantziaz jardun zuten eta Cristina Mardaras edota Maialen Lujanbiok egindako lana goraipatu. “Maialen ez da emakumeen erreferentea bakarrik, ginezkoena ere bai. Pentsamolde berria ekarri du”, iritzi zuen Lasartek.