BILBO. Zinebik jakinarazi duenez, "lurretik kanpoko bizitzarekin lehen harremanaren eszenatoki ikaragarri eta sinesgarria" eraikitzen du filmak. Lurreko ikuspuntutik haratago daramatza ikus-entzuleak, eta lehenago edo geroago, gu mehatxu gisa ikus gaitzaketen kanpoko bizi formei aurre egin beharko dien espezie baten beldurrak, itxaropenak eta erritoak erakusten ditu. "Espezie edo zibilizazio gisa dugun irudiari emandako begirada pertsonala da", azaldu du.

Film honen bitartez, bisitatzen gaituzten unean aplikatu beharko ditugun jarduketa protokoloak garatuz NBE edo NASA bezalako nazioarteko erakundeentzat lanean ari diren biologo, militar, politikari, ingeniari, fisikari edo soziologoak aurkituko dituzte ikus-entzuleek.

Michael Madsen artista kontzeptuala eta "Into Eternity" (2010) lan sarituaren zuzendaria da. Bere azken filmak "Halden Prison" eta Wim Wendersekin batera hasitako "Cathedrals of Culture" dira. Horrez gain, irakasle gonbidatua izan da Royal Danish Academy of Art, Danish Film School eta University of California erakundeetan, besteak beste.

Zinebik jarraipena ematen dio urte osoko programazioari Hileko Dokumentala zikloaren bidez. Ekimen horren bitartez, generoaren zaletuek, nazioarteko beste jaialdi batzuetan sariak lortu dituzten edo aukeratuak izan diren arren, merkataritza zirkuituan ia banaketarik lortu ez duten lanez gozatzeko aukera izaten dute.

Horrela, Parallel40 banaketa etxearen eskutik, Multicine zinema aretoek zientziari, ekonomiari edo gizarteari buruzko erabateko gaurkotasuna duten gaiak lantzen dituzten dokumentalak estreinatzen dituzte.