donostia- Alizia herrialdi miresgarrian nobela ospetsua da jada, eta Alizia, untxia eta Bihotz Erregina, besteak beste, pertsonaia ezagunak dira guztiontzat. Lewis Carrollek idatzitako liburuaren jatorrizko idazlanaren 150. urteurrena dela ospatzeko, Pamiela argitaletxeak istorio hau ekarri du berriro gogora euskarazko edizio berezi batekin.

Kasu honetan, Manu López Gasenik itzuli du obra, haur eta gazte literaturaren inguruko idazle eta ikertzaile lanetan aritzen baita, eta Lewis Carrollen obra ezagunen euskarazko edizioak prestatu ditu.

Bestalde, liburuan koloreztaturik ageri diren irudiak John Tenniel irudigile ingelesak prestatu zituen Alizia haurrentzat libururako. Liburu zaharberritu eta eguneratu hau kolorez betea dago bere 144 orrialdeetan zehar. 18 euroren truke dago salgai edizio berezi hau.

Haur literaturaren funtzio didaktiko-morala indar handiz berreskuratu nahi duten garai hauetan, Aliziaren abentura petoak berritu ahal izatea uda betean Tamesis ibaian ibiltzea bezain freskagarria da.

Aliziaren ustezko ametsak haur guztien barruan bizi den kontraesana islatzen du: helduaroa sinbolizatzen duen lorategi ederrera iristeko gogoa, baina, behin han dagoela, helduen apetak zein itxuragabe eta onargaitzak diren ohartuta, haien aurka matxinatzea.

“Horregatik da Alizia hain maitatua munduan, eta horregatik haur-bihotza daukaten irakurle oro behin eta berriz itzultzen dira herrialde miresgarrira”, diote Pamielakoek. - N.G.