Irekiera ofiziala, baina, 19:00etan hasi zen Areto Nagusian. Han izan zen Gerediagako presidente Nerea Mujika, EKEko zuzendari Pantxoa Etchegoin, Durangoko alkate Aitziber Irigoras, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Diputatu Lorea Bilbao eta Kultura Sailburu Bingen Zupiria.
Ikasleak, egun honetako protagonistak, 10:30etan sartu ziren Azokara, dunbots batean, gogotsu, euskal kulturaren gune honek eskaintzen dituen aukera guztiak ezagutzeko irrikaz. Eskaintza kultural zabala zeukaten hautatzeke, kolore biziko programazioa begi aurrean.
Standetan aurkitzen ahal ziren liburuez eta diskoez gain, tailerrak antolatu zituzten, betiko lez. Aurten, gainera, proposamenak oso interesgarriak izan dira gaztetxoentzat. Adibidez, liburu baten iruzkina nola egiten den ikasi dute batzuek, besteek komikiaz zeukaten ideia zabaltzeko aukera izan dute; antzerkian murgildu dira beste batzuk eta robotikarekin ausartu direnak ere izan dira Azokan.
Areto Nagusian eman du tailerra Yolanda Arrietak. Liburu baten iruzkina nola egiten den azaldu dio Bilboko DBH 2.mailako ikasle talde bati. Bere esanetan, “oso praktikoa” izan da klasea. “Nahiko maila polita daukate. Iruzkina bukatu egin dute, beraz ondo”, azaldu zuen. Bere aburuz, “egitea eta eginez ikastea” izan da tailerraren izpiritua. Ikasleak lurrean zeudela hasi zen klasea. “Lurra erabili dut laguntzen duelako arreta mantentzen eta talde bezala bat egiten”.
Arrietak argitu zuen tailerrean jarraitu zuen metodologia. Hasieran liburu bat -Bidea- atera zuen kaxa batetik: “Poesia agertzen da, album ilustratu bat da, orriak zabalgarriak dira, motza da, momentuan bertan lantzeko oso aproposa”. Liburu bat bakarra eta ludikoa izan behar zuela gehitu zuen. “Iruzkin bat egiteko lau pauso nahiko dira. Lehenengo pausoan, kanpotik ezagutu behar dugu liburua; hau da, izenburua, idazlea, argitaletxea... horiek guztiak sartu behar dira testuan”. Gazteak orria betetzen hasi ziren, “batzuek dena eginda zeukaten lehenengo pausoa amaitu orduko”, gaineratu zuen umorez. Ondoren, liburua barrutik ezagutzeko unea iritsi zen. “Nik kontatu diet istorioa musika pixka batekin... ozenki irakurtzearen plazera transmititu nahi izan diet ere”. Hirugarren pausoa hartzailearekin du harremana, Arrietak azaldu zuen moduan: “Norbaitentzat egiten dira liburuak”. Azkenik, iritzia iruzkinean sartzea zegokien ikasleei: “Sobretik atera dut hari bat eta hari punta bat jarri dut liburuan eta bestea nire bihotzean, orduan jendeak ulertu du”.
Saguganbaran eskaintza ere sormenezkoa izan zen guztiz. Guztira, bi tailerrez gozatzeko aukera izan zuten gaztetxoek. Komikien tailerraren ardura Eñaut Ayarzaguena Bravok hartu zuen. “Ordubeteko tailerra denez eta hiru saio direnez, modu ezberdinetan zatitu dut. Alde batetik, komiki bat prestatuta ekarri dut testurik gabe, hau da, bunbuiloa hutsik eta koloztetatu gabe.
Orduan, ikasleek egin dutena izan da testua sartu horietan. Beste batzuetan, biñetak ekarri ditut baina hutsik, marrazkirik gabe. Haiek aukera izan dute marrazkien bidez -kalkatuta edo kopiatuta- edo collage baten bidez komiki istorio horrekin jarraitzeko edo beste bat sortzeko”, azaldu zuen lehen tailerra amaitu ostean. “Batzuek hutsetik hasi dute istorioa”, azpimarratu zuen irakasleak.
Komikietara dedikatzea oso zaila dela argudiatu zuen jarraian, “oso zalea edo frikia izan behar zara horretan jarraitzeko”. Gazteekin tailerrak egitea errazagoa da bere ustetan: “DBHko klase batean komiki tailer bat ematen dudanean, inork ez daki marrazten, oso deseroso senti-tzen dira gainera. Baina adin honetan ez, marrazten dakitelako eta oso gustura egoten direlako”. Ikasleak komikiak irakurtzera eta marrazkiak egitera animatu zituen.
Antzerkian murgiltzeko aukera ere izan zuten Aroa Blancoren eskutik. “Antzerkia jolas bat dela erakutsi nahi dut”, zioen ilusio betez. “Horregatik jolas ugari egin ditugu, baina hasieran beti galdetzen diet ikasleei: zuentzat zer da antzerkia? Horrela umeak ezagutzen ditut. Gero jolasten hasten gara, eta gorputza eta emozioak askatzeko zenbait ariketa egiten ditugu ere”.
Klasean, antzerki borroka bat egiteko denbora izan zuten gainera. Hala azaldu zuen Blancok: “Bi talde egiten dira eta proposatzen da izenburu bat, kategoria bat (kamera azkarra, geldoa) eta horretan lehiatzen dira”. Antzerkiaren balioa azpimarratu zuen irakasleak esanez burua askatzeko eta norberak bere burua ezagutzeko balio-tsua dela guztiz.
“Robot bat nahi dut nik!, esan zuen mutil batek Kabi@n sartu eta berehala. Robotikaren inguruko tailerraren gune bilakatu zen Azoka eta Jaione Martinez izan zen bertan irakasle. Guztira, bi saio egin zituen eta tailerraz mintzatu zen: “Programazio oso basikoa emango dugu, hastapena izango da”. Scratch erraminta erabiliko dutela azpimarratu zuen, bere hitzetan, puzzlearen an-tzera dabilen erraminta da. Ez du zailtasunik ikusten, izan ere, “ume hauek jaio dira teknologiarekin eta segituan harrapatzen dute dena”. Tailer honetan, rebot batzuk programatuko dituzte, baina irakaslearen esanetan, gauza errazak izango dira: “Aurrera, atzera, sentsoreak ezagutu... robot baten zatiak ikasiko dituzte ere”.