Eskuin muturra ez da Alemaniako hurrengo gobernuan izanen, baina hango bigaren alderdia da jada. Halako bi egin du gora igandeko hauteskundeetan. Lehengo lepotik burua nazismoa loratzen ikusi zuen herrian? Bazkaleku joria bai, bederen. Austrian ere, Hitlerren sorlekuan, gobernatzearen atarian gelditu dira berriki. Afera, orokorragoa da noski. Europako herri guztietan hazten ari da ultraeskuina; Hungarian eta Italian agintean da. Errusian ere bai, Putinek beren burua halakotzat ez badu ere. Eta Argentinan. Eta Estatu Batuetan, non Trump-Musk bikote beldurgarria erakusten ari baita bere ideologia munduko bazter guztietara esportatzeko irrika. Halako eragina zenbaterainokoa den neurtzen zaila da, baina bere pisua izan izanen zuen Alemaniako igandeko bozketan. Guri ere berdin gertatzen ahalko zaigu hurrengo urteetan. Eskuin muturra, bertzalde, DDR komunistaren mendeko lurraldeetan nagusitu zen asteburuan, hau da, Alemaniako eskualderik pobreenetan, batasunarengatik ere mendebaldearen oparotasunetik urruti gelditu diren horietan. Onartu beharra dago: sistemak kaltetzen dituenekin eskuin muturraren musika aise ere eraginkorragoa da ezkerrarena baino, baina hori ez da haren errua horrena baizik. Norberaren ezbeharren erruduna seinalatzea aski, kasu honetan etorkinak, bertakoei lanpostuak ebatsi ez ezik karriketako segurtasuna kolokan jartzen dutelakoan. Ideia hori aski hedaturik ez ote zen, hauteskunde kanpaina bitartean gutienez ere hiru atentatu izan dira Alemanian, bertze horrenbertze asilo-eskatzaileen eskutik. Kasualitate handiegia, esku beltzak ikusteari muzin egiten ez diogunendako, hemengoz ere ikaskizun. Eta kontu bat gehiago, kasu estereotipoekin. AfDko burua ez da matxirulo hetereopatriarkal homofobo bat. Alice Weidel lesbiana da, eta haren emazteak Sri Lankako jatorria du; bi seme-alaba ditu harekin, ez jakin zer koloretakoak.