Hirurogeita hamar mila lagun. Bakoitza bere aitarena eta bere amarena. Bakoitza bere ukuilukoa. Baina behingoz irizkide. Bilboko karrikek ikusi izan dute, seguru, lehengo larunbatekoa baino manifestazio jendetsuagorik. Ez, ordea, euskararen aldeko. Euskaldunon Egunkariaren itxieraren garaietara jo behar genuke, 2003ra, beraz, gisa bereko elkarretaratze alimaleko bat oroitzeko, euskaldunen eskubideen defentsan. Euskaltzaleak ez du beti horrela erantzun kalera ateratzeko eskatu zaion guztietan. Errespetua pizten du galtzadaren erdiak; dudak, borroka-toki horren egokitasunak. Kontseiluak asmatu du oraingoan, arrakastatsu atera da larunbateko apustutik. Garaipen aire bat sumatzen zen, aspaldi ez bezalakoa, larunbat arratsean euskaltzaleek sareratzen zituzten mezuetan. Hainbertze berri txar edo erdipurdikoren artean, aurpegia argitzeko arrazoi bat, aspaldiko partez. Ikusteko dago manifestazioak zerbait utziko duen, ondorio praktikoei dagokienez. Oldarraldi judizialak eragin zuen deialdia. Larunbateko jendetza ikusita abisua jasoko ote du epaile jendeak, bi aldiz pentsatzeraino hurrengo sententziak? Ez dago halakorik inon idatzia. Dena dela, azkenotako epai euskarafoboak gabe ere poliki errotzen hasia zen larritasuna gure artean. Ezkortasunaren birusa Covidarenaren gisara hedatu zaigu aspaldi honetan. Betaurreko beltzak ezin kendurik gabiltza, agonismoaren lokatzean plisti-plasta laketuak. Begi-bistan da ez zaizkigula duela 40 urteko aurreikuspenak bete. Amestuko ez genituen korapiloetan zango-trabatu gara. Nora jo bagenekien baina orain ez dakigu nola. Beharbada, bertzerik gabe, errealitatearekin egin dugu topo: uste baino pikoagoa zen igo nahi genuen malda. Larunbatekoak, pozgarri ez ezik, pizgarri ere izan behar luke. Jaun-andreak, baikortasun pixka bat. Dena ez dago hain gaizki. Betaurrekoen kolorea aldatu, bidea ikusteko behintzat.
- Multimedia
- Servicios
- Participación