Donostia. Euskaraz irakurtzen dutenak gora egin al dute?
Ez dago honi buruzko azterketarik eta uste dut lehendakaritza honen barruan egin beharko litzatekeen gauza bat dela. Irakurleak non dauden, nortzuk diren edota nola mugi-tzen diren ikertu behar dugu. Argitaletxe batzuk kopuruari bakarrik begiratzen diote, baina irakurzaletasunaren osasunari begiratzeko, kopurua bezain garrantzitsua dira edukia eta kalitatea. Behingoz zertaz ari garen jakin dezagun oinarrizko datuak izan beharko genituzke mahai gainean. Badago beste fenomeno bat modernitatearekin lotua dagoena. Gero eta gehiago, euskal literaturaren irakurlea ez da irakurle soila; batzuk irakurketa klubetan eta blogen inguruko eztabaidetan elkartzen hasi dira eta saltsa oso interesgarria sortzen ari da. Fenomeno hau ezin da elkartetik kanpo egon eta ahaleginak egingo ditut sare hauetan ere sartzeko.
Itzulpenari dagokionez, eztabaida ere sortzen da euskaraz eta gazteleraz aldi berean irakurtzeko aukera izateagatik.
Arazo horiek badaude. Hala ere, euskal produkzioan eta irakurleetan ez da sektore garrantzitsuena. Argitaletxeak ere kexatu izan dira horretaz nahiz eta, aspaldiko partez, literatura irakurterrazagoa da euskaraz. Arazo larriagoa da, baliabide teknikoak direla medio, euskal produkzioa ia-ia une berean argitara-tzea euskaraz, gaztelaniaz eta beste hizkuntzetan. Horrek sesgoren bat sor dezake. Baina nik horri ere ez diot beldurrik, horretan euskal irakurlegoa oso fidela delako eta euskaraz irakurtzen du euskaraz produzitzen dena.
Askotan "euskal literatura" kon-tzeptua kolokan jarri dute. Euskaraz idatzitako literatura al da euskal literatura?
Terminologikoki jokatzen badugu euskal literatura euskarazko literatura da. Beste gauza bat da Euskal Herrian beste literatura batzuk egiten ote diren, eta noski, hemen gazteleraz eta frantsesez produzitzen da. Agian, beste termino bat asmatu beharko genuke baina euskal aurrizkiak literaturaren esparrua mugatzen du. Gure elkartea Euskal Idazleen Elkartea da, alegia, euskaraz idazten duten euskal idazleen elkartea eta hemen ez dago erdaraz soilik idazten duen autorerik, hori gure dinamikatik kanpo dago.
Narratibako sari nazionalek euskal literaturari egiten diote faborea edo saritutako idazleari bakarrik?
Kontrobersia handia dago hor. Lehendabiziko abantaila sarituarentzat berarentzat da eta horrekin batera, euskal literaturarentzat, famatu egiten baitute mundu horretan sartuz. Baina badago ikusteko modu zabalago bat. Egun, eta ez bakarrik literaturan, sariak ez dira huts-hutsean eskaintzen produktuak duen eduki zientifiko edo estetikoagatik, sariak mundu ikusgarri batean daude sartuta eta politika dago horren atzetik. Askotan sarien mekanismoa jende mota bat politikoki saritzea eta beste jende mota bat zigortzea da. Gure artean, ez dira askotan eman horrelako fenomenoak baina orain kezka hori badago. Hemen badira idazleak Eusko Jaurlaritzak edo Espainiak eman izan dituen sariei uko egin dietenak. Dena den, hau literaturaren aberastasunaren barruan sartzen da eta euskal literatura leku onean dagoela erakusten digu, hau da, eztabaidak eztabaida, kulturaren munduan espazio bat lortu duela.
Zeintzuk dira erronka nagusiak?
Batetik, hizkuntza minorizatu batean ari gara eta horrek dauzkan gabeziak kontuan hartuta, irakurleei eutsi behar diegu. Arlo oso garrantzitsua da eta elkarteak beti jarri ditu hor bere asmoak: eskoletan irakuzaletasuna bultzatzeko kanpainak, irakurle adinekoengana iristeko ekimenak eta orain, sarearen bidez beste irakurle ba-tzuengana iristeko asmoa dugu.