Ederra, datorkiguna. Lomceren mamu larderiatsua gero eta hurbilago sumatzen ari gara. Gu, batik bat. Hezkuntza Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoak, bidean denak, hezkuntzaren kalitatea eta eskola porrota nabarmen okertzen ahal dituela argi izanik, minik handiena hizkun-tzari berari emanen diola ikusten ari gara dardaraz: D ereduaren kontra sorrarazitako erreforma heldu zaigu, gaztelaniaren bizirautea bermatu eta haren sustapena indartu nahi duen proiektua abiarazteko zorian da. Bizitzaren lege ororen aldrebesean, inboluzioa datorkigu beste behin morroioi. Joandakoak labur geldituko direlakoan, gainera. Orain gutxi egunkari honek berak bildu zituen euskarari historikoki egin zaizkion erasoak, lege forman hain justu, eta merezi luke hezkuntzaren inguruko batzuk gogoratzea. Han da 1925eko euskarazko testuliburuak erretiratu eta euskaraz irakatsiko zuen maisu-maistrari soldata eta lanpostua kentzeko legea. Urte batzuk lehenagokoa da (1902koa), zentzu berean, bertako hizkuntzan irakatsiko zuten maisu-maistrei zigorrak ezar-tzeko agindua; Alfontso II.ak emana eta garaiko Kontseiluko presidente zen Romanoneseko kondeak sustatua. Atzerago joz, Moyano Legea bera ezarri omen zen, 1857an, zeinak agintzen baitzuen hezkuntza bakarrik eta esklusiboki gaztelaniaz eman beharra zela. Eta honelako hamaika dago gure historian. Halakorik ikustekoak ote gara oraindik ere? Ezerk ez gaitu harritzen honezkero, hau zorigaitza! Lomceren sustapen-nahi berri honek, hala, nahi edo ez dakarkio eragina euskarari, eta ez preseski ona.

Baina garai txarrak denentzat baitira, hor da gaztelaniaren sustapenerako Cervantes Institutua, zailtasunak dituela azkenaldian bere New Yorkeko egoitzan; eta hara non ardoa saltzen hasi den diru-sarrerak izateko. Diru-laguntza ofizialak murriztu eta salerosketak egin beharrean dago bere jardunari eta eginbeharrari eutsi ahal izateko. Behar al du gaztelaniak sustapen gehiagorik?! Eta irakur bedi, gainera, haien proiektuaren aurkezpenaren ironia: "Espainiera eta Espainiako hizkuntza koofizialak suspertzeko Espainiak sortu duen erakunde publikoa da Instituto Cervantes". Zer espero daiteke hondamenezko lurrikararik amaigabeena ematen ari zaigun herrialdeaz? Gauza onik ez. Nazio-proiektua eutsiezin gerta-tzen zaion honetan, azken erasoa mutur-handi zaigu, hasi eta buka. Gauzak honela, berriki hasi den euskararen aldeko lasterrak, bai eta herriz herri argia piztu nahi duen ekimenak ere, inoiz baino beharrezkoago ditu euskarak; inoiz baino beharrezkoago ditugu guk geuk. Eta zorionez, herri-ekimenaren eta indarraren bermea luzaroan izanen dugula dirudi, beste komunitate askotan pentsaezina dena. Ardoa saltzen aritu beharrik ez du gureak jendearen konpromisoa eta babesa lortzeko, eta iruditzen zait hori zailki izan/izanen dutela gure inguruko auzo-hizkuntzek. Edonola ere, topa egiterik badugu (gure arnoarekin, hori bai) pausoz pauso eta ekinaren ekinez eraiki dugunaren alde.