Ikasleen eguna ospatu zuen atzo Durangoko Azokak. Ikastola eta eskola desberdinetatik etorritako mareak espazio osoa bete zuen. Mukuru betea zegoen gunea. Baina atzoko egunean ez ziren bakarrik gazteak egon, helduek ere euren txokoa topatu zuten eta gazteen antzera, tailerrez gozatzeko aukera izan zuten.
Horren adibide dugu ‘Wikipediaren berrikuntza teknologikoak’ izeneko tailerra. Horren arduraduna eta irakaslea, Iñaki Lopez de Luzuriagak, azaldu zigun zein den haren asmoa.
“Euskal Wikilarien Elkartetik bi aldeko helburua bilatzen dugu: batetik, nahi dugu jendea erakartzea Durangoko Azokaren girora eta hori zabaltzea Wikimedia erabiliz”, argitu zuen.
Bere gainontzeko helburuak zerrendatu aurretik, Wikimediaren nondik norakoa azaltzen du tartean irakasleak, tailerraren oinarria argitze aldera: “Wikimedia Commons, Wikipediaren proiektu senide horietako bat da. Hasieran Wikipediak ez zeukan halako sare handirik baina denborarekin, bitarteko gehiago lortu ditu”, azaldu zuen atzo Euskal Wikilarien Kultura Elkarteko kideak.
Aipaturiko Wikimedia horretan badaude argazkiak, irudiak eta mapak eta horien bitartez egin nahi dutena da “munduko irudi biltegi handienetako batean Durangoko Azoka ezagutzera eman eta nolabait hori ‘kategorizatzea’ bilaketak egiteko. Hori egiten erakutsiko dugu tailerran”.
Bestalde, ikasketa honen bitartez, euskal Wikipedia ezagutzera ematea dute xede. “Azken batean, alfabetizazioa dagoen bezala, badaude beste kode ba-tzuk Interneten oso zabalduta daudenak eta zailak direnak”, gehitu zuen.
Adibide bat ematearren, HTML delakoa aipatu zuen, “oso teknikoa” den kontzeptua. Horien artean, Wikikodea ahotan hartu zuen, kolaborazioetarako asko erabiltzen den kodea dela azalduz. Lopez de Luzuriagaren arabera, wiki marka hori aipatzen denean beti esan nahi du kolaborazioa, “esan nahi du orri batean pertsona bat baino gehiago aritu daitekeela. Beraz, librea da, irekia, ezaugarria horixe da”.