donostia - Imanol Larzabalek Euskal Herriko kantari ugari bilduko ditu datorren igandean. Duela hamar urte zendu zen abeslari donostiarra, eta urtemuga borobil hau aprobetxatuz, kontzertu handi bat antolatu dute Victoria Eugenia Antzokian, generazio eta lurralde ugarietako musikariekin. Hitzordua 19.00etan hasiko da, eta eskerrak emateko aitzakia ona da parte hartuko duten artisten iritziz.
“Imanol kantari handi bat zen eta lan artistiko ederra utzi zuen”, adierazi zuen atzo Joxe Anjel Arbelaitz AM Kultur Promotoreko arduradunak. Jaialdi bat egitea otu zitzaion eta Joxean Bengoetxea musikariarekin harremanetan jarri zen. “Laguntzeko prest agertu zen eta berehala hasi ginen Euskal Herriko abeslari on askorekin hitz egiten”, azaldu zuen. Horrela, “inoiz ikusi ez diren ikuskizunak” izango dira taula gainean. Adibidez, Zuberoako talde bat elkartuko da, guztiak 60 urtetik gorakoak. “Momentu historikoa izango da”, onartu zuen Arbelaitzek.
Imanolen abestiak eta kanta herrikoiak izango dira protagonistak jaialdi honetan. Antton Valverde, Erramun Martikorena, Mikel Markez, Pier Paul Berzaitz, Amaia Zubiria, Jabier Muguruza, Felipe Juaristi edo Napoka Iria bezalako artistek hartuko dute parte hitzorduan, eta beren arteko ezohiko elkarketak ikusi ahal izango dira. Errepertorio aldetik, denetarik egongo da. “Zatika banatuko dira abestiak”, azaldu zuen Joxean Bengoetxeak. Alde batetik, poetekin izandako harremana azalduko da, euskal musika herrikoiarekin izandakoa, baita bere alde pikaroa ere, eta azkenik, kantu sozialak eta ideologikoak. Musikalki ere tratamendu ezberdina izango dute. Abesti batzuk a capela kantatuko dituzte, beste batzuetan musikarekin. “Batzuetan bateria ere izango da”, azaldu zuen Bengoetxeak, Imanolekin jo zuen bateria bakarra, Mitxel Longarón, bertan egongo dela argituz. Hala ere, Imanolen estiloa errespetatuko dutela azpimarratu zuten. “Bere ekarpenak hemendik aurrera zerbait gehiago ekarri behar du”, adierazi zuen Bengoetxeak, eta gainera, generazio berriei zubia egitea “gure ardura” dela gehitu zuen. Bere iritziz, ziur asko, hemendik urte batzuetara azken 50 urteetako euskal musikagintza ikastoletan ikasiko da, eta “Imanolek kapitulu oso bat izango du”.
Musikariak ere pozik agertu ziren ekimenean parte hartzeagatik. Miren Narbaiza Napoka Iria taldeko kidea da partehartzaile gazteenetako bat. “Txikitatik etxean asko en-tzun da Imanolen musika, beraz, oso pozik gaude”, azaldu zuen. Jabier Muguruza musikariari ere oso ideia ona iruditu zitzaion omenaldi hau. “Urte hauetan irakurri ditudan Imanolen erretratuak ez zaizkit osoak iruditu, oso lan zaila baita bera den guztia testu batean borobiltzea -esan zuen-. Musikarekin, nik uste dut hobeto asmatuko dugula”.