LITERATURA bidaia bat da. Liburu bakoitza, txango bat. Ikuspegi eta irudi berrietara. Gure barnera. Azken urteotan, idazle euskaldunek bide asko proposatzen diote gure irudimenari. Baina, orain, hitzek ere bere bidaia hasten dute. Sei emakumeren hitzak. Euskal Herritik Herbehereetara. Emekiro. Itzulpenaren bidaia bat. Irakurle berrien bila bidaia bat...
Zirimiri Press Argitaletxeak bidaia antolatzen du. "1970. urtetik aurrera jaiotako emakumezko idazleen ipuinen bilduma bat egitea erabaki genuen. Azken urte hauetan euskal emakumezko idazle gazte asko eta oso onak daude", adierazten du Henrike Olasolok, Zirimiri Pressen arduraduna, euskaratik nederlanderara arteko jauzia bultzatu duena. Jauzia aintzindaria. "Hainbat liburu itzuli dira, Atxagarenak kasu, baina beti gaztelaniatik pasatuz. Helduentzako literaturan euskaratik nederlanderara lan bat zuzenean itzultzen den lehen aldia delako da berezia argitalpen hau", gehitzen du Henrikek.
Lehen itzulpen zuzen honek emakume sinadura dauka. Sei idazlerena: Karmele Jaio, Katixa Agirre, Uxue Alberdi, Jasone Osoro, Eider Rodriguez eta Amsterdamen bizi eta nederlanderaz idazten duen Kristina Goikoetxeak sinatzen dute. "Zergatik emakumeak? Euskal idazle emakumeen ipuin bilduma bati abiapuntu pareagabea iritzi geniolako Herbeheretan euskal literatura erakusten hasteko". Zein da holandarrek duten Euskal Herriari buruzko irudia? "Euskal Herria Espainiako probintzia bat besterik ez da holandarrentzat. Haien irudirako Espainia zer zen ikertu genuen eta honako hau deskrubitu genuen: Espainia hitza aipatu eta holandarrei bi hitz etortzen zaizkie burura: bata "temperament" eta bestea "machocultuur" (matxismotik haratago doan kontzeptu bat). Guk haiek Euskal Herrira beste leku batetik begiratzea nahi genuen", esaten du liburuaren bultzatzaileak.
Karmele Jaioren jarrera ezinhobea da. Hamabost zauri-ren egilea gustora dago egokitasun honekin. "Nik uste dut gure literatura atzerrian ezagutzea beti dela interesgarria, baita etxean ezagutzea ere, noski. Itzulpenak, gainera, aukera ematen dizu beste herrialde bateko argitaletxe, pertsonak eta lekuak ezagutzeko. Aurretik beste antzeko esperientzia daukat alemanez Amaren eskuak itzuli zenean, eta oso ona izan zen. Hau ere horrelakoa izatea espero dut", ziurtatzen du idazle gasteiztarrak.
Kilkerra eta Atzerako zenbaketa. dira liburuari eskaintzen dizkion ipuinak, bata arrakastaren gezurrari buruzkoa, bestea denboraren iragaitearen gainekoa. Kilkerra "gizarte honetan askotan daramagun azaleko bizitzari buruzko ipuina da; eta bakardadeari buruzko ipuina". Atzerako zenbaketa-k kontatzen du "nola ezer ez den zen bezalakoa. Nola gaur ez garen atzo izan ginen pertsona bera, askotan ahaztu egiten badugu ere. Duela urte asko elkar ikusi gabeko emakume eta gizon bat dira protagonistak". Zu bezain ahul liburuan agertzen dira bi ipuinak, baita gaztelaniazko Heridas crónicas-en El grillo eta La cuenta atrás izenburupean ere.
"Habitat nire bigarren ipuin-liburuan argitaratu zen ipuin bat da liburu honetan sartu dutena. Ipuinak Hosting du izena, eta Madrilen gertatzen da Barajaseko atentatuaren egunean. Suposatzen dut gaiak zuzenean euskal gatazka ukitzen duelako aukeratu dutela", azaltzen du Katixa Agirre, gasteiztarra ere.
"Ilusio handia egin dit, inoiz argitaratu didaten lehenengo itzulpena baita. Ez dakit epe luzera zerbaiterako balioko duen, jende askok irakurriko duen eta abar, baina momentuz, kanpoko jendeari kontatzen diodanean euskaraz idazten dudala eta haiek galdetzen didatenean ea zerbait itzuli didaten, baietz erantzun dezaket, badudala nire lanaren apur bat nederlandera itzulita".
Dena dela, Nederlanderazko literaturak ez du bidaia bera egin. "Egia da ez dela oso ezaguna gure inguruan, baina hain herrialde txikia izateko baditu idazle handi batzuk. Cees Nooteboom da beti aipatzen den bat, eta agian egunen batean Nobel saria irabaziko du azkenean".
gaiak Prostituta batekin dagoen bitartean bere emaztea desiratzen duen manager bat. Afrikatik bakar-bakarrik bidaiatzen duen emakume bat. Haien arteko pasioa berreskuratu duten itxaropenean, margo ospetsu bat lapurtzen duen bikote bat. Suizidioak antolatzen dituen enpresa bat. Lehen aldiz bere gorputzaren gainbeheraz jabetzen den emakume eder bat...
Emekiro-ren pertsonaiek haien bizitzen benetekotasuna zalantzan jartzen dituzten aukerak egin behar dituzte. Bilduma honetako autoreak eguneroko kezkei ari zaizkie begira, batzuetan intimoa eta besteetan surrealista edo ironiaz betea den begirada batez. Onno Falkena Frisiako kazetariaren hitzaurreak Euskal Herriko bere eskarmentu pertsonalaren ildoan kokatzen ditu ipuinak. Zirimiri Press Argitaletxea hitzkuntza gutxituen fikzioan eta saiakeran espezializatuko da.
Herbehereetako irakurleari hain ezagunak ez zaizkion kultura eta herri batzuekin harremanetan jartzea da Argitaletxe berri honen helburua. Emekiro-ren itzulpena Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntzari esker dago egina eta Urtarrilaren 29an egingo da bere aurkezpena Amsterdamgo Perdu fundazio literarioan.
Emekiro izenburua metafora ezinhobea da. Hain zuzen ere, emekiro, euskarazko literatura Herbehereetan sartzen hasi da. Peter Smaardijkekin batera, Henrike Olasoloren eskutik. "Aurten Laura Mintegiren Sisifo maiteminez ere argitaratuko dugu. Zirimiri Pressen helburua hitzkuntza gutxituen literatura eta saiakera argitaratzea da eta euskarazko liburuei arreta berezi bat eskainiko diegu. Gertatzen dena euskaratik nederlanderarako itzultzailen kopurua mugatua dela da. Kalitatea bermatzeko astiro egiten dugu lan, emekiro; baina gogo handiz ekiten diogu proiektu honi eta luzerako izatea nahi dugu, noski", bukatzen du antologia honen argitaratzaileak.
Emekiro. Eme eta arrentzat. Euskaldun eta holandarrentzat. Joan eta etorri. Bide egin eta sentitzeko. Sei idi-bihotz bere haziak landatzen ari dira lur berri batean. Hitzekin ureztatuak. Ardurarekin mainatuak. Sei tulipa, sei idi-bihotz -...bihotzez- jadanik loratzen dira Herbehereetan. Irakurlearen begirada haien eguzkia da. Literatura bidaia bat da. Bakoitzaren bidaia.