Umemokoak ginela, euskarazko hitz bat esateko eskatu zigun osaba katalan batek halako batean. Bazkalosteko mahai-buelta goxo hartan "helikopteroa!" bota nuen harro eta ozen. Ondorengo segundoetan ingurukoen erreakzioak atentzioa eman zidan, irriz hasi baitziren. Hitz hark niri balio zidan (arraioa!) tramankulu hura izendatzeko, eta beraz, ez nuen ulertu gainerakoen trufa. Ez nintzen zuzen ari nonbait, baina niretzat hura euskara zen; nondik ez?
Urte batzuk geroago, eta adin gehixeagorekin, herritik hirirako aldaketan konturatzen hasi nintzen, propio, hizkuntzen balioaz, alegia, gaztelaniaren nagusitasunaz eta euskararen sufrimenduaz (eta areago). Hirira etortzeaz batera hasi nintzen kontziente izaten talka horretaz; gaztelaniaren autoritatea gogorra eta arrotza egin zitzaigun umetatik genekarren euskararen unibertsoaren atarian. Ahaztezin zait mundua bere osotasunean euskaraz mintzo zela uste nuenekoa; inozoa ni...
Hizkuntza-kode egoera eta ingurune berrian, beraz, eta lekutze hartan euskararen txokoak bilatzen genituelarik, gure betiko giro euskalduneko "hola" natural eta usadiozkoa, hiriko giro euskaldun haietan ez zen sobera egoki gertatzen, "helikopteroa" erakusmenekoa izan ez zen bezala; "kaixo" esan beharra zegoen. Hura ikasi egin behar izan genuen eta ohiturak alde batera utzi. Ez ginen euskaldun eredugarri "hola" esanez.
Urteak joan, eta gaur (ildo horretatik-edo), etxetik euskaldun ez diren gazte belaunaldien artean gero eta gehiago sentitzen ari naizen fenomenoa da. Euskara, nonbait, hiztegi kontua baino ez da. Alegia, halako batean "tenedore" edo "afizio" bezalakorik esaten baduzu, berehala ohartaraziko dizute erdal hitzak erabiltzen ari zarela, arin gainera! Baina, adi; gaztelaniaren azentuarekin eginen dizute oharra, gaztelaniaren egitura gramatikalarekin botako dizute abisua, eta, gaztelaniaren hotsen ahoskerarekin ebatziko dute esan beharrekoa. Hara, jator ari ez dena, zeu.
Ez da gaur-gaurko kontua. Eta hizkuntzaren irakaskuntzan (etxetiko jabekuntza ezberdina baita), zerbait irristatzen ari dela aspaldi ikusten hasiak gara. Komunikazio-sistema bat osatzen duten ezaugarri eta baldintza guztiak dira berezko eta nahitaezko, aitzitik, denen batura eta lotura da kodea kode egiten duena. Ezin da hizkuntza bestela ulertu. Osotasun horretan bizi eta biziarazten ez bada, hiztunari ez dio balioko.
Kontua da, beste behin, input gehiena gaztelaniaz den ingurune horietan (eta oso modu ezeztaezinean gainera), euskara, kolore gabeko kode bihurtzen ari dela nabarmen. Hizkuntza izaera akademikoa (adierarik azalenekoenean) izatera mugatzen ari ote den beldur naiz, eta gainera, haren gaineko herri-kontzientzia txikiaz batera. Maleta lazgarri husten ari zaigu.
Helikopteroa euskararena ere bada, noski baietz. Gakoa osasunean datza, eta beraz, hizkuntzaren beso guztiak sano badira, hegaldi zinez ederrak egin daitezke komunikazio-unibertso konplexu honetan. Ez gaitezen eri!
Hitzak min
por ana telletxea