Kike Amonarrizi buruz hitz egiteak ez dirudi ohikoa kulturako orrietan, askoz normalago ikusiko genuke haren izena telebistako atalean. Eta hala ere, hartaz jardun nahi dut gaur, horretarako arrazoiak sobera ditudalakoan. Famatu izatera iritsi aurretik ezagutu nuen Amonarriz, berak 17 urte eta nik hiru gutxiago nituela, ikastetxe berean egokituta (Tolosako Eskolapioetan, erdaraz ikasiz biok ere). Gaztetxoa izan arren, ordurako nabarmentzen zen Kike, bere alaitasunagatik, bere buruargitasunagatik, eta baita, 1978 urrun hartan, ezagutu nuen lehenengo euskaltzaleetakoa zelako ere.

Ez dut esango eredutzat hartu nuenik, baina bide bertsuetan ibili ginen hasiera batean: karrera bera ikasi genuen (Euskal Filologia, unibertsitate diferenteetan baina), eta aldizkari beretan idazten hasi ere bai: Argia-n, Susa zaharrean? Gutxik jakingo du poesia ere publikatu zuela Amonarrizek gaztetan, eta ez zuen horretarako dohainik falta; bere izaerak eta zaletasunek beste bide batetik eraman zuten, ordea.

Izaera umoretsu eta festazalea duela ez da inorentzat sekretua; prestakuntza akademikoan, berriz, zenbaitek jakingo ez duen arren, gure herriko soziolinguista jantzienetako bat dugu, euskararen egoeraz bakarrik ez, munduko hizkuntza gutxituen bilakaeraz ere gehien dakitenetakoa. Eta bi ezaugarri horiek uztartzeak eman die zentzua bere proiektu askori: txisteak euskaraz idazten hasi zen, gure prentsa serioak bestelako ukitu bat ere izan zezan; aldi berean, lehenengo txiste-afariak antolatzen eta alaitzen, eta baita txisteen kaseteak grabatzen ere. Ondo pasatzea edo euskara zabaltzea, inportanteena zer zen galdetzeak ez luke zentzurik, Amonarrizen marka baitzen eta baita biak lotzea.

Txisteena utzi gabe, telebista-saioak aurkezten, idazten, zuzentzen ere aritu da aspaldi handian, eta, kamera aurrean irudi xelebrea erakustea maite duen arren, haren ondoan lan egin duten guztiek dakite zenbateraino den langile fina, bere egitekoak arreta guztiaz prestatzen dituena, eta aldi berean lan-giro atsegin baten sortzailea.

Gure hizkuntzaren geroaz pentsatzerakoan, badira bi espezie, zein baino zein ugariago, agonikoak eta lasakapotoak deituko ditudanak: agonikoak gauzak ilun ikusten ditu beti, gure makurrak azpimarratzen eta negar batean aritzen, hainbeste epel eta txepelekin zereginik ez dagoela-eta; lasakapotoak, aldiz, zein ondo goazen nabarmenduko dizu uneoro, garai batetik hona zenbat aurreratu den, eta gauzen martxak paradisu euskaldunera garamatzala sinetsaraziko. Amonarriz ezin urrunago dago bi jarrera horietatik: euskararen ahuleziak inork baino hobeto ezagutzen ditu, eta ikuspegi baikorrei ez die inoiz amore eman (batez ere jende adituarentzako artikulu serioetan erakusten du jarrera hori); pesimismoa ere baikorkeria bezain antzua izan daitekeela jabetuta, ordea, agonismoan jausi ordez hizkuntzaren ikuspegi ludiko eta bizizale bat eskaintzen saiatu ohi da, irribarre batekin ere euskararen aldeko borroka egin daitekeelakoan, eta horrela, zoriontsuago bizitzeaz gain, borroka bera ere efektiboagoa izango delakoan.

Mihiluze telebista-saioa desagertzera doala-eta idatzi ditut lerrook. Ez dakit zer egingo duen hurrena Kike Amonarrizek, baina, gure umorearen eta hizkuntzaren onetan, zakukada bete proiektu opa diot, eta denetan izan dezala orain arte bezalako talentua eta arrakasta.