donostia. Hasieratik egin zuen Saizarbitoriak euskaren hautua ("euskararen erruz egin nintzen idazle"), eta bere ibilbide literario osoan zintzo-zintzo jarraitu dio orduko deliberamenduari. Gure hizkuntzak aurrera egin duela onartzen duen arren, garapenaren argilunak salatzen ditu zabal-zabal: "Orain hobeto gaude, baina gertatzen dena da egin dugula bide hori koste batekin. Eta baliabide batzuk aprobetxatuz, diru asko xahutu da euskararen alde, eta energia asko. Galdera da: gai izango gara aurrerago egiteko? Ez dakigu. Edo ea gorenean gauden eta gero behera egingo dugun! Gainera, badago jende bat kaltetuta sentitzen dena. Horrek esan nahi du egin dugula bide hori, baina ez dela erabat naturala izan". "Hemendik aurrera nola joango dira gauzak? -galdetzen du idazleak-. Ez dakit, baina tiroa zehatz bota behar dugu, albo eraginik eragin gabe. Hizkuntz kon-tzientzia suspertu behar da, politika kualitatiboak indarrean jarri, ez dakit zer baina zerbait berria egin behar da ze orain artekoak bere gaina jo duela dirudi".

Euskarazko hedabideetaz galde-tzen zaionean ere zorrotz ageri da donostiarra: "Nik uste dut egin daitezkeela kalitatezko produktuak euskaraz, zelan ez. Produktu interesgarriak jende arruntarentzat, eta erronka hori da. Errazkerian erori gabe egin daitezke produktu duinak, jendearen maila kulturala asko igo baita azken urteotan. Irratiari dagokionez, esango nuke Euskadi Irratia gaztelerazko emisora baino hobeagoa dela". Jada desagertuta dagoen Sautrela ere aipatzen du: "Beharbada Sautrela, proportzioan be-hintzat, Frantziako Apostrophe baino exijenteagoa zen eta balegoke agian maila apur bat jaistea. Baina bere publikoa zuen eta publiko horrek badu eskubidea bere mailako programak ikusteko. Edonola ere, kalitatearen aldeko apustua egin beharra dago. Euskarak ez du zaborrik justifikatzen, zaborra egiteko bada, alferrik euskara".