BILBAO. Filmaren aurkezpena FANT 21en amaiera ekitaldiaren barruan izango da, maiatzaren 15ean, 20:00etatik aurrera, Kale Nagusiko BBK Aretoan. Ohikoa denez, ekitaldian aurtengo edizioko sariak banatuko dira, eta, Eduardo Casanova zuzendari eta antzezlearen azken lana den "La hora del baño" film laburra ere eskainiko da.
"Asesinos inocentes" Gonzalo Bendala zinemagile sevillarraren fikziozko lehenengo film luzea da. Nazioartean, Miami International Film Festival zinemaldia aurkeztu zen, eta Malagako 18. Zinemaldiaren Sail Ofizialean parte hartu zuen umore beltzez beteriko suspentse klasikoko filmak.
Filmaren protagonistak Maxi Iglesias, Aura Garrido -Fantrobia 2013 sariaren irabazlea-, Manolo Solo, Lucho Fernández eta Miguel Angel Solá dira. Francisco Garralda (Maxi Iglesias) arazo ekonomiko larriak dituen unibertsitateko ikasle arduragabea da. Ezinbestekoa zaio lizentziatzea, eta Sebastián Espinosa (Miguel Angel Solá) bere psikologia irakasleak azterketak gainditzea eskainiko dio, horren ordez bere ikasleak graduazioko azken lana egitea onartzen badu: irakaslea bera hiltzea.
GONZALO BENDALA
Gonzalo Bendala (Sevilla, 1978) ekoizle, zuzendari eta gidoilariak Aralan Films sortu zuen 2004an, Marta Velascorekin, eta bere proiektu gehienak ekoiztetxe horrekin egin ditu. Zinemagile gisa egin dituen lanen artean daude "Penumbra 3D: el desafortunado reencuentro de Larry y Bird" film laburra (Goya 2012 sarietarako aurreaukeratua), "Spain in different" (2009) umorezko seriearen atal pilotua, "Descubriendo a Colón" (2008) eta "La Guerra Civil en Andalucía" (2007) serie dokumentalen fikziozko errekreazioak, eta "Feliz Navidad" (2007), "Penumbra" (2006), "Días Rojos" (2004) eta "El Orgullo" (2002) film laburrak.
Ekoizle gisa egin duen lanaren barruan azpimarragarriak dira "Los niños salvajes" (2012) film luzea eta "Espagueti Western" (2008) film labur animatua. Lan horrek 2009ko Goya sarietarako izendapena jaso zuen eta gidoilaria eta zuzendari artistikoa ere bera da.
Beste alde batetik, FANTek Scarlett Johansson protagonista duen Jonathan Glazerren "Under the skin" (Erresuma Batua, 2013) lanaren emanaldi berezia antolatu du. Nazioarteko kritikaren arabera, 2014ko film hoberenetakoa izan zen, eta zinemaldietan ikusi ahal izan da -ia zinemaldietan soilik-. 30 sari baino gehiago jaso ditu.
Sinopsiari dagokionez, alien batek emakume erakargarri baten (Scarlett Johansson) itxura hartu eta Eskoziako kaleetatik gora eta behera ibiliko da, gizon bakarti eta fidakorrak euren amaierara eramanez, Michel Faberren izen bereko eleberriaren moldaketa surrealistan. Saioa maiatzaren 14an izango da, 20:00etan, Golem - Alhondigako auditoriumean.