azoka barrutik begiratzea da kontu bat, eta beste bat litzateke kanpotik begira-tzea. Euskal kulturarekin ere gerta daiteke, periferiatik bestelako ñabardunak suma daitezkeelako, kukuluan dagoenak atzematen ez dituenak. Horregatik, 49. aldi honetan, Azokari kanpotik eta barrutik begiratzeko ahaleginak zabaldu dira.

Goizean goiz, prensa bulegoa ikaslez gainezka zegoen. Soziologiako kimu berriek, Karmelo Landa akuilari eta begirale zutela, Azokaren ertzak aztertzen ibili ziren, elkarrizketak eta datuak bilduz. “Badaramatzaguz bi urte kontu honekin”, zioen zurrunbiloaren erdian Eako irakasleak, “eta helburua da hemen urtean behin gerta-tzen dena aztertzea”. Ikerketa honekin, euskara eta euskal kulturaren presentzia bera indartu nahi lukete, baina Azokatik harago. “Euskara egoera diglosiko batean egonda, arazoak ditu bere burua agertzeko, eta hemen, giro honetan sortzen da egunerokotasunean beharko genukeen kultur sistema. Finean, hau laborategi bat da, baina hau bera urtean zehar nola zabaldu da gure kezka”, gaineratu zuen Landak. Ikerketaren emaitza datorren urterako agindu dute.

Hori kanpotik barrura, baina alderantzizko bidea ere proposatu du aurtengo Azokak, gogoetarako plaza berria ezarriz Areto Nagusian. Goizez, Iñigo Astiz poeta eta kazetariarekin mintzatu zen Fermin Muguruza. Gai nagusia: euskararen hautua sorkuntzan. Musikari eta zinegileak bere biografia arakatu behar izan zuen eta 80ko hamarkadan zehar bidaia txiki bat egin, hortxe erabaki baitzuen euskaraz kantatu behar zuela. Horretarako, jakina, euskara ikasi zuen. Bere hautua politiko-kulturala izan zela gogoratu zuen, hasierako kantarik gehienak gaztelaniaz egiten baitzituzten; Kortaturen hirugarren diskoa -Kolpez Kolpe- izan zen euskaraz grabatu zuten lehena. Baina, nork bultzatu zuen Fermin hautu hori egitera? Bada, Susa aldizkari eta argitaletxearen inguruan zebilen jendeak: “Gorka Arrese, Mikel Antza, Xabier Montoia? Beraiek bultzatu ninduten”.

Baina beste ezaugarri bat ere badu Muguruzaren ibilbideak: independentziarena. Berak honela azaldu zuen bere bizitzako bigarren hautua: “Bere garaian, Itoizek eta Negu Gorriak-ek izan zuten multinazional batekin sinatzeko aukera, eta ez zuten sinatu. Independen-tzia horrek egiten du berezi euskal musika, eta sortzaileen indarrak. Eta ni lerro independente horretan kokatu izan naiz beti, hor dagoen musika zirkuitoan”. Muguruzak gai anitz jorratu zituen, baina hedabide publikoekin zerikusia duen kontu batekin zarratu zuen solasaldia: “ETBn euskal musika jorratzen duen programarik ez dugu. Izugarria, ezta?”.

Kanpoan hotz, barruan bero. Eguerdiko saiorako sauna handi baten itxura hartu zuen Areto Nagusiak. Atxaga eta Anarik ere jendaurrean azaldu zuten beraien hizkuntza hautua, Astizek berak xaxatuta. Bi kontuk eragin zioten Atxagari: Batetik, inguruneak, “ingurune erabat euskaldunak”; baina, bestetik, Bilbon deskubritu zuenak: “Euskal Kultur Mintegi bat zegoen eta hantxe entzun nituen Aresti, Kintana edo Lopategi. Nire etxeko hizkuntzak errealitate sozial eta kultural bat bazuela ikusi nuen han”. Gutxik dakitena da Atxagak gaztelaniaz publikatu zuela bere lehen testua, hain zuzen, El Norte de Castilla-n, “orduan ia ezinezkoa baitzen euskaraz ezer plazaratzea”.

Nahiz eta azkoitiarra izan, Anarik erdarazko erreferentziak zituen gazte denboran; honela, “espainolez” idazten zuen “eta sasi-ingelesez kantatu”. Baina dena aldatu omen zen Ruper Ordorika “ni puta bat naiz” oihukatu zuen ezkontza despedidan kantatzen entzun zuenean. “Geroago kontrako bidetik zetorren Fermin Muguruza ezagutu nuen. Beraz, hautua ez da behin egiten, beti egiten joan behar duzun kontu bat da”, esan zuen abeslariak.