Bilbo - Portugaletik Portugaletera, Antonio Lobo Antunes idazle entzutetsuaren A ordem natural das coisas euskaratzeagatik jaso du Euskadi Saria Iñigo Roquek (Portugalete, 1976). Itzultzaileak berak atzo aitortu zuenaren arabera, Antunesena ez da libura samurra, “hizkuntzaren aldetik baino, formalki zailtasun handiko eleberri mardula baizik”.

Alberdania, Erein eta Igela argitaletxeen elkarlanez kaleratutako lana da Gauzen ordena naturala. “Ez dut inoiz hainbeste denbora eman liburu bat itzultzen”, onartu zuen ere bai sarituak. Bere iritziz, oroimenaren arrastoetatik idatzi omen zuen Antunesek aipatu obra hau, zeina “kon-tzientziaren jarioari lotuta, mugarririk gabe ibiltzen den prosa zatikatu eta barreiatu” batean.

“Bi ahots txandakatzen dira liburuan, eta irakurleak -baita itzultzaileak ere, jakina- nolabaiteko lotura aurkitu nahian, azkenean amore eman behar du”, ezin baita “arrazionalki” irakurri eleberri hau, Roqueren azalpenei jarraiki.

Pertsonaia zailak Ildo horretatik, itzultzaileak uste du Euskadi Saria bere “erresistentzia-lanetik” datorkiola, eta bide batez, Portugalgo idazleari eskaini dio donaria: “Berari ere zor zaio sari hau”, goraipatu zuen. Ironia sotilez baliatuta, Hollywoodeko Oscar Sariekin konparatu zuen Gauzen ordena naturala itzulpenarekin lortutako aintzatespena. “Oscarretan bezalaxe, pertsonaia zailek irabazteko aukera gehiago izan ohi dituzte”. Epaimahaiak azpimarratu zuenez, “jatorrizko testua bihurri halakoa da, erronka handia izan du itzultzaileak eta ederto gainditu du”.

Roquek Euskal Filologia ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean, eta egun EHU-ko Euskara Zerbitzuan dihardu lanean. Antunes ez ezik, Fernando Pessoaren Poemak pluralean (Denonartean) edota Iolanda Zúñigaren Post-it bizitzak (Pasazaite) ere ekarri ditu euskarara, besteak beste. - A. S.