BILBAO. Maite Goñi ondo ezaguna da euskal komunitatean, sare sozialetan @euskaljakintza bezala are ezagunagoa bada ere. Hezkun-tza, teknologia berriak, euskara eta hitzak ditu maite, eta, bere egunerokotasunean, laurak uztartzea lortu du. “Konturatu naiz bizitzan erraza dela egitasmoak uztartzea eta aurrera eramatea, baldin eta pasioz egiten badira. Eta nik egiten dudanagatik pasioa sentitzen dut”, aitortu du.

Mondragon Unibertsitatean eta Jakintza Ikastolan lan egiteaz gain, hainbat proiektutan murgilduta dago Goñi, besteak beste, Gaurko Hitza, Euskal Jakintza, Hitzapasa eta Esaera Jatorrak ekimenetan. Guztietan, informazioa eta jakintza partekatzen saiatzen da, hori baita, bere ustez, gizarte aurreratuen ezaugarrietako bat: “Gaur egun, gizarteak aurrera egingo badu, nahitaezkoa da Informazio eta Komunikazio Teknologiek (IKT) ematen dizkiguten aukerak aprobetxatzea jakintza, edukiak eta baliabideak denon eskura ipintzeko”. Izan ere, hezkuntza erakunde baten helburuetako bat horixe izan behar dela nabarmendu du Goñik: “Denon diruz lagundutako ekimenak denon eskura egon beharko liratekeela bete-betean sinesten dut. Denon artean gauza asko egin ditzakegu”.

Sarean dagoeneko topa ditzakegun ekimen horien adibideak aipatu ditu Goñik, elkarlanean euskaratutako aplikazioak, filmak edo Wikipedian egindako ekarpenak, kasu. Hala ere, sareko errealitate hori Hezkuntzan oraindik ez dela islatzen ohartarazi du Goñik. “Teknologia digitala modan zegoen zerbait bezala bizi izan da, eta beldur naiz irakasle askok moda hori pasatu den sentsazioa ez ote duen”, agertu du. Hortaz, azken urteetan IKTak eta Ikaskun-tza eta Ezagutza Teknologiak helburu didaktikoen mesedean jar-tzeko egindako saiakerek kale egin dutela uste du Goñik. Gainera, hainbat kasutan, etxea “teilatutik eraikitzen” hasi garela iruditu zaio. “Ordenagailuak iritsi ziren baina, askotan, ikasleria ez zegoen prestatuta IKTak helburu didaktikoekin erabiltzeko, pedagogia berritzeko, hots, ikuspegi berri batekin lanean aritzeko”.

Elkarlana eta partaidetza Errealitatea hobetu badaiteke ere, baikor da Goñi, partekatzearen kultura hedatzen ari dela uste baitu. Bide horretan, elkarlana eta partaidetza sustatzeaz gain, IKTek ikaskuntza-irakaskuntza prozesua ikuspegi berritzaile batetik eraiki-tzeko aukera eskaintzen dutela uste du. “Ez dago irakasleon esku IKTak erabiltzea. Gure ikasleak XXI. mendeari dagokion moduan hezi ezean, nekez moldatuko dira profesionalki zein maila pertsonalean bizitzea egokitu zaien garaietara. Horretarako konpetentzia digitala ezinbestekoa da”, ohartarazi du Mondragon Unibertsitateko irakasleak. Prozesu horretan, IKTek ezagutza denon artean eraikitzeko aukera eskain-tzen dutela nabarmendu du Goñik, eta baita irakaskuntzaren ohiko hierarkia apurtzeko tresnek ere. “Finean, elkarlanean aritzeko aukera ematen digute, besteak beste, ezagutza, informazioa eta edukiak partekatzeko”, adierazi du.

Baina, IKTen onurei etekina atera ahal izateko, IKTak erabiltzen jakin behar da, hau da, ikasleei konpetentzia digitala eskuratzeko aukera eman behar zaiela defendatzen du Goñik. “Gailuekin aritzeko trebezia handia izan arren, gaur egungo ikasleak ez dira natibo digitalak. Jaiotzean ez dakite zer den informazioa bilatzea, sailkatzea, kudea-tzea eta informazio horrekin kritikoa izatea. Horixe da erakutsi behar zaiena”, azpimarratu du. Gainera, egungo ikasleak oraindik asmatu ez diren lanbideetarako prestatzen ari garela ohartarazi du Goñik. “Titulu bat izateaz gain, jakin-mina, taldean lan egiten jakitea eta etengabe ikasten jarraitzeko gaitasuna gero eta gehiago aintzat hartzen dira”, gogorarazi du. Bide horretan, Internetek eta harreman sareek formazio aukera berriak eskaintzen dituzte, Massive Open Online Course bezalako ekimenak, kasu. “Aukera horiek ere aprobetxatu behar dira”, adierazi du.