Txiki izateak baditu bere abantailak esaldia entzuten dugun bakoitzean kontsolamendu kutsua hartzen diogu. Baina argitaletxeen kasuan bai esan daiteke handi direla, beraien txikian (txikitasunean bainoago). Egin duten apustua erromantikoa da eta hortik lanean erakusten duten pasio eta ilusio neurrigabea, inkontzientziarekin ere nahastu daitekeena, beraien argudio eta azalpenei erreparatuz. Gaumin, Denonartean edo Meettok bezalako argitaldari apalen munduan ez da etsipena hitza existitzen. Edo, behintzat, ez dute erabiltzen. Bai, ordea, bestelako berbak: pasioa, gogoa, zaletasuna, zuhurtzia...
Fernando Morillok asko saldu du euskal literaturan, batez ere gazte eta nerabeen artean. Baina, halako batean, liburuaren mundua barrutik ezagutzea erabaki zuen, eta bere lan propioen gestore bihurtu zen, Gaumin sortuz, 2011n. Bidean, Naiara Ibarren laguntza izan du, eta bien artean katalogo bitxi eta koloretsua osatu dute. “Halabeharrez jaio zen Gaumin. Sortzaile batek beti du sortzea behar eta desio; sortzea muinetik. Nik ber-bertatik bizi nahi nuen liburugintza, iruditzen baitzitzaidan nire istorioen parte bat galtzen ari nintzela. Horregatik sortu genuen argitaletxea”. Baina sortzea da bat, eta kudeatzea beste bat. Hala ere, ezuste politak hartu dituzte: “Txiki guztien moduan, gure liburu batzuk ez dira mediatikoki apenas existitzen, eta, hala ere, mugimendu paralelo zeharo bizia dute, eta sarritan iristen zaizkigu irakurleen esker onak. Amets ameslari, Zauri ezkutuak edo Hiru istripu eta bi amodio liburuen kasuan, esate baterako. Irakaspenik ederrena horixe izan da: eman zeure onena, eta jasotzen duenari iritsiko zaio, sentituko du. Eta eskertuko. Sortzaile gisa hori da nire-tzat funtsezkoena bizitzaren bazterretan bilatzean: barrenak mugitu izana. Neureak eta irakurleenak”.
Argitaletxe guztiek duten lehengai hori gainezka dute Gauminen, Morillok azpimarratzen duen legez, baina ez hori bakarrik: “Egia da errealitate ekonomiko latz bat dagoela, eta hamaika ahalegin topatu behar direla liburuak plazaratzen jarraitzeko. Onenean, ez duzu dirua galduko. Baina, irabazi? Hortik pasioaren garran-tzia. Helburu ekonomiko txikia dugu emaitza handiak lortzeko. Gaur egun, lan ugari egiteko prest egon behar duzu: maketatu, zuzendu, zabaldu, kolaboratu, hitzaldiak? ”. Eta horren guztiaren ordainik bikainena ordainezina da, idazleak dioenez: “gogobeterik sentitzea, horra gure motorea, bihotza alde izatea”.
Moduak bai, baina hasierako helburuak ez dituzte aldatu Gauminen: “Salmenta izugarri jaitsi omen da. Omen, ze gu krisian sortu ginen, baina badakigu zer egin nahi dugun, gure hasierako helburuei eutsi: sortu, esperimentatu, eta hori dena euskaraz. Betiko liburuez gain, egin ditugu bestelako gauza polit askoak (handiek egin nahi izan ez zituztenak): audioliburuei lekua eman, Irakurketa Erraza bultzatu, multimedia aukerak indartu? Ezohiko bideak probatzen jarraituko dugu”.
saltzailearen perspektiba Denonartean argitaletxea ere krisialdi bete-betean jaio zen, 2011n. Unai Pascualek eta Kike Hualdek gidatzen duten proiektuak zigilu berezia du eta beraiek argitaratutako lan batzuk nabarmendu egin dira liburuen merkatu zabalean. Sekretua? Ez da bat bakarra, Pascualek onartzen duen legez: “Batetik, gure lana egiteko modua sistema anglosaxoian oinarrituta dago, hau da, ni naiz argitaletxeko publicer-a, obrak aukeratzen dituena eta egileekin dagoena, eta Kike da editorea. Bi lan horiek bereizten ditugu. Gero, azpiegitura txikia daukagu (portatil txiki batekin egin dezakezu ia dena), beraz, lan-prozesuan asko aurrezten da, eta horrek liburuaren mesedetan jokatzen du. Eta gero, gauza inportante bat: ekuazioan ez dugu gure soldata sartzen”.
Banaketari dagokionez ere pazien-tzia izugarria erakusten dute Denonartean-ekoek: “Saiatzen gara liburu bakoitza gutxienez 15 bat liburu-dendatan sartzen, eta gero kritikoekin egiten dugu berba, komunikabideekin... gure produktua erakutsi asmoz. Zentzu horretan, Madrilen eta Bartzelonan ere bagaude. Aparte, guk ez dugu etekin arina bilatzen, eta gure liburuak bizpahiru urtetan saltzen dira. Hori nekez jasan dezakete argitaletxe handiek”.
Funtzionatzeko modua ez ezik, katalogoa ere diferentea dute: “Obrak ondo aukeratzen ditugu, malguak gara sortu ditugun edizio-lerroekin, eta, behin apustua eginda, egileari askatasuna ematen diogu”. Eta euskal argitalpengintzan 2001n sumatu zuten hutsunea betetzen saiatzen dira. “Munduko liburu guztiak ditugu kontuan, baina euskal egileekin egiten dugu lan. Ni liburu-saltzailea ere banaizenez, irakurle berriak sortzeko irakurketak edita-tzen ditut”, esan du Pascualek.
Gehienbat, haur eta gazte literaturako liburuak karrikaratzen dituzte: “Konturatu nintzen haur literaturanen bitartez soziologia, pentsamendua eta beste gauza batzuk landu zitezkeela, eta horretan ere ahalegindu gara, lan oso bisualak agertuz”.
Bestelako bidetik dabil Ramon Echeveste, Meettok argitaletxeko arduraduna. Meettok 2006an plazaratu zen, eta bere helburua “kalitatezko literatura, baina ez elitista” editatzea izan da (eta da). Gehienetan, atzerriko literatura euskaratzen dute, tarteka harribitxiak editatu dituztela.
“Kanpotik zaila begitantzen zitzaidan editore lana, baina barrutik are gaitzagoa da. Sekretua? Zenbakiei ondo begiratzea, den-dena ordaindu ahal izateko. Eta, aurretik, ondo hautatu behar da liburu bakoitza, ondo editatu eta bistaratzen lagundu”, aitortu du donostiarrak. Echeveste ez dago krisi ekonomikoari begira; bestelako kontuek kezkatzen dute: “Liburuari eragiten dion kontua ez da ekonomikoa, liburua objektu merkea baita; aldiz, egungo gizarteak aisialdia nola betetzen duen, hor dago gakoa. Egiten duguna irakurleari ez bazaio interesatzen...”.