Duela lau urte ezagutu nuen Lea, uniformez, Israelgo iparraldean. Nire laguna da, baina ez da Lea deitzen. Behin laguntza behar izan nuelako hasi ginen hizketan eta, harrezkero, majina bat aldiz lagundu nau; beharbada, bera oso kontziente izan gabe. Urgull igo dugu elkarrekin eta Tel Aviveko Kaplan kalea zeharkatu ere bai. Emakume oso argia da –ez soilik kultura edo ikasketa- aldetik: maila humanoan, gertukoan–. Esango nuke, erratu gabe, bera dela nire bizitzan dudan pertsonarik azkarrenetakoa, azkarrena ez bada. Seguruenera, horregatik ejerzituko eliteko unitate batean sartu eta komandante izatera heldu zen, hainbat soldadu agindupean zituela.

Hau guztia diot perspektiba gal ez dezagun: horrelako eginkizunetan diharduen batek, karrera militarra uzten duenean –unitatean hartutako eskarmentu eta formakuntzarekin–, Hi-Techeko enpresa arrakastatsuenetara erraz jo dezakelako, hilero dirutza irabazita. Ez zen bere kasua izan. Mediku izateko bokazioa izaki, zerbitzua amaitu eta medikuntza ikasten hasi zen duela aste batzuk. Medikuntza eta arabiera. Beharrezkoa ez bada ere, nola artatuko ditut ba hebreera ama-hizkuntza ez duten herritarrak? Nola behartuko ditut okerrago moldatzen diren hizkuntzan egiten? –Adierazi izan dit behin baino gehiagotan–. Bera sionista eta feminista porrokatua da eta elkarrekin manifestatu izan gara hamaika aldiz Tel Aviveko kaleetan: Israelgo demokraziaren alde eta palestinarren eskubide zibil eta politikoen alde; beti arrazakeria eta intolerantziaren kontra. Horretan erradikala izan da beti.

Gurasoen ezpaleko da Lea: aitak horren heterogeneoa den Herria josi nahi du. Gure herriak –esan izan dit behin baino gehiagotan– jatorri askotako juduak, arabiar-musulmanak, arabiar-kristauak eta drusoak ditu, besteak beste; areago, “familia” bakoitzak, beste horrenbesteko ezberdintasun dauzka bere baitan (judu ultra ortodoxoak, laikoak…); eta gure problemetako bat, nagusia gainera, gure artean dagoen arrakala da. Askotan arrotzak gara gure Herrian eta horrek –aitortu dit berak– ulertezintasuna eta mesfidantza sortzen du anai-arreben artean. Badago zer josi. Josteko, noski, proiektuak behar dira.

Learen neska-laguna, Sara –Sara deituko diot, izen hori ez badu ere–, karrera militarra egiten ari da. Maitagarria da, zinez. Leak sustraiak Europan baditu ere, naziek ebaki zituztenak, Sararenak inguruko herrialde arabiarretan daude –Yemen, Siria…–. Bere arbasoek ere antisemitismotik alde egin behar izan zuten, duela hamarkada batzuk. Amonak arabieraz hitz egiten zuen baina kanporaketaren traumak eragin egin zion hizkuntzaren transmisioari eta, hala erabakita, galdu zen Sararen aurreko kate-begian. Nolabaiteko pena horrekin bizi da orain bera.

Duela hilabete eskas gosaltzeko gelditu ginen Lea eta biok, Tel Aviven, berak ondo ezagutzen duen kafetegi batean. Kafe bana hartu genuen –berak afuj eta nik espresso aroj–, ni aireportura joan baino ordu batzuk lehenago. Berak karrera –bere ametsetako karrera– hastear zuen eta ni Legebiltzarrean sartu berria nintzen. Gogoan dut halako batean zera esan niola: “Hilabete eskas igaro dira egon ginen azken alditik eta, bata eta bestearen bizitza-aldaketak ikusita, hamarkada bat igaro dela ematen du”. Larunbat honetan idatzi ninduen unibertsitatean etenaldia egin eta berriz uniformea jantzi behar zuelako. Hamasek haurrak eta helduak bahitu eta erail zituen urteetan ikusi izan ez dugun gordintasun eta ankerkeriarekin. Dagoeneko, gerra hasia zen. Ez dakit esan nion hamarkada hura ez ote den mende bilakatu.

Leaz hitz egin dizuet gatazka luze eta sakon baten analisia egiteko gai ez naizelako orain. Leaz hitz egin dizuet nire munduak Learen antza izatea nahi dudalako; ez, ordea, bera bortxatu, bahitu eta erail nahi dutenen antza. Leaz hitz egin dizuet ezin dudalako baina-z jositako gaitzespenik ulertu; ezin naitekelako anbibalentziekin eroso sentitu. Lea eta Lea guztiei: zaindu zuen Herria, zaindu zuen burua; izugarri maite zaituztet. l