Urteak daramatzate pentsionistek kaleak betetzen, astero-astero, euri zein eguzki, aldarrikapen argi batekin: duintasunez bizitzeko eskubidea. Ez da gutxi. Haien konpromisoak, irmotasunak eta, batez ere, duintasunak lezio baliotsua eman diote gizarte osoari, eta erakutsi dute justizia soziala ez dela eslogan hutsa, eguneroko borroka baizik.
Pentsionista mugimenduari esker, pentsio duinak ez dira bigarren mailako gai bat. Zortzi urte daramatzan borroka honek, eskubideen defentsa eta ongizate kolektiboa eztabaida politikoaren eta sozialaren erdigunean jarri dituzte, eta hori ez da kasualitatea: belaunaldi oso batek egindako lanari eta ekarpenari zor diogun errespetuaren ondorio zuzena da. Gaurko ongizatearen oinarriak atzo eraiki zituzten, eta ezin dugu ahaztu.
Ezinbestekoa da aitortzea mobilizazio hauek eredugarriak izan direla. Ez dute soilik euren alde hitz egin, gizarte oso baten alde baizik. Bereziki, pentsio apalenak jasotzen dituzten pertsonen egoera jarri dute mahai gainean, askotan ikusezin bihurtu diren errealitateak agerian utziz. Zaurgarritasun egoeran dauden horiek dira, hain zuzen, politika publikoen lehentasuna izan beharko luketenak.
Gizarte bidezkoago bat nahi badugu, ezin da nahikoa izan hitz politak esatea. Administrazioek eta ordezkaritza politikoak erantzukizunez jokatu behar dute, pentsionista mugimenduaren aldarrikapen legitimoei erantzunez eta baliabide zein neurri eraginkorrak martxan jarriz. Inor atzean utziko ez duen pentsio sistema bat ez da aukera bat: betebehar bat da.
Pentsionisten borroka ez da iraganera begirakoa. Orainaren eta etorkizunaren aldeko borroka da, guztion etorkizunaren aldekoa. Horregatik, ezinbestekoa da haiekin batera bidea egiten jarraitzea, euren ahotsa entzunez eta euren duintasuna defendatuz. Izan ere, gizarte baten neurria nola zaintzen dituen bere adinekoak erakusten du.
* Egilea Laudioko alkatea da