Naufrago baten istorioa dakar Markeliñek Crusoe bere azken antzezlanean. Jon Kepa Zumalde obraren zuzendariak nabarmendu duenez, bakardadeak gizakiari nola eragiten dion argi erakusten da lan honetan. “Crusoe bakardade osoan gelditzen da, baina hainbat urtez bizirauteko gogoei esker aurrera jarraituko du”, dio Zumaldek. Daniel Defoek idatzitako istorioarekin zerikusia du Markeliñeren adaptazioak, baina beste ikuspegi bat eman nahi izan diote klasiko ezagun honi. Horrela, besteak beste, gaur egun munduan ematen ari diren mugimendu migratorioak eta deserriak ere azalduko dira. “Turisten jokabideak nolakoak izaten diren ikusiko dugu eta agerian utziko dugu etorkinek gure herrietan zer suposa dezaketen”, agertu du Zumaldek. Metaforaz beteriko antzezlana da, baina, batez ere, “gaur egungo gizartean gertatzen denaren eta egunkarietako lerro-buruetan egunero irakurtzen ditugun gertakarien kritika izan nahi du obrak”, gaineratu du zuzendariak.

Markeliñeren proposamen berria kalean egitekoa da. Hiru antzezle eta musikari bat izango dira Crusoeren munduari bizitza emango diotenak: Fernando Barado, Jon Koldo Vazquez eta Maite Bayon aktoreak eta Roberto Castro musikaria. Aurreko lanetan bezala, antzezlana prestatzerako orduan Crusoeren istorioa abiapuntu-tzat hartu dute, baina aktoreekin batera jolasean sortu eta egituratu dute istorio osoa. “Jolasen bitartez, eszenak sortuz eta josiz, entsegu askoren ostean osatu dugu istorioa”, zehaztu du zuzendariak.

Testurik gabeko antzezlana izanik, irudiak eta musikak garrantzia handia hartzen dute. Kasu honetan, zuzeneko musika erabiltzen du Markeliñeko lan taldeak istorioan murgiltzeko, egoerak iradokitzeko, ikuslearengan eragiteko. “Zuzeneko musikak atmosfera batean sartzen zaitu; itsasoa ikusiko ez badugu ere, entzun egingo dugu: olatuak, haizea, hegazkinak...”, azaldu du Zumaldek. Crusoeren uhartea irudikatzeko objektuen manipulazioaz baliatu dira, titereak erabiliz. “Bi metroko titere bat agertuko da, hiru aktoreen artean mugituko den pertsonaia”, aurreratu du zuzendariak. Horrez gain, antzezlana ez dago denbora zehatz batean kokatuta, eta gaur egungo gailuak presente daude: telefono mugikorrak, teknologia berriak...

HAUSNARKETA BULTZATUZ

Ikuskizuna publiko ororentzat bada ere, publiko familiarrari zuzenduta dago bereziki Crusoe antzezlana. Antzezlan goxoa da honakoa, irri egiteko une asko dituena. Crusoeren bidaia telefono mugikorrari bateria amaitu bezain laster hasiko dela kontatu du Zumaldek, bitxikeria moduan. Obra honek une barregarriak izango baditu ere, hausnarketarako tartea eskainiko dio ikus-entzuleari momentu askotan. “Andante gure aurreko antzezlanarekin alderatuta, askoz obra xamurragoa da eta ikusle orok goza dezake, ume zein heldu”, jakinarazi du zuzendariak. Hala ere, istorioak “momentu gogorrak eta intentsoak” izango dituela aurreratu du. “Gure antzezlanen helburua hausnartzerako tartea irekita uztea izaten da beti”, gaineratu du Zumaldek.

Duela urtebete inguru hasi zen Markeliñe konpainia Crusoe antzezlanaren ideiari forma ematen, baina “ia oharkabean eta nahi gabe” antzezlanak eta jorratzen duen gaiak gaurkotasuna lortu duela dio zuzendariak. “Ematen du aurrekariak izan garela, tamalez, gaur egun gertatzen ari den guztia ikusita”, dio Zumaldek. Izan ere, antzezlana prestatzen hasi zirenetik itsasoan ikusten ditugun zorigaitzak larritzen eta estutzen doaz.

Kasu honetan, itsasoaren erdian galduta dagoen uharte bakartitik itsason-tziak igarotzen ikusiko ditu Crusoe protagonistak, baina bat bera ere ez da geratuko bidean. Orduan, eusten duen bitartean, lasai bizitzea lortuko du Crusoek. Izan ere, itsaso zabalean dauden itsasontziak bezala, urrunean igarotzen ikusi ohi dugu bizitza.

Uharteak urez inguratuta daude, eta Markeliñeren ura, kasu honetan, ikusleak izango dira.