Batzuentzat heriotza ez da ezeren bukaera, transformazioa baizik. Beste batzuentzat, berriz, hiltzea denaren akabera da. Jaiotzeak lege hori baitakar besapean, ez zaigu inori oharkabean pasa-tzen gaia. Norbere filosofiarekin edo ikuskerarekin egiten diogu aurre etorriko den horri, baina zalantzarik ez da heriok asaldatzen gaituela. Sozialki ez zaio espazio naturalegirik ematen eta horrek gure beldur, ezintasun eta arrangurak biziarazten ditu.
Heriotza oro zaigu latz, baina bilatua-edo delarik, are latzago. Estatistika Institutu Nazionalaren urtean behineko datuekin kokatzen ahal gara argazki erreal baten aitzinean; 2014an 3.910 pertsonak egin zuen bere buruaz beste estatu espainiarrean. Marka historikoa, nonbait, urtetik urtera berritzen ari dena. 2008tik suizidioek heriotza gehiago ekarri dute trafiko istripuek baino, bikoiztera iritsi arte; heriotza ez naturalaren lehen kausa da honezkero norbere buruaz beste egitea.
Datuak ezagutarazita ohiko faktoreak heda-tzen dira bolo-bolo, bilatu nahi izaten baititugu arrazoiak, noski. Azken urteotan krisia (eta hari lotutakorik) izaten da lehenik seinalatzen den zioetako bat, baina ez da errealista, edo ez erabat errealista. Zenbat gauza ez ote da sortzaile edo sorburu? Zerbait eskapa-tzen zaigu, eta (esanen nuke) eskaparazten zaigu. Gaia tabua da, medioek ez dute ager-tzen ahal neurri profilaktiko gisan hala ezarria delako eta horrek, zentzu batean, ene uste ez-adituan, ilundu du arazoa (lehendik ere zama izan dena beti, bistan da). Haur eta nerabeen gertaera garratzak hazi dira azkenaldian gainera, eta suminduraz ari gara erantzule bila.
Gizarte arazo den neurrian sendagileari, irakasleari, psikologoari galdegiten zaio arazoari nola egin aurre. Sistemari egozten zaio erruaren handiena, bizimoldeari, garaiaren zailtasunari, etokizunaren ziurgabetasunari eta abar. Ez baita erraza klasifikaezina den joera hau parametro zehatzetan kokatzea. Garbi da konplexuegia dela kontua eta kausa askoren emaitza izan daitekeela. Garbi da zentzu ororen galeraren sinadura jasotzen dugula halako kasu baten berri ikasten dugun bakoitzean. Garbi da ez zaigula batere garbi.