Baziren urte batzuk Zura taldeko Xabi Strubellek (Dut-eko kide ohia) euskal literaturan XX. mendearen baitan garrantzia berezia izan duten eleberriak berrirakurtzeari ekin ziola, eta horien artean bazen bat, aurrez irakurri gabea, “bere hizkuntza lau eta kaletarragatik” atentzioa eman ziona: Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua, lehen aldiz 1957an argitaratua. Irakurtzen ari zela jada argi ikusi zuen kontua: “Garai hartan bagenituen jada zazpi-zortzi kantu itxura polita hartzen ari zirenak eta erabaki nuen ezkontza moduko hori egitea sortzen ari ginen materialaren eta liburuaren artean -azaltzen du Strubellek- eta, gainera, ikusi nuen oso aukera polita zela Txillardegiri omenaldi bat egiteko ere”, kontatu du.

Baina nola uztartu rocka eta Txillardegi? Bada oso modu logikoan, Strubellen iritziz: “Euskal literaturako lehen eleberri modernoa da Leturiaren egunkari ezkutua. Txillardegik existentzialismotik edaten du eta garrantzia hartzen du barneko ahotsak, hau da, indibiduoaren edo pertsonaiaren istorioak; egunkari baten bitartez, bakardadearen diskurtso edo narratiba bat osatzen du, eta pertsonaia hori hirian kokatzen da lehen aldiz, ordura arteko inguru landatar edo tradizionalaren idealizaziotik alde eginez. Honekin bete-betean sartzen da hiriaren problematikan”, iritzi dio Strubellek. Hain justu hor egiten dute bat rockak eta eleberriak, bere esanetan, “rockak ere asko hitz egiten baitigu hiriaz, gizabanakoaren barneko ahotsaz edota bakardadeaz”.

Sormen lana, erdibana Kantuen musika talde osoaren artean konposatu dute. Strubellez gain, gaur egungo taldea osatzen duten Hans Dieckmann (baxua), Arkaitz Amunarriz (gitarra) eta Eñaut Balentziagak (bateria) urteak zeramatzaten lokalean entseatzen, esperimentatzen eta inprobisa-tzen. Gainera, rockean murgildu dira erabat disko honetarako, Ilargi handi, zauri zarae lehen diskoko flamenko, jazz, hip-hop eta rockaren nahasketaren eta Kiribil bigarren laneko bossa doinuen ostean.

Hitzak osatzeko lana modu pertsonalagoan hartu du abeslariak. “Liburua abiapuntua izan da. Liburuko esaldiak eta irudi poetikoak hartu eta landu ditut, letrei independentzia bat emanez, ordea, beren kabuz fun-tziona dezaten”, kontatu du. Ez da hainbeste Joxeba Leturiaren istorioa kontatzea izan, “badago, liburuan bezala, bi pertsonaien arteko harreman bat, amodiozko harreman bat, baina saiatu naiz bien arteko elkarrizketa hori gaur egunera ekartzen eta rockaren estetikan kokatzen”. Letrak eskutan hartuta entzuteko disko horietakoa da Egunkari ezkutua, hala uste du Strubellek: “Niri gustatuko litzaidake jendeak letrei ere erreparatzea eta esanahi horietan murgiltzea. Uste dut % 50ean dagoela sormen lana eta horrela behar duela entzuteko orduan ere”.

Leturiaren egunkaria bezala, urtarotan antolatu dute diskoa ere. Hala, Udalehenean kokatu dituzte Zeru-lurra, Euria eta Itxaso; Udakoak dira Hipotesi txalogarriena eta Errautsak; Udazkenari eskaini dizkiote Ta heriotza, Bi hosto eta Negar Ixila, eta Neguari Lilura, Landareak eta Paris. “Hitzen aldetik eta musikalki urtaroak hor daude, baina ez dugu egin gauza bat obsesiboki kontzeptuala, ez gara horri lotu modu hertsi batean”, jakinarazi du abeslariak. Dena den, Strubellek nabarmentzen du badela momentu garrantzitsu bat diskoan, Uda, non esaten den “nola zoriontsu izan ez zuen idatzi”. “Ideia horrek badu garrantzia urtaroei begira, berak planteatzen baitu zoriontasun egoera batean ez dugula artearekiko harreman hori lantzen, zoriontasunak ez dauzkala espresiobide artistikoak. Adierazten du literatura edo musikak zoritxarra, bizi-ezina edo samina bezalako sentimenduei eran-tzuten diela. Eta hor ideia estetiko oso garrantzitsu bat planteatzen da: artea tragedia sentimendu batetik sortzen dela”.