donostia - Azken urteotan nobela beltz ugari kaleratzen diren arren, genero horretakoa izateak ez du ezer bermatzen Jon Alonso idazlearen ustetan. Hala ere, Martin eta Xabier Etxeberriaren azken eleberria “bikain” idatzita dagoela adierazi zuen atzo liburuaren aurkezpenean.
Gizon gogorraren sekretua (Elkar) Donostiako inguruko gune industrial batean kokatzen da, eta istorioa inauterietan gertatzen da. Heroi bihurtzen den gizon gogor baten istorioa da, Errerena. Inauteriak hastearekin batera, bizi den biltegiaren ondoko lantegian hilotz bat aurkitu dute, urkatuta, kolpatuta eta zaurituta, biluzik eta belarria eta zakila moztuta. Erreri, bezperako mozkorraldiaren ondorengo ajeak arrazoia lainotu dio eta hilketarekin zerikusirik izan dezakeela bururatu zaionetik, ez du bakerik. Sumatu ere egin gabe, heriotzaren errudunen peskizan nahastuko da.
Xabier Mendiguren editoreak esan zuenez, trama ona dauka liburuak, eta Etxeberria anaiek pertsonaiak sortzen dakitela erakutsi dute. “Protagonista, adibidez, erdi zintzo eta erdi zinikoa da, eta beste pertsonaia batzuk ere oso interesgarriak dira”, gaineratu zuen. Alonsok, bestalde, behar den idazkera erabili dutela nabarmendu zuen, “irudi egoki eta eleganteak dituzte, eta metafora ugari ere bai”. - M.E.