BILBO - Fermin Muguruza urakanak bazterrak harrotu zituen atzo Bilboko erdialdean. Musikari eta zinemagile irundarrak Alondegian aurkeztu zuen bere azken lana, Black is Beltza, Harkaitz Cano eta Jorge Aldereterekin batera ondu duen nobela grafikoa. “Manex Unanue euskalduna da protagonista. Manex emakume kubatar batekin ezkontzen da eta Kuban agindu bat jasotzen du: black panter bat atera behar du Ameriketako Estatu Batuetatik. Eta hor korapilatzen da dena”, esan zuen Muguruzak.

Abentura berri honen lehen txinparta, baina, duela bost urte piztu zen, Muguruzak Euskaldunon Egunkarian ikusitako albiste baten harira: “Duela hamalau urte irakurri nuen notizia, 1965ekoa. Argazkian, Iruñeko erraldoien konpartsa agertzen zen, San Ferminetako ohiko irudia, New Yorkeko 5. Etorbidetik desfilatzen ari zela. Argazki-oinean irakur zitekeenez, bi erraldoi beltzei debekua ezarri zieten desfilatzeko, arrazakeriagatik istiluak zirela eta. Eta hor segidan sumatu nuen istorio baten abiapuntua, animaziozko pelikula bat izan zitekeena”, kontatu zuen gipuzkoarrak atzo.

Esan eta ekin. Harkaitz Cano idazlea eta Jorge Alderete ilustratzailea hartu zituen bidaide, eta hiru urteko ibilbidea bete ostean, kalean da Black is Beltza, hasieran euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta katalanez editatuko dena. “Mexikarrez ere badoa, hango gaztelania berezia baita oso. Laster bertara joango gara, nobela aurkeztera”, gaineratu zuen musikariak. Azken hilabeteotan, proiektua puzten joan da apurka-apurka, eta erakusketa bat ekarri du erreskan. “20-30 lagunek osatzen duen lan-taldeak parte hartu du proiektuan, eta erabat entregatu dira denak. Azkenean, erakusketa eta ekintza paralelo ugari antolatu ditugu, Alondegiaren lagun-tzaz, otsailaren 8a bitartean luzatuko direnak”, adierazi zuen Muguruzak.

Erakusketa dagoen bitartean, jarduera ugari egingo da horretarako propio atondutako gunean, eta lagungarriak izango dira proiektua osorik ulertzeko. Besteak beste, Muguruzak berak zuzendutako solasaldi musikatuak antolatu dira, hainbat artistaren master class-ak (Alderete bera izango da tartean), sukaldaritzako saioak, hitzaldiak, proiekzioak...

canoren itzala Proiektua bururatu zitzaionean, Muguruzak Harkaitz Cano idazleari eskatu zion laguntza, eta honek aitortu du baietza eman behar izan ziola: “Gidoiak egitearena baztertuta neukan, erabakita neukan gehiago ez egitea, bat bera ere ez bai-tzen ateratzen, baina Ferminek ideia azaldu zidan eta... Badakizue nolakoa den, ezin zaio ezetzik esan (barreak). Istorioak hasieratik gatibatu ninduen; kapa asko ditu: kapa historikoa, politikoa, musikala, iraultzailea... Eta era berean thriller bat da”.

Jorge Alderete ilustratzaile argentinarra ere pozik agertu zen, pro-iektuan parte hartu izanaz harro: “Nire lehen komikia izan da, baina hurbilekoa dut komikiaren lengoaia. Erraza egin zitzaidan gidoia komiki bihurtzea. Niretzat esperientzia txundigarria izan da, bidean jende zoragarria ezagutu dudalako, tartean Emory Douglas handia”.

Gertaera historiko bat abiapuntu hartuta (Iruñeako erraldoiena), Muguruzak komikiko pertsonaia nagusiaren kontakizuna eraikitzen du, hots, Manex Unanuerena. Gazte horren begirada hartuta, kontakizunak zehatz azaltzen ditu 60ko hamarkadaren erdialdeko asalduzko garaietan izan ziren gertaera nagusiak: Malcolm X-en heriotzak eragindako arrazagatiko istiluak, Andy Warholen The Factory mitikoko pertsonaien nabarmenkeriak, Kubako Inteligentzia Dibisioko zerbitzu sekretuen eta Estatu Batuetako Black Panthers-en arteko itunak, garai hartako musika-jaialdiak blaitu zituen psikodelia proto-hippiea, Gerra Hotzean bi bandoetako espioiek izan zituzten interes-jokoak, Cheren espiritua Kongon eta Aljerian eta Bolivian izandako heriotza, eta bertoko backyard-a: Francoren diktadura zahar-okitua eta grisa. Beraz, fikzioa eta errealitatea nahasten dituen istorioa, amodioa, iraultza eta espioitza mintzagai hartuta. Soinu-banda etengabe agertzen da, atzeko oihal baten gisa, eta era grafikoan ere ematen da aditzera, garai hartako giroan murgilarazteko.

Ostera, erakusketak bidaia paralelo bat eskaintzen dio bisitariari, Manexen abenturak gidatzen dutela. Black is Beltzako protagonistak 50 urte lehenago ezagututako herrialdeetan barrena eramango du ikuslea. Horrez gain, proiektuko hainbat fasetan zuzen edo zeharka erabili den materiala bildu da: egileak istorioa egituratzeko laguntza moduan izan dituen argazki-artxiboak, jatorrizko marrazkiak eta ikus-entzunezko materialak.

Kalean da komikia, erakusketa abian, baina, eta animaziozko film amestua? “Jakina, azken helburua hori egitea litzateke. Ez dugu baztertu”, esan zuen Muguruzak Alondegian, mehatxu tonua erabiliz.