Zenbateko mina sentitzen duzu batetik hamarrera? Medikuak galdera egin dit eta halakoetan beti gertatzen zaidan bezala, ez dut jakin zenbaki zehatz bat esaten. Min handia daukat baina ez dakit zenbakietan azaltzen nire ezinegona. Ba ez dakit, zazpi? zortzi?, erantzun diot. Eta Urgentzietatik irtetean, pentsatu dut minarekin gertatzen den bezala, bizitzan benetan inportanteak diren gauza gehienekin ere gertatzen dela. Alegia, ezinezkoa dela kuantifikatzea mina, ezinezkoa den bezala esatea zenbat maite duzun norbait batetik hamarrera. Edo atzerrian bizi baldin bazara, adibidez, zenbateko herrimina sentitzen duzun batetik hamarrera; edo zenbateko tristezia sentitzen duzun egun batzuetan batetik hamarrera… Dena zenbakitan azaldu nahi duen gizarte honen aurrean (ikusi besterik ez dago komunikabideek zenbateko garrantzia ematen dioten unean uneko datu zehatzak izateari kasu askotan testuinguruari eta datuen epe luzeko bilakaerari erreparatu gabe), halako gizarte kuantifikatzaile batean, nola azaldu gure sentimenduak, gure sentsazioak, gure maitasun eta minak ezin direla excell batean sartu. Ezin den bezala dirutan neurtu pertsona baten balioa, edo zentimetrotan pertsona baten handitasuna, edo litrotan haren duintasuna. Batetik hamarrera hamar maite zaitut esango lioke maitale batek bere maiteari, baina agian egun batean konturatuko da hamaikako puntuazioa merezi dezakeela beste maitasun batek. Izan ere, Trump bezalako gizonek gidatzen duten mundu honetan, muga-zergak jarri ahal izango zaizkie salmentarako produktuei, baina ez dago arantzelik jartzeari gizakiok barnean gordetzen ditugun min, maitasun, desio, poz, tristura, haserre edota pozari. Ez dago benetako mundu horretan batetik hamarrera ezere neurtzerik. Ez dago benetako mundu horretan ezer saltzea edota erosterik. Sentimendu eta emozioak eduki baino gehiago, sentimendu eta emozioak garelako.
- Multimedia
- Servicios
- Participación
