BILBO - Izaera berezia duela esatea motz geratzea litzateke. Molde bakan eta aparteko batetik atera zen emakumezko hau; nork daki, agian Aladinoren lanparak ekarri zigun. Erpurutxuren filosofia jarraitzen du, tarteka ogi txapurrak utziz bide ertzean, sentsibilitate tanta bat duenaren esku. Badaki nagi itxurak egiten, baina ez, ez da Loti Ederra. Hori bai, ofizioak egonezina sortzen dio oraindik, artista ote den zalantzan jartzeraino. Hamazortzi urte eta gero hau! Edonola ere, kritikoak bat datoz: jardunaren poderioz irudiekin esatea lortu du, lengoaia propio eta intimoa eraikiz.
Pasatu da sariaren olatua?
-Bai. Apur bat arraroa egin zitzaidan, dei dexente, zorion asko...
Eta sariaren distirak bestelakorik ekarri dizu, esaterako, lan berririk?
-Oraingoz ez da lan enkarguetan sumatu. Ni ez naiz gauza hauetaz gehiegi fido; askotan ez dakizu zergatik gertatzen diren gauzak.
Hara, artista pasiboa!
-Datozen moduan hartu behar dira gauzak, eta kontrakoa egiten baduzu edo sentitzen ez duzuna egiten baduzu, normalean gaizki ateratzen dira. Izateko era bat da: jende askok balio du gauzak mugimenduan jar-tzeko, probokatzeko. Nik ez, nik eran-tzuteko balio dut. Ez dut atsegin gauzak bortxatzea edo probokatzea.
Lotsakorra izatearekin zerikusia izango du horrek?
-(Barreak) Ez dakit, hori ere gainditu dut apur bat. Hitzaldiak ematen ere hasi nintzen, horregatik, lotsa ken-tzeko. Bertan nire lanaz hitz egiten dut, zergatik egiten dudan, nola... Beti joaten naiz beldurrez, eta gero nahiko ondo ateratzen dira. Baina ez zait gustatzen asko egitea. Horrelako lanek errespetua ematen didate, jendeak zurekin egoteko ordaindu duelako.
Interpretazio zabala duten ilustrazioak egiten dituzu maiz. Zuk ez duzu gidoirik jarraitzen?
-Bai, testua inportantea da, horrek markatzen du bidea. Baina egiten dudana ez dut beti oso kontzienteki egiten. Ideia bat badaukat, zer kontatua-edo. Baina gero egiten dut nik ulertzen dudan moduan, eta gero ikusten duenak beste gauza bat ikusten badu, ba ondo, aberasgarria da, jakina. Bakoitzak bere ikuspuntua du eta denak dira baliagarriak.
Ipuin guztiek ez dute mezu zarratu bat.
-Hori da, eta horrek balio erantsia du. Irudiekin berdin gertatzen dela esango nuke.
Kolore beltzaren izua gainditu zenuen?
-Ez zen izua, baina ez zitzaidan gustatzen. Orain ez daukat arazorik kolore horrekin; aspaldi berreskuratu nuen.
Kolore taburik ez daukazu?
-Ez, orain ez. Tarteka kolore fuerteak erabiltzea gustatzen zait. Batzuetan kolore bat sartzeko beharra duzu, edo istorioak berak eskatzen dizu... Segun istorioa, segun nire aldartea...
Momentua inportantea da.
-Oso. Baina egia da batzuetan liburuak berak momentua aldarazten dizula.
Marraztu duzu inoiz ilustratu behar zenuen istorioa irakurri barik?
-Ez. Behin Brasildik enkargu bat jaso nuen, baina esan zidaten ez zutela testua itzuliko... Eta asko ulertzen zen, baina tarteka ez nuen ulertzen, detaileak galtzen nituen, eta nik uste inportantea dela den-dena tentuz irakur-tzea. Beraz, ezetz esan nien, ez nuela lan hori egingo. Itsu-itsuan marraztea bezala litzateke. Nahiago dut informazio guztia eduki eta gero ikusiko dut zer egin.
2011n bakarrik lan bi egin zenituela entzun nizun behin...
-Bai. Azken urteotan ez ditut liburu asko egin urtero.
Luzea izango zen lana, eta urtea.
-Batzuetan gertatzen da lan bat egin eta hortik bi urtera argitaratzea. Eta ez ditut liburuak bakarrik egiten, ba-tzuetan kartelak, portadak, tailerrak... hori ez da bibliografietan agertzen.
Baditut artista lagunak, eta bai, gehienak beti daude mila kontutan sartuta, beti erne...
-Ni ez naiz horrelakoa, ezingo nuke horrela ibili. Alderantziz ere gertatu zait: denbora asko egon beharra neure buruarekin borrokan, pentsatzen ez dudala balio honetarako, pentsa-tzen ez dudala ondo marrazten... Gero, zeure buruari errieta txiki bat egin, tontakeriarik ez esan eta atera-tzen zara zulotik. Nik, berez, horrela bizi dut ofizo hau, gora-beherekin.
Sentitu duzu inoiz terapia dela zuretzat marraztea?
-Ez naiz horretaz kontziente, baina uste dut horrela izan behar duela. Edonola ere, niretzat pintatzea edo marraztea ez da ezinbestekoa. Bidaia-tzera joaten naizenean, edo, besterik gabe, etxetik kanpora, nik ez dut gainean kuadernorik eramaten, ez dut marrazten, ez dut gogo edo behar hori sentitzen. Nagia ematen dit, baina, aldi berean, hau egingo ez banu, ez dakit zer demontre egingo nukeen.
Marta Cardenas donostiarrak 200 kuadernotik gora ditu...
-Nik ez daukat kuadernorik. Nik behar dut proposamen bat, erronka bat, abian jartzeko. Gero bai, martxan jartzen naizenean asko disfrutatzen dut, baina kanpotik datorren bultzada hori behar dut.
Orduan, marraztuko ez bazenu, zer egingo zenuke?
-Ez dakit... Nik uste dut nirea hau dela. Espero nuen gertatu zaidan guzti hau gertatzea, espero nuen lan bat, norbaitek deitzea, eta horrela izan da 18 urteotan. Bakarrik etorri da dena.
Baina, agian, garai bateko lan horiek heldu ez baziren, orain beste gauza bat egiten egongo zinateke...
-Gogoratzen dut 1992an, publizitate-agentzia batean nengoela, abuztua heldu eta ez zegoela lanik egiteko. Nire lankideak estututa zeuden, baina ni ez, lasai nengoen, ez zidan lanak kezkatzen. Hortik urte batzuetara beste agentzia batera joan nintzen, eta hilabete batzuk barru itxi egin zen, baina horrek ez ninduen kezkatu. Ordurako libururen bat egina neukan, eta gero hasi zen jendea deitzen, lan bat, beste bat... Modu oso naturalean gertatu zen. Beti izan da horrela, beti etorri izan da zerbait, nahiz eta egoera onak eta txarrak bizi izan ditudan...
Esaterako...
-Tira, hiru hilabete egiten badituzu lan batekin, eta kobratzen bada kobra-tzen dana ba... Imajina dezakezu, ezta? Oso mundu zaila da eta batzuetan larri zaude. Baina estu zaudenean, hortxe heltzen da lan bat, edo Euskadi saria, edo...
Zen bizi-filosofia daramazula iruditzen zait...
-(Barreak) Ofizio honetan momentu onak daude, eta beste batzuk ez hain onak. Esaterako, Euskadi saria birritan eman didate, eta horrek asko lagundu zidan aurrera egiten. Marrazkietatik nekez bizi daiteke.
Ez da errentagarria?
-Askotan ez. Orain, lan gutxiago egiten dut; nik uste hobeto marrazten dudala, baina larri bizi naiz. Espainiako Sari Nazionala milagrosoa izan da.
Latza da kontatzen duzuna, baina horrela dago artista asko.
-Ez dut nahi negar egin, baina bai.
Garai batean, Londreseko argitaletxe batentzako lanean ere aritu zinen. Eta utzi egin zenuen!
-Hemengoarekin konparatuta, oso ondo ordaintzen zuten. Baina dena zuzentzen zuten, gainean nituen denbora guztian, eta nik ez dut nire lanaz lotsatu nahi. Beti eztabaidatzen... Ez dut horretarako balio.
Euskal Herrian ez duzu, baina, horrelako arazorik izan, ezta?
-Ez, hain larririk ez.
Eta egindako aspaldiko liburuak, nola begiratzen dituzu gaurko begiekin?
-Ondo ez, baina normala da. Tira, momentu horretan nekiena egin nuen eta ahalik eta txukunen egiten saiatu nintzen. Ez naute lotsatzen, pentsatzen dudalako nire prozesuaren parte direla, hau da, honaino heltzeko hortik pasa behar nintzela.
Euskal Herrirako egiten duzu lan edo kanpoko enkarguak ere badituzu?
-Espainiako argitaletxeentzat egiten dut orain lanik gehiena. Euskal Herrirako gauza gutxi egin izan dut azken urteetan.
Konpetentzia ere handia da, ezta?
-Buf, duela 20 urtekoarekin konparatuz...
Tableta edo ordenagailua ez duzu erabiltzen?
-Oraingoz ez, eta ez dut uste erabiliko dudanik (bakarrik eskaneatzeko, maketatzeko).
Kontziente zara izan duzun eboluzioarekin. Nola aldatu da zure marrazkia?
-Zaila da hori definitzea, pixkanaka-pixkanaka eman den prozesua baita, modu naturalean. Eta kontatzeko era ere horrela joan da aldatzen. Orain, helduagoa da. Ni naizen modukoa naiz eta horregatik dira nire marrazkiak diren modukoak.
Eta emakumezkoak marrazten dituzu, batez ere.
-Nire etxean hiru ahizpa ginen, ama eta izeba, nire amonak ere hiru ahizpa izan zituen... Emakume asko izan gara. Eta, batez ere, emakumezkoak marrazten ditut ni emakumea naizelako. Pertsonaia ez badago definituta, bai, emakumezkoa ateratzen zait.
Errepikatzeak ez dizu beldurrik ematen?
-Bai, eta horregatik marrazten hasi baino lehen asko pentsatzen dut. Estetika ondo pentsatu, idea... Batzuetan badakizu egin nahi duzun hori egin duzula, edo antzerako zerbait marraztu duzula, eta hor pizten da argi gorria.
Marrazten jartzen zarenean, ez duzu ikusle posible bat irudikatzen, hau da, ez duzu pertsona konkretu batentzat marrazten?
-Askotan testuak berak eramaten zaitu. Badaude jenioak, irakurleekin berehala konektatzeko gaitasuna dutenak. Nik ez dut hori kontzienteki egiten. Kontutan hartu behar da jende guztia, baina... ze jende? Eta irakurlea nor den jakinda ere, zuk ez duzu irakurleari begira sortu behar.
Familiatik datorkizu marraztearena? Zure aitona, aita...
-Nire aitak ondo marrazten zuen, bai, eta argazkilari ona ere bazen. Eta nire amaren aitak, aitonak, oso ondo marrazten zuen.
Beti marraztu izan duzu ondo?
-Tira, horrela esatea... Esan dezagun beti marraztu dudala.
Uste duzu garatu duzula estilo propio bat?
-Egiten dut egin behar dudana. Estiloa askotan estetikarekin lotzen da, eta harago doan gauza bat dela esango nuke. Estetika kopiatu daiteke, baina estiloa ez. Estetika hutsa gauza hotz bat da gehienetan. Eta estiloa da estetika, bai, baina zure kontatzeko era ere bai, eta hori propioa da, kopia-tzeko zailagoa. Badut hori edo ez dut? Nik esatea...
Baina izango dituzu erreferentzia batzuk arte munduan, literaturan, argazkilaritzan... Nondik elikatzen da zure irudimena?
-Bizitzatik, batez ere. Eta gero estiloak zure nortasunarekin ere badu zerikusia. Gauza guztiek laguntzen dute irudimena elikatzen, ez bakarrik arteak.
Zen filosofia horri jarraika, pentsa-tzen dut ez zaudela etorkizunarekin gehiegi kezkatuta. Erratuta nago?
-Ez nago hain lasai, ez pentsa. Beldurra badaukat, baina beldurra beharrezkoa da, eta badakit hortik zerbait aterako dela. Nik ez dut inoiz lana bilatu, eta etorri zait. Beraz, zergatik ez fidatu horretaz? Baina batzuetan konfidantza hori galtzen duzu... Eta sari hau momentu onean heldu zait.
Lan gutxi dago ilustratzaileentzat?
-Ezin dut besteen izenean hitz egin, baina askorik ez. Gero bai, baduzu salmenten portzentaia bat jasotzerik, %5a, pixkat gehiago batzuetan... baina, gutxi saltzen bada? Zaila da gure lanari etekina ateratzea, eta ez dakit gauzak beste modu batera egiten, ezin ditut bizpahiru lan batera egin.
Dibertsifikatu egiten dira marrazkilariak, komikiak eginez, publizitate agentzietarako lanak eginez...
-Nik ezingo nuke komiki bat egin, ez dakit hori egiten. Bakoitzak balio du balio duenerako. Gauza asko egin litezke, bai, baina ni desastre samarra naiz kontu horretan. Onartzen dut: kostatzen zait mugitzea.
‘Eguberria’ da zure lanik gustukoena?
-Asko maite dut liburu hori, asko zaindu zuten Nerea argitaletxean, Juan Kruz Igerabideren testuak zoragarriak dira... Ipuin klasikoei ere eman nien urte bete, argitaletxe berdinarentzat; ea aurten ateratzen den...