Aurreko larunbatean Euzko Alderdi Jeltzalearen Aberri Batzarrak amaiera eman zion datozen hauteskundeetako hautagaitzak aukeratzeko prozesuari –hala Eusko Legebiltzarrakoak, nola Europakoak–. Bi buelta uri-erakundeetan, herrialde batzarrak eta, azkenik, izendapena. Osora, bi hilabete. Hasiera-hasieratik jarraitzeko borondaterik ez zuela jakinarazi arren, zerrendak publiko egitean hainbatek pertsona baten izena faltan somatu genuen: Joseba Egibar Artola jaunarena.

Euskaldun frankoren oroimenean daude bozeramalearen hamarkadetako hizkera biribila eta erantzun zuzenak; deserosoak, sarri askotan. Egibar da esaten edo idazten den esaldi bakoitzaren analista zorrotza eta guztiari –eta guztiei– neurria hartua dion jostun saiatua; batzuetan, milimetrora. Orokorrean politikan irudiari edo gauzak esateko moduari horrenbesteko azpimarra jartzen zaion honetan –gehiegizkoa, nire ustez– Josebak edukiaren azterketa egiten du; eta ondotik planteamenduaren zutabeak ezarri hitz garbiekin, erraz entenditu daitezkeenak. Hala behar du, baiki. Ez dakit konplexurik gabe bidea luzeagoa edo lauagoa izaten den, baina eramangarriagoa bai, seguru; zuzenagoa, nonbait. Izan ere, hitz egiteko momentua aukeratzea bezain inportantea izan ohi da mezua desitxuratu dezaketen modulazioetan ez erortzea: hitzen desitxuraketak norbera alda baitezake.

Joseba entzuteak maiz ekarri izan dit gogora Jose Maria Setienek esaten zuen zerbait. Setien gotzainari “desegokia” izatea leporatzen zioten tertulietako solaskideek; berak esaldiari buelta eman eta zera erantzun ohi zien: “beti esango dut beharrezkoa iruditzen zaidan guztia hori ezkutatzea desegokia dela iruditzen bazait”. Horrela ibili da ere Egibar urte luzeetan. Horrela, testu konplexuen interpretatzaile eta makillatutako gezurren alarma, atriletik luzaroan batzuen falaziak eta besteen arrazoinamendu manipulatuak hamaika piezatan lehertu izan ditu. Sinistuko didazue: bozeramalearen arrakasta ez dago bere oratoria-mailan –bikaina badu ere–, haren dialektika landuan baizik.

Horregatik, seguruenera, Herri honen historia parlamentarioa ezin daiteke ulertu bere hitzak entzun gabe; ezta Aberriaren bizitza-politikoa ere, ez bazaio bere lan isilari tentuz erreparatzen. Etorkizunean etorriko diren belaunaldiek Legebiltzarreko bilkura-egunkarietan majina bat orrialde izango dituzte patxadaz aztertzeko: emozioz jositako urteen testigantza; tristeak batzuetan, esperantzagarriak besteetan eta, batez ere, egungo fotografia ulertzeko oinarri-oinarrizkoak izan direnak. 1991an kurduekin hasi zen jardunari seinalea piztu zaio, hizlariak interbentzioa amaitzeari ekin diezaion.

Hemendik gutxira parlamentutik abertzale konprometitu bat joango da, ideologoa –politikan nekez aurkitzen diren horietakoa–, posizio deserosoak mantendu izan dituena –egokia zela sinistuta zegoenean– eta zintzotasuna erakutsi izan duena beti; Xabier Arzalluzen ikaslea, independentista petoa, euskaltzale jantzia eta letra larriz idazten den jeltzalea; baina, edozerren gainetik, norbait gardena eta leiala.

Duela aste batzuk aditu nion analista politiko bati Legebiltzarra uzteak lider baten agurra zekarrela. Ez nago ados. Determinazioan eta zintzotasunean iltzatuak dauden lidergoak –barrura zein kanpo-ra– karguarekin jaio egiten ez diren bezala, ez dira kargua uztean agortzen. Autoritatea osoa ez bada, ez da autoritatea; izatekotan, beste zerbait izango da.

Abenduaren hasieran, notizia jakin eta hurrengo egunean, kazetariek Josebari adierazpenak egitea eskatu zioten Legebiltzarreko atarian. Egibarrek, ohikoa duen umorearekin, beraiei egin zien galdera: “Baina zer egingo duzue ni gabe?”. Egia esateko, ordutik nabil ni ere galdera horri erantzun nahian.