Bilbo. Euskal kulturaren hitzordurik garrantzitsuenetako bat heltzear da. Abenduaren 6tik 9ra bitartean, "kalitatezko programazio orekatu eta zabala" eskainiko da Durangoko Azokan. Gogotsu heldu dio Aiert Goenagak erronka berriari. Aurretik egindakoa "hankaz gora jarri" barik indarrak Azoka parte-hartzaile eta irekiago baterantz abiatu behar dela irizten dio.

Ia urte beteko zuzendaritza lanak garatu ostean, gustora ibili al zara zuzendari baten egunerokoan?

Bai, egunerokoari begira, saiatu naiz oso programatua izaten, hots, egitekoak definitzen eta markaturiko epeetan betetzen. Prozesu berri baten aurrean, lehendabiziko urteak prestakuntzakoak dira. Aurten eratu dugu koordinazio-mahai bat, niretzat oinarrizkoa dena. Honen bidez, Durangoko Azokarekin erlazionatuta dauden elkarte eta eragile guztien iritziak mahai gainean jarri ditugu, hauek kontrastatu eta guztion artean zerbait konkretua eraikitzeko asmoz. Hori oso aberasgarria da, perspektiba askoz zabalago bat eskaintzen dizulako, eta horra abiatu behar gara.

Esplika zaitez.

Elkarte guztiek ahots propioa izanez, azoka dinamikoago bat lor dezakegu, eta horixe da, hain zuzen, gure xede nagusietako bat. Alegia, zuk izan dezakezu ikuspuntu jakin bat disziplina baten gainean, baina arlo horretan diharduten beste batzuekin aritzen zarenean elkarlanean, orduan zure pertzepzioa sarri askotan aldatu egiten da, eta buruan zenituen lan-formak eta eskemak aldatu behar dituzu. Finean, saio eta hutsegiteen bidez ikasten dugu; funtzionatzen duenak aurrera egin dezala, bestela aldatu dezagun.

Koordinazioaren nahiz kudeaketaren arloan duzun eskarmentua lagun izan duzu kargu hau hartzerakoan, ezta?

Aurreko lanek mesede egin didate, bai. Izan ere, zuzendaritza batek bi arlo horiek ondo menperatzea eskatzen du, bai koordinazioa eta bai kudeaketa. Hau da, lan-dinamikak eta elkarlana bultzatzeko gai izan behar zara.

Zure aurreko Jon Irazabalen aholkuak jarraitu al dituzu?

Aspaldi ikasi nuen aholkuak ematen dizkidanari entzuten, eta esperientzia duenari kasu egiten saia-tzen naiz. Iritzi horietako bat Jon Irazabalena da, noski; bera ez dut inguruan izan, alboan baizik. Gainera, argi daukadana da Azokak orain arte funtzionatu duela ni gabe, beraz, ez naiz orain arte egindako guztia hankaz gora ipintzen hasiko.

Gerediaga elkarteak garatutako plangintza estrategikoa dela eta, zer nolako eragina izango du aurtengo Azokan?

Lehenik eta behin, antolaketan bertan izango du eragina. Argi eta garbi daukaguna Azokaren izaera da: euskal kultur sorkuntzaren topagunea da, kalean hasi eta azken argitaratzaileraino luzatzen den oso kate luzea. Eta horretaz ohartzeko plangintza estrategikoa egin beharrik ez duzu. Edonola ere, egia da plangintza berria aurtengo Azokan hautemango dela, bai funtzionamendu eran, baita ekimenak antolatzerako orduan.

Kargua hartzerakoan aipatu zenuen helburuetako bat hauxe izan zen: Azoka urtean zehar beste eremuetara zabaltzea. Bete al da?

Gauza txikiak egin ditugu orain arte, baina ganorazkoak. Kontuan euki behar dugu zer garen, zer indar eta zer baliabide ditugun, eta hortik abiatuz oinarri sendoak finkatu, pausuz pausuz. Esaterako, aipatu koordinazio mahaian, hainbat eragilek eskatu zuten Azokak hausnarketa gune bat izan behar zuela. Nola gorpuztu hori? Bada, hari horretatik tiraka Askarako ekimena eratu dugu. Aurten bost mahai-inguruz osatutako ziklo bat antolatu dugu, ondoko galdera ardatz izan duena: zergatik ez da euskal kulturgintza komunikabideetan ikusgarri?. Dagoeneko hiru mahai-inguru gauzatu dira eta laugarrenak Azokan bertan izango du leku. Era berean, Euskal Herriko Unibertsitateak ikerketa bat garatu du galdekizun bera oinarri hartuta.

Azokaren hedapen horren baitan kokatu genezake orduan Literaturia eta Marabilli gisako ekitaldietan parte hartzea?

Hala da, bai. Azoka hedatu behar da, ostantzean abenduko hitzordu hau oasi bat bilakatuko da eta gainontzekoa, berriz, lehortea izango da. Azokak nahiko gorputz eta indar du jendea bere inguruan ba-tzeko eta helburu beraren inguruan hainbat ekimen antolatzeko. Agente eta topaketa ezberdinen elkarlanak eragindako sinergiak aprobetxatu behar dira. Garai batean sarri aipatzen zen eta pixkana galduz joan den auzolana berreskuratu behar da. Euskal kulturgintzaren arazoetako bat atomizazioa da, beraz, komeni da elkarlana susta-tzea eta gure sarea ehuntzen joatea.

Sare hori ehuntzeko (Interneteko) sareari erreparatu behar zaio?

Teknologia berriez eta gainontzeko guztiaz baliatu behar gara. Baliabide guztiak aprobetxatu behar dira euskal kulturgintza zabaltzeko, bai birtualak eta bai fisikoak.

Teknologia berrien harira, zer nolako presentzia izango du aurreran-tzean ebook edo liburu elektronikoak Azokan?

Hori da milioiaren galdera. Argi dago ebook-a erabiliko dela, baina zer kontsumo tendentzia egongo dira? Erosketa prozedura horretara moldatzerik al dugu? Hainbat galdera daude airean...

Epe laburrerako erantzunik bai?

Bagaude prestatzen stand ireki bat, erosketa birtualak egiteko... baina airean da. Jakin badakigu pausuak eman behar ditugula arlo honetan, baina argitaletxeekin batera joan behar dugu eraldaketa horretan, haiek baitira erritmoa markatzen dutenak. Kontuan eduki behar da Euskal Herriko argitalpenen arloa oso desorekatua dagoela...

Ideia hori zehazten ahal duzu?

Esan nahi dudana da euskal argitaletxeak edo oso potenteak direla, edo oso txikiak. Orduan, handia zaren heinean, gisa horretako eredu aldaketetan murgiltzea errazagoa da. Alegia, Azokan hamar stand badituzu, aise eskaini ditzakezu bizpahiru salmenta birtualera, QR kodigoan oinarrituz, adibidez. Baina argitaletxe txikiei dagokienez, agian baten batek baietz esango dio proposamen horri, baina gehienek ezetz esango dute ziurrenik. Edonola ere, argi daukagu eraldaketa hori etorriko dela eta Azokak paperezko liburuaren eta ebook-aren arteko bizikidetza ezagutuko duela.

Durangoko Azokak bi alde ditu: bada jaia, baina bere merkatu izaera ez da ahaztu behar. Desoreka nabarmenik antzematen al duzu sormena eta salmenten artean?

Ez dut uste, biak doaz eskutik. Beste gauza bat da sortzaileak sormen-lan hori saltzeko jarraitu nahi duen bidea... Esaterako, Kanariar Uharteetan bizi den euskaldun bat etorriko zaigu aurten autoedizioaz mintzatzera. Ezoreka hori kanpotik datorren pertzepzio subjektiboa dela pentsatzen dut, hein handi batean albisteetatik jasotzen duguna. Azokaren eskaintza zabala eta orekatua da, bada alde komertziala, baina badira ere doaneko ekitaldi ugari: kontzertuak, antzerki maratoia, ikus-entzunezko emanaldiak...

Aurtengo edizioa abenduaren 6tik 9ra arte garatuko da. Egun gutxiago bat...

Hasiera batean bost eguneko azoka egin nahi genuen, baina denborak aurrera egin ahala eta diru-lagun-tzen murrizketak ikusita, bi aukera genituen: bost egunetan kalitate eskasagoa eskaini, ala lau egunetan kontzentratu kalitatezko eskaintza bat. Azken hau hautatu dugu, garrantzitsuena kalitateaz gozatzea baita. Gainera, kalitatea kantitatean eskaintzea lortu dugu, horixe baita gure helburua: azokaz harro egotea eta horretaz gozatzea.