baiona - Anaitasun gehiagoren beharra dugulakoan, elkartasunari begi kliska egiten dion izenburua hautatu du Pantxoa Carrère (Azkaine-1948) abeslariak bakarlari gisa aurkeztu duen lehen diskoarentzat. Iñaki Dieguez eskusoinulariaren laguntzarekin Xalbador, Manex Erdozaintzi, Daniel Landart eta Manex Pagolaren bertso eta olerkiak musikatu ditu lapurtarrak. Elkar disketxeak atera duen obra honetan, oroz gainetik, anaitasuna aldarrika-tzen du azken 40 urteetan Euskal Herri osoan ezaguna den kantariak.

Lurra, maitasuna eta elkartasuna dira obra berriaren ardatz nagusiak. Pantxoaren hitzetan “mundu nahasian bizi gira gerlekin eskualde guzietan”. Gerra eta miseriatik ihes egiten duten milioka etorkinen irudiek hunkitzen dute lapurtarra. “Normala den jendea hunkitua izan behar da beren bizia arriskuan ematen baitute. Zinez gaizki izan behar dute eta hemen kanpokoen beldurra dagoenez ez ditugu behar bezala errezebitzen” deitoratzen du ahots berezi eta goxoa daukan abeslariak. Bere ustez, egun guztietako bizian kantua lagungarria izan daiteke arazoei aurre egiteko.

Irautea irabaztea dela zioen duela gutxi kurdu batek eta euskaldunek ere iraunez irabaziko dugula ziur dago Pantxoa. Itxaropena kantatu nahi baitu Manex Erdozaintziren Sinesten dut olerkia musikatu du. Manex Pagolarekin harreman estua dauka aspalditik eta gaur egun ere maiz elkartzen da Landibarreko kantu egile oparoarekin. “Manexen kantuak nik idatziak balira bezala sentitzen ditut”, atera zaio bihotzetik lapurtarrari. Monzonekin gerta-tzen den bezala, Pagolari ere ainitz zor zaiola uste du kantautoreak. Pagolaren hiru kantuen artean Burgosko epaiketari buruzkoa hautatu du Carrerek gaur egungo gazteek gutxi ezagutzen dutelako orduko gazte taldeak izan zuen ausardia Francoren diktaduraren kontra altxatzeko.

Landarten bi olerkiek “aho handiak” eta amodio platoniko bat aipa-tzen dituzte Xalbadorren bertsoak ama goraipatzen duelarik. Haur batek bere amari bertsoaren bidez emakume lehialena ama dela gogoratu da Pantxoa. Ama eta emazte guztiak ohoratu nahi izan ditu egunero bortizkeria gehiegi ikusten baita. Sorkuntzen artean Eman esku elgarri izenpetu du Gure Esku Dago ekitaldiaren karietara idatzi zuen testua hain zuzen. Iruñean parte hartu zuen giza katea ideia ederra iduritu zaitzaion eta bere hitzetan “Katalunian bezala, aintzina doan herria ezin du deusek gelditu”. Berrogei urtez, Peio Ospital itsasuarrarekin aritu izan da Pantxoa plazaz plaza Euskal Herriko herri gehienetan.

Barkalaria baina ez bakarrik Iparraldeko bikotea ospetsua bezain maitatua izan zen ikur bilakatuz euskaltzale askorentzat. Dena den, duela lau urte ibilbideari amaiera ematea erabaki zuten harreman ona mantendu duten bi lagunek. Pantxoak daki arraroa egingo zaiola bikotekidearekin gehiago ez agertzea baina argi dauka denbora berean ez dela bakarrik izanen ondoan laguntzaile asko hurbildu zaizkiolako. “Sua ez zegoen arras itzalia, eta hauspoarekin dena piztu da berriz” dio hain atsegina duen irriarekin. Lana utzi eta erretiroa hartzean kantuaren tirria zeukan oraindik. Gauzak partekatu gabe etxe zokoan gelditzea baino jendearekin egoteko gogoa handiagoa izan da. Gainera, Elkar disketxeak eta lagunek argi utzi zioten prest zirela disko bat egiteko nahi zuelarik. Ugo eta Naia seme alabarekin atsegin handiz grabatu du Gauaren isiltasunean, eta amodiozko kolaborazioa izan dela dio. Bestalde, loriatu da ere Iñaki Dieguezekin “sentsibilitate ikaragarria baitu eta kausitu baitu nik nahi nuena”.

Pantxoaren arabera adiskide eta musikari handia izateaz gain “gizon sanoa, umila eta apala” da Dieguez. Arkaitz Miner, Joserra Mitxelena, Jean Michel Martineau, Igor Telletxea eta Joseba Loinazek ere laguntza eman diote, anaitasunean.

Pantxoa Carrere ez da geldirik egoten den horietakoa. Egunero zortzi kilometro egiten ditu oinez eta ostiralero Larrun mendira igotzen da. Mendian beti giro ona izatea gusta-tzen zaio lagunak egiteko toki aproposa da eta.

Artistak ibilaldi horietan aurki-tzen du inspirazioan. Bai eta Arbonan daukan etxean ere. Bertatik bi urratsetan bezala ikusten da Mulienea, Mattin Trecu bertsolari aheztarraren etxaldea. Begiak doi bat goratuz Larrun, Aiako Harria eta Jaizkibel agertzen dira. Toki zoragarria dudarik gabe sorkuntzak apaila-tzeko sustraiak gogoan izanez. “Ama lekorndarra eta aita aheztarra zen, nork erranen zuen noizbait etxea eraikiko genuela Arbonan aitaren sorterritik hain hurbil?” galdetu du Pantxoak. Mendiek egunero gogoratzen diote hegoaldea bertan daukala Gipuzkoa eta Nafarroa iparra ageri baitira Lapurdi bihotzetik. “Gazte denboran muga hor zegoen baina gero kantaldiekin laster ohartu nin-tzen denak herri berekoak ginela. Jendeak zioen hemen Frantzia zela eta han Espainia. Eskerrak Niko Etxartek kantua egin zuela gogora-tzeko mugaren bi aldeetan zegoela Euskal Herria!”. Diskoa aurkezteko kantaldiak eskainiko ditu orain Pantxoak garrantzi berezia emanez azaroak 20 Donostiako Antzoki Nagusian emango duen kontzertuari.