Kortezubi. Ez da gauza berria artisten parean, ikusezin, sormena bizitzen dieten alosiaren bat egotea. Ez da, alabaina, kreatibitatea faltan dutena askotan, sostengua baizik. Eta hor, artelan eta obren distiratik urrun, bakardadearen garratza eztitzen, egon ohi da bikotea.

Izan dira eta badira amorante asko behar dituzten artistak, bai eta solitudeari beldurrik izan ez diotenak ere. Baina garai latzetan -Bilbon, Madrilen zein Parisen izan- eskua eta altzoa eskaintzen dizuna alboan izateak laguntzen du: "Eskerrak ikaragarri lagundu didan emakumea neurekin izan dudala beti", aitortu du Ibarrolak. "Gogorra da artista izatea eta Mari Luzek gosea pasatu du pasatu behar izan denean, kementsu egin izan die aurre garai latzei eta adore handia izan du beti, ni erlaxatu ez nedin".

Agustin Ibarrolaren urtebetze egunean jaio zen, baita ere, Mari Luz Bellido, lau urte geroago. "Horixe esan zidan berak elkar ezagutu genuenean eta nik bai zera, honek ligatzea baino ez du gura pentsatu nuen", dio Bellidok, txantxetan. Asko babestu du Ibarrola Mari Luzen itzalpeak, sortzaileen amildetigik batik bat: "Emaztearen berebiziko laguntza ohiko familia tradizionala izateari uko egin izatean nabaritzen da -esan du artistak-. Ez dute bizitza erosoa xede ezta lanposturik onena jomuga ere... ez zaituzte errazagoak izango diren artelanak egitera bultzatzen, zeure bideari eustera animatzen zaituzte. Uste baino askoz garrantzitsuagoak dira emazteak; aurrera egiten lagun-tzen dizu bikoteak".

Mari Luzi buruz hitz egiten hasi eta pluralera pasatzea ez da kasualitatea: Itziar zen Oteizaren bikotekidea, Pili Eduardo Chillidarena... eta jakina da denek izan dutela garrantzia eskerga maisuen garapenetan. Hitz ederrak agertzen ditu Ibarrolak Pilar Belzunceren inguruan: "Bereziki goresgarria da Pilik Chillidagatik egindakoa; geurea ez bezala, familia aberatsekoa zen bera eta, hala ere, zintzo borrokatu zen Eduardoren karreraren alde. Oso inportantea izan da Piliren indarra Chillida bezalako artista batentzat". Eta argia egin zen azkenean, gerizpeko lagunaren itzalpean.