Haur literaturan zenbait ipuin plazaratu ostean, helduentzako lehen liburuarekin dator Alaine Agirre (Bermeo, 1990). Odol mamituak eleberrian emakume baten gaixotze mentala, ospitale psikiatriko batean sartzea eta ondorengo sendatze neke-tsua kontatu ditu, bere gordinean.

Gaitz psikologiko batek jota dagoen emakume bati buruzko istorioa dakarzu estreinakoan. Zergatik?

Tabua izaten jarraitzen duelako. Badira gai ba-tzuk ezin direnak ukitu, edo ukitzean kirrinka egiten dutenak. Bada, nik, idazterakoan, erdi-ezkutuko gai horiek aukeratzen ditut. Egunerokotasunaren barruan daude, baina dezentziaren eta lotsaren tapakiaren azpian gordeta. Denoi gerta dakigukeen zerbait da, burutik pasatzen zaiguna, baina inoiz esaten ez duguna. Gaitz psikologiko bat horren antzeko zerbait da.

‘Eromenaren narrazio’ moduan definitu daiteke istorioa?

Bai, baina batez ere modu ero batean kontatuta dagoelako. Badirudi botaka eginez bezala idatzi dudala testua, eta hitz zaparradetan-eta nabari-tzen da hori; horrez gain, pertsonaia nagusiak desinhibiziotik kontatzen du gertatzen zaiona. Horregatik da testua eroa. Baina protagonista ez da eroa, gaixoa baino.

Autobiografiatik zerbait duen arren, lan autobiografikoa ez dela argi utzi duzu. Zenbaiteraino da Alaine istorio honen parte?

Nik pasatutako esperientzia batean oinarrituta hasi nintzen idazten, baina lehen kapitulua bakarrik iraun nuen horrela. Gero, bigarren atalera iritsi baino lehen, fikzioak inbaditu ninduen. Beti izan dut ohitura errealitatea eta fikzioa nahasteko eta are gehiago idazterakoan; horregatik, testu bat bukatzerakoan, ez dut inoiz jakiten zer den egia eta zer gezurra, errealitatea distortsionatu eta fikzioa sinetsi egiten baitut. Alaine testu honen parte da, idazle bat bere testu baten parte den moduan. Oinarrian beti egongo da bizitako, ikusitako, entzundako zerbait; baina ederra da gero fikzioak nola eraikitzen dituen testuaren zutabeak, adreiluz adreilu.

Desinfektatze prozesu bat lez definitu duzu idazketa prozesua. Guztiz hustu zara?

Istorioa barruko bulkada batez idatzi nuen, erraiak bistan jarriz eta indarrez, botaka egiten bezala. Oso gustura geratu naiz, baina ez naiz guztiz hustu. Harkaitz Canori entzun nion behin, lehenengo liburuan den-dena fregaderotik behera botatzeko beharra izaten duela idazleak. Nik ere den-dena bota edo atera nahi izan dut, baina beti geratzen da zerbait? beste testu baterako, agian.

Gogorra eta gordina da istorioa baina umoreak eta samurtasunak ere badute tokirik.

Nahi gabe atera zait hau ere, baina orain uste dut samurtasun edo umore momentu horiek beharrezkoak direla irakurleak arnasa har dezan. Eta bai, testua gordina da eta kontatzen dena gogorra da, baina niri ez zait horrenbesterako iruditzen; esan nahi dut, horrelako gaitz bat sufrituko duen edonork liburuan adierazten dena baino askoz okerrago pasatuko du.

Pertsonaiak alfabetoko hizkiekin identifikatzen dira: A da protagonista eta B-tik Z-ra beste hainbat agertzen dira. Zergatik hautu hori?

Bai protagonista eta bai pertsonaiak aldagai moduan ikusten ditut, ekuazio baten dantzan dabiltzan zenbaki ezkutuen antzera. Bat alda-tzen bada, besteak ere bere menpe aldatzen dira. Ederra iruditu zitzaidan ideia hori; A (protagonista) beste aldagaien menpe aldatzea.

Lehen liburua duzu hau, baina ez zara berria idazten. Nondik datorkizu idazteko zaletasuna?

Idazteko zaletasunak badu, nire ustez, irakurzaletasunetik; bestalde, inguratzen gaituen mundu erreala deseraikitzetik, beste bat sortzen hasteko. Txikitatik idatzi izan dut, baina zertarako egiten dudan jakin barik. Beharragatik, besterik ez.

Haur literaturan ezagutu izan zaitugu orain arte eta helduen literaturan estreinatu zara orain. Zertan gustorago?

Erosoagoa zait haur literatura idaztea, baina gehiago betetzen nau helduentzako idazteak. Hobeto pasatzen dut haurrentzako idazten, baina gehiago behar dut helduentzako idaztea. Egia esan, ez ditut bi gauza desberdin legez ikusten; nire kasuan, elkar elikatzen duten bi alor dira. Biak egiten ditut bihotzetik, eta biak egiten ditut bihotzerako.