BILBO - Gatazkak, edo hobeto esanda, horien aurrean erakusten dugun jarrera du hizpide Katixa Agirreren lan berriak. Sua falta zaigu (2007) eta Habitat (2009) ipuinen ostean, gai hori plazaratzen du gasteiztarrak Atertu arte itxaron (Elkar) eleberrian.
“Ez dut esango ideia-nobela bat denik, nire ideiak plazaratu nahi nituenik, baina badago kezka bat: gatazka baten aurrean zer-nolako jokaera daukagun”, laburbildu zuen Agirrek lanaren aurkezpenean. Kezka hori kontakizunaren erdigune bihurtu du berak, eta liburu osoan zehar landu, bikote baten bidaia aitzakia gisa hartuta.
Ulia eta Gustavok kotxez egindako ibilbideak ematen dio hasiera Euskal Herria agertoki nagusi duen Road movie gisako eleberriari, eta bidaia horixe da, hain zuzen, hari ezberdinak elkarlotuz eraikitako istorioaren erdigunea.
Euskalduna da Ulia, eta bere sorterria erakutsi nahi dio bikotekideari, euskal txokoetan murgildu. Turismoa egiteko hasierako asmo horrek, ordea, haien arteko gatazka azaleratuko duela aurreratu du idazleak, eta arazoei aurre egin beharrean horiek ahazten eta aurrera egiten saiatuko direla gaineratu du. Atertu arte itxaron, alegia, tituluak dioen bezala.
Bigarren mailako errepideetan egindako kilometro kontaezinez gain badaude, esan bezala, kontakizuna ehuntzen duten bestelako hari batzuk. Horietako bat Benjamin Britten musikari eta konpositore bakezaleari dagokio, protagonista lantzen ari den tesiaren bidez irakurlearenganaino heltzen dena. Eta kasu honetan ere, Brittenen istorioak gatazka du hizpide. Izan ere, II. Mundu Gerraren garaian eta belaunaldiko kide gehienek egindakoaren aurka, musikari ezkertiar hau gudara joatearen aurka agertu zela azaldu zuen Agirrek, bizitako gatazkari aurre egiteko beste era baten erakusle, bere hitzetan.
ZUBIA Hirugarren zutabea, Uliaren gurasoekin lotura zuzena duena, “iraganetik gaur egunera arte” doala aipatu zuen egileak. Gasteizen, 1976ko martxoaren 3ko gertaeretan ezagutu zuten elkar, eta ordutik aurrera harreman “oso gorabeheratsua” bizi izan dutela gaineratu zuen, euskal gatazka politikoak erabat baldintzatua. “Guztiok bizi izan ditugu euskal gatazkaren ondorioak, eta kasu honetan protagonistari oso gertutik bizitzea egokitu zaio. Nola aurre egin iragan horri? Nola jokatu horren aurrean?”, galdegiten zion bere buruari idazleak.
Lerroak eta orriak aurrera doazen heinean, 76ko martxotik 2011ko martxora egiten du salto gasteiztarrak, daten artean zubi bat eraikiz eta bi belaunaldi ezberdinen maitasun istorioaren arteko paralelismoa osatuz: Madrilgo martxoaren 11ko atentatuetan ezagutu zuten elkar Uliak eta Gustavok, neskaren gurasoen istorioa gogora ekarriz.
Gertaera horrek beregan aztarna nabaria utzi zuela aitortu zuen atzokoan liburuaren egileak, hirian bizitzen harrapatu baitzuen erasoak. Hori dela eta, gaiaren inguruko ipuin bat idazteari ekin zion, argia ikusi ez duena, baina inspirazio-iturri gisa jokatu duena.
Gai ugari jorratzen ditu Katixa Agirreren lehen eleberriak, konta-tzeko moduak ere anitzak direlarik. Uliaren ahots protagonistarekin egiten du topo irakurleak, baina neskarena ez da mintzo bakarra, egileak argitu zuen bezala. “Liburua bigarren eta lehenengo pertsonan idatzita dago, Uliak bere gizonari idazten dion kontakizuna delako eta batzuetan bere buruarentzako ari da. Besteetan, berriz, hari zuzentzen zaio eta elkarrekin egindako bidaia gogoratzen du”, zehaztu zuen, bigarren pertsonaren errekurtsoa idazketa-prozesuan zehar garatzen joan zela aipatuz.
Besteen istorioak eraiki eta kontatzeko, halaber, hirugarren pertsona ere badarabil protagonistak, Agirrek Euskal Herriko txokoetan zehar egiten duen “bidaia sentimental” horretan.