1 - Gizartea ezkor dagoela esan ohi da. Halako baieztapen bat etorkizunari buruzko pertzepzioetan berretsi daiteke bereziki. Esate baterako, hurrengo belaunaldiak gero eta hobeto biziko diren aukera eta espektatiba epeldu egin da. Iritzi giro horren berehalako ondorioa etsipena da, baina besteekiko mesfidantzak gora egitea, bakoitza berera joatea, eta gure jokabideetan zuhurragoak izatearen premia sentitzea ere bai.

Etsipena ala bultzada

Geroaz galdetuta, inkestetan beste bi kontu orokor gutxienik egiaztatu daitezke. Alde batetik, gure lurraldearen etorkizuneko garapenari buruzko jarrerak baikorrak dira. Aukeren lurralde bat izan eta pertsonari bere ahalegina konpentsatzen zaion iritzia nagusitzen da; arrakala bat dago, halere, 30-45 urte bitartekoen kasuan. Ostera, eskala handi eta zabalagoko eskualdeei buruz galdetuta (Europa, Mundua), haien bilakaerak okerrera egingo duen susmoa altua eta orokorra da gizarteko segmentu gero eta gehiagotan.

Bestetik, gehiengo zabalak uste du egunerokoan badituela moduak eta baliabideak etxekoei bide onetik bultzatzeko. Etxeetan ohiturak liberalizatu dira eta belaunaldiak elkarrekin -edo behintzat elkarren ondoan- denbora gehiago bizi dira. Hori dela eta, senitartekoen eta ingurukoen zailtasunen berri izaten dugu, eta horrek askotan efektu afektiboa eta efektiboa ditu, ahaleginduz eta bizitzako eremu ezberdinetara hedatuta laguntza erreziprokoa eta zaintza, kosta ala kosta. Politika bideratuak eta indibidualizatuak ere aintzat hartzen dira. Horren arrisku behinena erdiko klasearen babesgabetasun sentimendua da, edo gabezia erlatiboa; zer esanik ez, ziurgabetasunagatik hipersentiberak egonik, eta zerbitzu publikoekiko espektatiba altua eta bere efikazia instituzionalarekiko iritzi giro pesimista konbinatzen badira.

2.- Gizarteko iritzi giroan nahasmena nagusitzen bada, eta adiskidetasuna eta kooperazioa higatzen, orduan konfusioa areago sustatu, kapitalizatu eta asaldatzeko errepertorioak ere suspertu eta biziagotzen dira. Horren erakusle dira aldaera populista ezberdinak eta beren falaziak, heuristika sinplistak, binarioak eta kausalak, eta faltsukeriak. Egin kontu arretaren ekonomian eta politika digitalizatuan mezu ezkorrak, interesatuak eta distortsionatuak pizgarria direla eta zarata, beldurra eta identitate politikoen arteko gorrotoa instantean barreiatzen dela. Kasu horretan gizartea zatitu eta tenkatzeko kaltea eta probabilitatea handitzen dira.

Bere efektuetako bat da konfiantza instituzionalaren galera, batzuetan errendimendu apalagatik, baina ez gutxitan polarizazio afektiboagatik ere bai: talde politikoekiko identifikazioak gero eta gehiago baldintzatzen du errealitate sozialaren balorazioa. Horregatik, besteari arreta ipiniz ikastea edota lehentasunak aldatzea ezohikoa da; gobernu kontrolaren alternantzia toleratzeak behera egiten du; portaera sektarioak finkatzen dira; eta lankidetzazko egitasmoekin pertsonaren eraldaketarako grina, adorea eta gogoa ere apaltzen dira, lana erdipurdi utzi eta olatuak eramaten lagata. Gainera, lehentasun soziopolitikoak eta klima sozialari buruzko pertzepzioak induzitu, oposizio partidista indarberritu, eta botoaren izaera prospektiboak gero eta pisu handiagoa hartzen du. Bestalde, politikarekiko afektu negatiboak dituzten pertsona-taldeen kasuan, amore emate, desesperazio eta amorraziozko gogo-aldarteak azeleratu eta suspertzen ditu.

Bada, ordea, gurea bezalako gizarte heldu, ekintzaile eta kooperatiboetan, polarizazio afektiboaren efektu are kaltegarriago bat: politikoen eta hauen aholkulari ilunen unibertso auto-errefentzialak (botere, prestigio, estatus lehia hutsak, alegia) guztiari barrenak jan eta indarrak ahitzea, alegia. Politika haien mundu hutsal eta liskartsura mugatzea gutxi ez, eta lurraldeko beste hainbat arlo ere baldintzatu ohi dituzte, hala nola ekonomia eta gizartea. Hainbat kasutan, gainera, gizarte zibileko erakunde ezberdinek joko etsitu eta oportunista horretan parte sentitu eta parte hartu nahiago dute; berehalakoa, oraingotasuna, interes eskuragarrienen maximizatzea, lehia korporatiboa, informe burokratiko eta legalistak, edota gaitz txikienaren politika kontserbadorea egonkortuz, besteak beste.

Joera horiek, gurean ere, batzuetan espekulatiboak dira, besteetan faktikoak, baina kasu batean zein bestean iritzi giroa zeharo baldintzatzen dute, aukera eraldatzaileen kaltetan.

3.- Horren aurrean, pertsonak, bere kontzientzia eta borondate asketik, hiru gaitasun landu ditzan, guztiok ahalegindu beste modurik ez dugu. Batetik, munduaren ur azpiko korrontea ulertzea, gure neurriaren jabe izatea, eta munduan egoteko gure aukerak eta modua irudikatzea ezinbestekoa da. Bestetik, gure barne bizitzari gehiago eta zintzoago begiratu, eta bizitzaren zentzuaz ere hausnartu behar dugu, mundu eta sasoi konkretu honetan gure zertarakoa ireki eta areagotu, eta konpromiso zibikoa indartu dezagun. Hirugarrenik, norabidea argitu eta gaitasun herrigileak hedatzearekin batera, pertsonaren duintasuna eta guztion ona abiapuntu gisa berrezarri behar ditugu, ongizate betea (zoriona hedatu eta oinazea desagertzea) ideal praktikoa eta gure egitasmoen bektore estrategikoa izango bada. Etorkizuneko agintea hartuta eta asmo handiko egitasmo iraunkorrak herribideratzeko, beraz, gobernantza publikoa ez ezik lurraldeko beste erakundeen antolaera, kultura eta ekinbideak ere birsortzeko premia dago.

Gure aurrekoen legatutik eta esperientziaren zentzutik badugu zer ikasi. Halere, inspirazio historikoa sasoi berrira egiteko baliatzea ere badagokigu; iragan loriatsu eta ospetsuen nostalgian barruratu eta inertzian erori ordez. Prezeski, euskal izanbidea esperientzia moldagarria izan da. Inspirazio antropologiko argi bat izan du (kultura pirenaikoa). Baina pixkanaka besteekin topo egin eta mundura egiteko jakingura, irekitasuna eta sentsibilitatea ere landu ditugu, gure soslai psiko-soziala, jendaurreko liturgiak eta hartu-emaneko soziabilitatea osatuz eta aberastuz, bost-sei mendeko prozesu gorabeheratsuan. Orain ere, mundua (denbora eta espazioa) konprimatu, gure ingurune soziokulturala ere bestelakotu, eta teknologia pentsaera, sentiera eta portaera heredatuak birformulatzen ari zaigularik, fedea izan eta asmoz eta ekitez jarraitzea dagokigu.

Guztiarekin, gurean badago ubide konbergentea: batzuek horri herrigintza deritzote, besteek lankidetzazko ekonomia, ez gutxik lurralde arduratsua eta erantzulea. Hitz horien oihartzunek pertsonaren subjektibitatea eta asoziazioaren zentzua biziarazteko balio izan digute. Beste behin, gure ekinarekin eta zentzu praktiko eta transformatzailearekin, egunerokotasunean, eta erabakitasunez, urrats berriak arrasto haiekin konektatzen jarraitu beste aukerarik ez dugu; pertsona bere duintasunaren neurriko, eta, erantzukidetasunetik, lurraldea guztiontzat bizigarri izateko, aukera zoragarriz betetako mundu honetan.

Mondragon Unibertsitateko irakaslea