Donostia - Hamahiru urte pasa dira saiakera laburrari eskainitako Juan Zelaia Saria martxan jarri zela eta jada irabazleekin bilduma ederra egiten ari dira Pamiela argitaletxearekin batera. Atzo, 2013ko garaileen lanak aurkeztu ziren, biak ekonomiaren inguruan hitz egiten dutelarik: Oskar Arantzabalek (Eibar, 1967) idatzitako Azpilkueta, ekonomiaren aintzindari, eta Mitxelko Urangaren (Berango, 1978) Eros(ki), merkatuaren erotizazioa, erotismoaren merkantilizazioa. Lehenengoak atzera eta bigarrenak gaur egunera begiratzen badute ere, bi saiakerek bideratzen dute gaia etorkizunean pasa daitekeenera.

Arantzabalen lana Martin Azpilkueta jurista eta teologoaren pentsamendu ekonomikoaren inguruko lehen ikerketa monografikoa da. Bere biografia txikiaz gain, ekonomiari egindako ekarpenak azaldu ditu eta gaur egungo oinarriak bere teoriekin konparatu ditu. Idazlearen ustetan, ekonomia politikan hutsune bat betetzen du liburuak. "Edonork ulertzeko moduan dago idatzita", gehitu zuen.

"Azpilkuetak intuizioa erabiliz ematen zituen aholkuak, eta teorikoek aurrerago garatutako ideiekin bat datoz", adierazi zuen ekonomialari eibartarrak. Gainera, familian oinarrituta zegoen merkatuari ikuspegi kolektibo bat eman zion. "Espainiaren hondamendi ekonomikoa aurreikusi zuen, bere garaietara aurreratu zen", gaineratu zuen Arantzabalek. Halaber, Estatuko inflazioa eta etorkizun bateko bankarrotak -behin eta berriz errepikatu direnak- iragarri zituen, berak Felipe II. erregearen garaiko bi bizi izan zituelarik aurreikuspen hori egin eta gero. "Krisiari aurre egiteko, oreka makronomikoetan sinesten zuen", azaldu zuen, eta proposamen ba-tzuk ere egin zituela adierazi zuen.

Mitxelko Uranga izan zen beste sariduna, eta erotismoa eta merkatuaren arteko erlazioa aztertu du bere saiakeran. Alde batetik, erotismoa merkatuaren menpe dagoela adierazi du, gaur egun asko ireki dela mundu horieta Internetek ere "esparru hori irauli" duela dio filosofian doktoreak.

Bestalde, gaur egun, saltzeko erakarpena erabiltzen dutela azaldu du bere lanean. "Publizitatean, era batera edo bestera, erotismoa erabiltzen dute", esan zuen bere liburuaren aurkezpenean, eta erosleengan kontrola bilatzen dutela gaineratu zuen: "arau bakarra gozatzea eta gure desira guztiak betetzea dela esaten digute". Momentu honetako krisi garaia formula honetan sartuz gero, iruzurra agerian gelditzen dela zioen Urangak, eta haserreak hedonismoa noiz gaindituko duen galdetzen dio bere buruari. "Hedonismoa nagusitzen da baina orain haserrea geldituko zaigu", azaldu zuen.

Joseba Intxausti Kulturaren Aldeko Euskal Fundazioaren izenean egon zen aurkezpenean. "Sari hauek gaurkotasuna ekartzen dute, eta etorkizunari buruzko galderak planteatzen dituzte", esan zuen. Juan Zelaia Sarien beste edizioetan ere ideia honekin jarraitzeko inten-tzioa dutela gaineratu zuen.