BILBO - Hamar egunez luzatuko den Bilbao Poesia zikloa abiarazi zuten atzo Bidebarrietako liburutegian, areto berdinean belaunaldi bereko hiru idazle eta euskaltzale bilduz: Arantxa Urretabizkaia, Ibon Sarasola eta Ramon Saizarbitoria. Honela, “egun enblematikoa” bihurtu zen atzokoa, hasi aurretik solasaldia gidatu zuen Jon Kortazarrek azpimarratu zuen legez. Honela, Lur argitaletxe mitikoaren sortzaileetako hiru batu ziren Bilboko erdigunean Gabriel Aresti poeta, idazle eta euskaltzaleari buruz berba egiteko, haren bidea eta izaera gogoratzeko.

Bera nola ezagutu zuten kontatuz hasi zen berbaldia. Sarasolarentzat “oso inpaktantea” izan omen zen: “Irakurrita nuen Harri eta Herri, eta lehenengotik harritu ninduen, hasteko, eginen hitza zer zen ez bainekien. Handik bi urtetara edo, Arestik ezagutu nahi ninduela esan zidaten, eta lotu ginen, goizeko 7.30ean. Te hablaré en castellano, esan zidan, acabas de perder el premio Agora, que le hemos dado a Xabier Lete. Baina ni ezagutzeko gogoa zeukala aitortu zidan, eta modu bitxi horretan ezagutu nuen”.

Arantxa Urretabizkaiak memoriaren errotari eragin eta hura lehenengoz ikusi zueneko sentsazioa agertu zuen liburutegiko areto nagusian: “Esango nuke neska koskor batek edadeko gizon bat ezagutu zuela, baina ez zen horrela izan, nik 23 urte bainituen eta berak 37. Baina gure aitaren tankeran jan-tzita etorri zitzaidan -gorbatarik gabe, hori bai-. Durangoko Azokan suertatu zen enkontrua, 1970ean. Natxo de Feliperekin agertu zen, eta kanta batzuk kantatu zituzten. Gero, bazkaltzera joan ginen eta han ardoa coca-colarekin nahasten ikusi nuen. Esango nuke kalimotxoaren asmatzailea ere bera izan zela!”. Badirudi, garai hartan, Rioja Libre esaten ziotela demoniozko edabeari, Kortazarrek ñabartu zuen legez.

Ostera, Saizarbitoriak aurretik ezagutu zuen bilbotarra; 1963an, hain zuzen. Jarrai antzerki taldean zebilen donostiarra, aktore lanetan, eta Aresti antzerkizalea zenez, beraiengana hurbidu zen. “Gizon heldua ematen zuen, tentea, eta begiratzeko modu berezia zuen... Hasieran ez zen gizon atsegina, baina denborarekin, uste dut pertsona ezagutzera iritzi nintzela, gizon zaila baitzen”, adierazi zuen idazleak. “Beste mundukoak eta zoro bat antzerki pieza aurkeztu zigun, esanez gure pertsonaietara egokituko zuela. Pentsa, a ze oparia guretzat!”.

Sarasolari, ordea, pertsona “normala eta atsegina” begitandu zi-tzaion ezagutu zuenean, baina Saizarbitoriaren iritziz, Arestirentzat “abertzaleegiak” ziren Lur argitaletxeko gazteak, eta, dirudienez, “burgestxikiegiak ere bai”. Gainera, eta idazleak behin baino gehiagotan kontatu duenez, arazoak izan zituzten bilbotarraren idatzi batekin. “Kaniko eta Beltxitina famatua publikatu behar genion, eta pasarte batean esaten zuen euskal langileria ez zela esistitzen. Guri latza begitandu zitzaigun eta deitu egin genion, esaldi hura kendu beharra zegoela esateko, bestela ere bagenuen burges eta espainolista ospea txiki geratuko zelakoan, hura publikatuz gero. Nik deitu nion, pentsatzen nuelako banekiela bera maneiatzen, eta, jakina, ez zitzaion gustatu. Zera esan zidan, gazteleraz: Bajo tu responsabilidad. Eta kendu egin genuen esaldia. Ordutik, niri leporatu didate Aresti zentsuratzea, eta poema baten ere bota zuen nire izena, pasadizu hori aipatuz. Tira, ez nuke nahi geratu kalimotxoa asmatu zuenaren zentsore bezala”, agertu zuen, ironia tanta bat eratsiz aspaldiko jazoerari.

Gomutak gomuta, Urretabizkaiak Iparraldera egin zuen jauzi, bestelako anekdota bat kontatzeko: “Ni gidari lanetan ibiltzen nintzen askotan. Behin, Euskaltzaindiaren ba-tzar bat zela eta, berandutu egin zi-tzaien eta Arestik aipatu zuen futbol partida garrantzitsu bat zegoela telebistan, eta Bilbora heldu baino lehen amaituko zela, ez zuela ikusteko astirik izango. Ramonek bere etxea eskaini zion baina berak ez zuen telebistarik, beraz, nirera eraman nituen, Ibon, Aresti eta Meli emaztea. Dirudienez, Kopako finalen bat omen zen”.

Saizarbitoriak aipatu zuen, baita, gizon ona zela bilbotarra, “oso ona”, eta, horretaz gain, “kultura herrikoia maite zuena, zentzu antropologiko eta zabalean, gainera”. Sarasolak kontu bitxi bat gehitu zion horri, gizonaren “konpexutasuna” erakusteko: “Gehiengoarekin bat bazetorren, urduri jartzen zen. Sufritu egiten zuen kontra egiten ziotenean, baina hori atsegin zuen”. Lo gutxi egiten zuela ere gogoratu zuen Urretabizkaiak, “oso langilea zenez”, eta Kintana, Sarasola eta Arestiren arteko “eztabaida su-tsuak” ere ez ditu ahaztu: “Ez nuen gauza handirik ulertzen, baina su-tsu eztabaidatzen zutela bai”.

Pasadizoak eta anekdotak alde batera utzi eta Arestiren ekarria nabarmendu zuten Bilbon bildutako hiru idazleek. “Gizarteak zor bat du berarekin -esan zuen Urretabizkaiak-, berak bultzatu baitzuen Euskaltzaindia batasunerantz”. “Bai, horrela da -argitu zuen Sarasolak-. Niretzat Maldan behera da bere lanik onena, eta euskara batua hor dago jada”. Saizarbitoriak beste hanka batetik heldu zion kontu honi: “Gaur egun, bere inguruan dagoen erabateko adostasunak harritzen nau, garai batean jaso zituen kritika eta irainak nolakoak izan ziren ikusita. Askotan, nik akolitoarena egin nuen bere alboan, eta une larriak bizi izan genituen, bere hitzaldi batzuetan istiluak izan zirelako”.