Durangoko Azokan an-tzerkiak badu tokirik, eta hori Szenatokia da. Arte Eszenikoen plaza San Agustin Kultur Gunea izaten ari da egunotan, eta bertan, euskal antzerkigintzan lantzen ari diren egitasmoak plazaratzeko tartea izan dute sortzaileek. Atzo, esaterako, urtetik urtera geroz eta arrakasta gehiago duen An-tzerki Maratoia egin zen. Bertan, zortzi antzerki taldek beraien azken lanen zati bana taularatu zuten. Ostean, publikoarekin iritziak elkartrukatzeko tartea ere izan zuten.
Zuzeneko antzerki emanaldiak eskaintzeaz gain, baina, antzerkiaren inguruan hausnartzeko eta une honetan talde bakoitza garatzen ari den proiektuen berri emateko espazioa ere izaten ari da Szenatokia. Hala, larunbatean, “Kafea eta Berbak” izeneko topaketa egin zen kulturguneko hall-ean. Bertan, kafe baten bueltan eserita, aurtengo Zubi eta Mugalariak deialdietako irabazleak elkartu ziren, eta epe laburrean taularatuko dituzten an-tzezlanen sorkuntza prozesua izan zuten hizpide.
Beraien sortze prozesuan bost proiektu artistiko lagunduko ditu aurten Mugalariak ekimenak: Elirale konpainiaren Satie-ka, Dantzaz taldearen Txoriak, Artedramaren Etxekoak, Rouge Elearen Zuek eta Itziar Eliasen Eskutitzak. Bere aldetik, Zubi proiektuak antzezlan bat lagunduko du nagusiki, eta hori Lauka antzerki talde sortu berriak Ander Lipusen laguntzaz taularatuko duen Amodioaren ziega izango da. Dena den, eta modu apalagoan bada ere, beste hiru lan ere lagunduko ditu Zubi proiektuak: Metrokoadroka Kolektiboaren Su izan nahi, Ze Onda Antzerkiak taldearen Itsasoari negar eta Hautsi konpainiaren Arrautza, hain zuzen.
Amodioaren ziega antzezlana Xabier Mendiguren Elizegiren izen bereko liburuan oinarritzen da, eta kartzelako ziega batean giroturiko istorio hunkigarria kontatzen du. “Gaurkotasunezko egoera bat, egoera sozio-politiko konkretu bat” kontatzen du lan honek, aktoreek azaldu zutenez. Kartzela bateko bis a bis bat da istorioaren ardatza, eta bikote bat protagonista (Aitor eta Miren). Bata presoa da eta bestea bisitan doakion bikotekidea. Hala, “egoeran harrapatuta, ihes egin ezinik, aske izateko eta bizirik sentitzeko eskubideagatik borrokatzen dute biek ala biek”, jakinarazi zuten Lauka antzerki taldeko kideek.
Durangaldeko eta Zarauzko lau aktore gaztek sortu duten talde berria dugu Lauka taldea: Nazaret Froufre, Urki Muguruza, Joana Ocaña eta Eneko Sagardoy. Gazteak badira ere, badute eskarmentua an-tzerkian. Hain justu, Artedramak Aulestin antolatzen dituen antzerki jardunaldietan landu zuten lehen aldiz Amodioaren ziega testua, ikastaroetan planteatutako ariketen bitartez. Horren harira sortutako materialekin gustura gelditu eta elkarrekin proiektu hau gauzatzeko ideia lantzeari ekin zioten. Orain, aukera honi esker, lehenengo aldiz eszenaratuko dute lana. Gainera, eta antzezlanaren zuzendaritza taldean egingo duten arren, Ander Lipus aktore eta antzerki zuzendaria izango dute laguntzaile.
ANTZERKIA BULTZATUZ Euskal Herriko zortzi eragilek osatzen dute gaur egun Zubi proiektua: Artedrama arte eszenikoen plataforma, Luhusoko Hameka Karrikako Arteen Fabrika, Durangoko San Agustin Kultur Gunea, Kultur Leioa, Zornotza aretoa, Baxe Nafarroako Herri Antzokia, Zumaiako Udala eta Elorrioko Arriola aretoa. Guztien artean euskal antzezlanak bultza-tzea dute xede, sorkuntza fase guztietan, proiektuaren sorretatik abiatu eta antzezlanak hedatzeko fasera arte. Iaz aurkeztu zen Zubi deialdiari esker sortutako lehenengo lana, Eneritz Artetxe aktoreak gidatutako Dxusturi Teatroaren Konpota antzezlana.