DONOSTIA. Euskal ikus-entzunezkoen arloan haziak erein zituen egilea atzo zendu zen 89 urterekin. Gotzon Elortza (Bilbo, 1923) zinemagileak euskarazko aurreneko fotogramak grabatu zituen 1950eko hamarkadaren amaieran eta 1960ko hasieren bitartean: 1959an Ereagatik Matxitxakora film laburra; bi urte geroago Aberria; 1962an Elburua Gernika; eta azkenik, urtebete beranduago Avignon.

Izatez, Getxokoa zen Elortza, baina gerra zibilaren ondorioz, Parisera erbesteratu behar izan zen bere emaztearekin eta bertan sartu zi-tzaion filmok grabatzeko grina. Frantziako egunkari batean hizkun-tza gutxituen biziraupenerako ikus-entzunezkoak ezinbestekoak zirela irakurri zuen. Orduan, euskara ikus-entzunezkoetan sartu ezean, ez zuela etorkizunik izango konturatu zen. Kezkatuta, lanean jarri zen bere ama-hizkuntza bizirik mantentzeko. Irudiaren botereaz jakitun, euskararen desagerpena saihesteko metodo horiek premiazkoak zirela ondorioztatu zuen.

Bi aldiz pentsatu gabe, dokumentalak filmatzea erabaki zuen, garai hartan Parisen kamerak modan bai-tzeuden. Hala, Euskal Herriaren irudiak hartzeko, Elortzak sarritan gainditu zuen Espainia eta Fran-tziaren arteko muga. Bi edo hiru egunetako bidaiak egiten zituen, beti ere ezkutuan, poliziatik ihesi.

Orduko pertsonaia eta egoera la-tzak jaso zituen getxotarrak bere lanetan. Euskal kulturaz gain, Euskal Herriko ikuspegi orokorra erakutsi zuen, batik bat Bizkaiakoa, eta zonalde ezberdinak ezagutzera eman zituen.

Estutasun une baten aurrean egileak lan handia egin zuen euskararen alde, baina bere jarduna ahanzturan erortzeko zorian egon zen. Elortzak euskal zinemagintzan eman zituen aurreneko urratsak ez ziren behar bezala hedatu, garai hartan jende gutxik ikusi baitzituen bere dokumentalak. Nolanahi ere, balio historiko zein etnografikoa handiko lanak dira eta uste baino garrantzi nabarmenagoa dute hizkuntzaren garapenean.

Irudiok Pariseko Euskal Etxean eta Baionan proiektatzeko parada izan zuen. Hegoaldera ere iritsi ziren ikus-entzunezkoak, baina ez zuten aparteko oihartzunik izan. Horren harira, 2011n Euskadiko Filmategiak bere hiru film zaharberritu eta kaleratu zituen, plazaratu ziren garaian itzalpean geratu baitziren eta bide batez, zinemagilearen lana eskertzeko asmoz. Ereagatik Matxitxakora, Aberria eta Elburua Gernika izan ziren gogora ekarritako lanak. Hortaz, ondorengo belaunaldiek euskarazko ikus-entzunezkoen lehenbiziko pausoen berri izango dute.

Iaz, Durangoko Euskal Disko eta Liburu Azokan eskaini zituzten hirurak eta Donostiako Zinemaldian ere presentzia azpimarragarria izan zuten. Euskadiko Filmategiak egindako berrargitaratzeen aurkezpenean Gotzon Elortza bertan izan zen. Principe zinema aretoak txiki geratu ziren eta dokumentalek ikusleen oniritzia jaso zuten, txalo zaparrada artean.

Getxoko zuzendariak duela 60 urte abian jarri zituen ekimen xume baina ausartak, euskal zinemaren handienen artean kokatu diote. Azken agurra eman nahi dion oro Getxoko Redentor parrokiara hurbildu daiteke gaur, bertan bere aldeko hileta elizkizuna egingo baita 20.00etan. Euskadiko Filmategiko Ion Lopez eta Joxean Fernandezen aburuz, Gotzonek utzitako arrastoa betirako geratuko da: "89 urterekin joan da, baina belaunaldiz belaunaldi bere lanak bizirik jarraituko du".