Egun hauetan RRSS bere azken proiektua ikusgai dauka Ana Riañok Rekalde Aretoan. Hainbat pertsona ezagunen Facebook, Twitter eta Youtubeko ideiak, argazkiak eta bideoak mihisean irudikatu ditu artista bilbotarrak, sare sozialek gure egunerokotasunean duten eragina azter-tzeko asmoz: “Gaur egun, gure identitatearen aspektu berri eta teknologikoen inguruan biziki interesgarriak diren zenbait mugimendu ematen dira, besteak beste, besteei norberaren intimitatea agertzea. Gure bizi-tza, ideiak eta sentimenduak publikoki zelan aitortzen ditugun erakutsi nahi izan dut, aldi berean, gure irudia eraikiz”, azaldu du Riañok.
Bizkaiko Foru Aldundiak sorkuntza artistikorako ematen dituen beken programaren barruan, erakusketa honetarako artearekin lotutako pertsonak aukeratu ditu artista bilbotarrak: galerien jabeak, museoetako zuzendariak, arte kritikariak eta, jakina, artistak. Horrela, mundu osoan aski ezagunak diren Barbara Kruger Estatu Batuetako artista kon-tzeptuala, Banksy grafiti margolari britainiarra eta Jeff Koons egile estatubatuarrak sareetan partekatutako hainbat bizipen eta irudiak topatu ahalko ditu erakusketara gertura-tzen den bisitariak, Twitterren eskegitako hausnarketa laburrak eta oporretako argazkiak, kasu. Pertsonaia hain famatuak ez direnen intimitatea ere mahai gainean jarri du Riañok. Besteak beste, Karmelo Bermejo probokatzailearen lanak eta Javier Diaz Guardiola kazetariaren laneko momentu dibertigarri batzuk. “Sare sozialen birtualtasunean zein irudi proiektatzen duten jakin izan nahi dut”, nabarmendu du artistak.
RRSS proiektuan bi fenomeno ezberdin uztartu ditu Riañok. Batetik, artistaren nortasunaren eraikuntza, eta, bestetik, norberak bere buruaz gauzatzen duen irudiaren naturaltasuna edo artifizialtasuna. “Gure intimitatea publikoa da sare sozialen bidez. Pertsona batek zer duen gustuko jakin dezakezu, oporretan nora joan den edo zer bazkaldu duen. Iraganean artisten bizi-tza pribatua zen, baina orain ia une oro egiten ari dena jakiteko aukera dauka ikusleak”, azpimarratu du.
Elementu biak islatzeko, pertsonen sare sozialetako profilen hainbat irudi ezberdin aukeratu ditu Riañok eta mihisean margotu ditu, tamaina ezberdinak erabiliz. Jabeei baimenik ez die eskatu horretarako, beharrezkoa ez delakoan. “Sare Sozialetan eskegitakoa, berez, publikoa da. Hala ere, nik ez dut irudia bera erabili, perfil horiek margolan bihurtu baititut, ikusleak artelanak direla ulertzeko, eta ez internetetik hartutako kaptura edo pantailazo hutsak”, zehaztu du artista bilbotarrak.
Yves Kleinen, erdigunean Yves Klein artista frantziarrak leku berezia dauka RRSS proiektuan. “Izugarri gustuko dudan artista da -dio Riañok-, Picassorekin gertatu zen bezala, Kleinen bizitzak eta lanak bat egin zuten, gauza bakar bat osatzeraino”. Hainbeste miresten duen artistari omenaldi xumea eskaini nahi izan dio Riañok bere azken proiektuan. Horretarako, artista frantziarraren biografiaren zati bat aurkeztu du erakusketan. Benetako datuetan oinarrituta, inoiz existitu ez diren sare sozialetako irudiak margotu ditu Riañok, benetakoak balira bezala. “Yves Kleinen garaian sare sozialak existituz gero zelan erabiliko lituzkeen irudikatu nahi izan dut; zelako irudia proiektatuko lukeen asmatzen saiatzea izan da nire helburuetariko bat”, azaldu du.
Rekalde aretoko erakusketarekin pozik dago Riaño. Egunerokotasunean hurbil daukagun zerbait, sare sozialak kasu honetan, artearen bidez transmititzea errazagoa dela uste du bilbotarrak. Bere proiektuak “amaigabeak” direla uste du artista gazteak. “Estudioan gordeta egon ahal dira, edo beste erakustareto batean, baina proiektu bakoitzak bere bizitza propioa du, etengabea”, nabarmendu du. Horrela ba, RRSS proiektuak jarraipena izango du abenduan, Bilboko Aldama-Fabre Galleryan egingo duen erakusketan.
Hala ere, artearen egungo egoeraz kezkatuta dago Riaño. Izan ere, Euskal Herrian “geldituta” ikusten du artea. “Oso gutxi mugitzen ari da kontua eta, gainera, areto asko itxi dituzte edo ixtear daude”, salatu du. Egoera konpontzeko gizartearen inplikazioa ezinbestekotzat jotzen du Riañok. “Jende gutxi joaten da aretoetara, are gutxiago margolan bat erostera. Gehiengoak nahiago du merkataritza-gune batean argazki bat erosi”, dio. Bere aburuz, ez da prezio kontua, ordea, “ohitura eta kultura” falta baizik. “Estudio batean prezio guztietako lanak topa ditzakezu, baita areto batean ere, baina jendeak ez daki”, ziurtatu du. Hala, artea egiteaz gain, artistak saltzaile lanetan ere aritu behar dela dio.