Badoakigu beste ikasturte bat, 2022-2023a. Laster bukatuko dira azken azterketak. Aurten ikasle berezia izan dugu gure artean, batik bat, bigarren seihilekoan nabarmendu dena: ChatGPT.
ChatGPT inteligentzia artifiziala baliatzen duen chatbot-mota da. Baina nola bihurtu da ikasle berezi? Oso erraz, gainerako ikasleak baliatuta. Izan ere, ikasle asko, berau erabiltzean, oharkabean, haren esanetara jarri dira. Printzipioz, badirudi alderantziz dela, ikasle horiek nahi dutena, edo irakasleak galdetutakoaren inguruan, galdetzen diotelako. Baina, gero, ChatGPTk berak sortzen du nahi duena. Halatan, ikasleek hori egiaztatu edo kontrastatu ezean, horixe izango da irakasleak zuzendu beharrekoa.
Ez da harritzekoa ikasle asko ChatGPTren esanetara geratzea, haren morroi egitea. Kaletik zoazela ikustea besterik ez dago jendea nola doan, hipnotizatuta bezala, eskuko telefono eta bestelako gailu elektroniko sofistikatu batzuetara konektatuta.
Unibertsitatean berdin gertatzen da. Irakasleok eskolak ematen ditugu eta aurrean ordenagailu, eskuko telefono, tablet eta antzekoetara konektatutako ikasleak ditugu. Zoritxarrez, batzuetan, irakasleok badakigu azaltzen ari garenari jaramonik egin gabe daudela. Euren aurpegiak ikustea besterik ez dago. Auskalo norekin dauden txateatzen, film bat ikusten ari diren edo beste irakasgairen bateko lanen bat egiten dauden.
Labur-zurrean esanda, gailu elektronikoetara hiper-konektatuta bizi gara.
Bada, hiper-konexio horren ondorio da ChatGPT. Estatu Batuetako OpenAI inteligentzia artifizialeko laborategiak sortu eta gure esku jarri zuen iaz. Egia esan, hitz-joko bat eginez, Openeye izan zitekeen laborategi horren izena. Egin-eginean ere, sarean dagoen guztia ikusi eta bereganatzen duen laborategia da, gero ChatGPTren inteligentzia artifizialean sartzeko. Bestela esanda, ChatGPT gai da edozein eduki sortzeko, sarean jasotako informazio guztia oinarri hartuta. Egin kontu, zer-nolako adimena duen.
Nik neuk Gabonetako oporretan ezagutu nuen, teknologia berriekin aritzen den lagun batek txoko batean aurkeztu zidanean. Harrezkero, hainbat eduki sortzeko eskatu diot ChatGPTri. Segidan idazten dit emandako irizpideen araberako testua. Batzuetan fin aritzen da eta beste batzuetan ez hain fin. Noizbehinka haluzinazioak ere izaten ditu, hau da, itxuraz ontzat eman daitekeen edukia sortzen du, baina egiaztatutako informazioa baliatu gabe.
Hori guztiori aintzat hartuta, unibertsitatean, azkenaldian, ChatGPTren inguruko edozenbat berbaldi, jardunaldi, jarraibide eta zeresan sortu da.
Irakasle gisa onartu behar dut inkisidore ugari antzematen ari naizela, ChatGPT unibertsitatean debekatu edo mugatu nahi duten horien artean.
XXI. mendeko inkisidore horien esanetan, aurrerantzean, ahozko eta eskuz idatzitako aurrez aurreko azterketa eta probak egin beharko genituzke bakarrik.
Bai, ChatGPTren alde nago, inteligentzia artifizialaren alde. Halabeharrean, baina alde, gure artean dagoelako jada, errealitate delako. Zinez, uste dut hobe izango dugula zenbat eta lehenago onartu horrekin bizi beharko dugula, eta, beraz, errealitateari aurre egin beharko diogula.
Inkisidore lanetan dihardutenek aitzakia bezala jartzen dute ikasleek kopiatu besterik ez dituztela egingo ChatGPTk edo aurrerantzean sor daitekeen inteligentzia artifizial orok sortutako edukiak.
Turnitin bezalako gailuak erabiltzeaz obsesionatuta zeuden orain arte. Horrelako gailuen eginkizuna da ikasleek egindako lanetan plagioak detektatzea. Jakina, ChatGPTk eta antzekoek plagiatu beharrean edukiak sortzen dituztenez, bat-batean, zaharkituta edo ezerezean geratu dira Turnitin bezalako gailuak.
Aitortu behar dut Turnitin eta antzeko gailuen aldekoa ez naizela izan. Zuzenbideko irakaslea izanik, ahalegintzen naiz nire ikasleei irakasten adierazten duten guztia behar bezala justifikatu eta arrazoitu behar dutela, kasuan kasuko arau, jurisprudentzia edo doktrina zientifikoaren bidez. Halaber, ahalegintzen naiz, deontologia profesionalari dagokionez, moralaren arabera jardutearen garrantzia nabarmentzen, uste baitut erabakiak hartzeko orduan hori dela kontuan hartu beharreko irizpide nagusia. Ez da kasualitatea Kode Zibilak ere morala aintzakotzat hartzea, kontratugileek egin ditzaketen itunen muga bezala. Hurrean ere, morala da askatasun-, justizia- eta berdintasun-balioak sostengatzen dituena, eta onustearen bidez azaleratzen dena. Hala eta guztiz ere, beti atera daiteke moralik gabekoren bat. Konparazio baterako, gogoratzen dut bazela sona handiko magistratu bat, jakintza handikoa, buruargia oso, baina erabat moralik gabekoa, gai zelako epai edo txosten bat esangura batean idazteko edo guztiz kontrakoan, bikaintasun-maila berarekin, berarentzat komenigarri zenaren arabera.
Nolanahi ere, beti pentsatu izan dut gure zegina ez dela poliziarenak egitearena, ezpada ikasleak, moralarekin bat etorriz, zientifikoak izateko prestatzea, arrazoitsu kritiko eta aske izan daitezen. Bestela, Gargantuak umeak irentsi ohi dituen erraztasunarekin irentsiko dute entzun edo irakurtzen duten guztia, besterik gabe.
Orain, ChatGPTrekin eta, oro har, inteligentzia artifizialarekin, irakaspen horri eutsiko diot. Areago, irakaspen horrekin ChatGPTk sor ditzakeen arazoei aurre egin dakiekeelakoan nago.
Litekeena da ikasle askok ChatGPTk sortutako edukiak bere horretan jasotzea euren zereginetan. Baina nire ustez hori ez da benetako arazoa. Aitzitik, arazoa da ikasleak gai ez izatea balioesteko ChatGPTk sortutako edukia zuzena, egokia eta moralaren araberakoa den ala ez. Beste hitz batzuekin esanda, ChatGPT informazioa lortzeko beste edozein lanabes bezalakoa izanik, arazoa da horrek sortzen dituen eduki asko eta asko nik ezagutu nuen magistratuak sortutakoen modukoak direla, alegia, bikainak. Horrenbestez, ikasleek, nahiz eta magistratu haren jakituriarik eta adimenik izan ez, ChatGPTk ordez dezakeenez hori guztiori, eskuragarri izango dituzte primerako edukiak. Kontua izango da, magistratu hark bezala jardungo duten ala ez, hau da, euren konbenientziaren arabera, morala bazter utzita.
Agian, ikuspegi kritiko eta zientifikorik gabe eta moralik gabe aritzearen arazoa aldez aurretik datorkigu.
Pandemiaren aurretik, estimu handitan dudan irakasle bati entzun nion gaur egungo ikasle asko analfabeto funtzionalak direla. Irakurtzen eta idazten badakite, baina ez aurrean dutena ulertu eta gogoeta kritiko baten ondorioz euren erantzunak arrazoitzen, modu efiziente batean ematen, esan zidan.
Ez da harritzekoa. Bat-batekotasuneko edo instanteko gizartean bizi gara, azalekoan. Esfortzua, diziplina, ardura, jakintza, nortasuna izatea… iraganeko hitzak dirudite. Emaitzek agintzen dute, gehiegitan horietara nola heltzen den ardurarik izan gabe. Gaizki baliatutako digitalizazioak ere ez du asko laguntzen, asko baitira erabat distraituta bizi direnak.
Boloniako Plana abian jarri eta lehenengo belaunaldiari eskolak eman nizkionean gogoratzen naiz nire zuzendari zenak arreta deitu zidala, ikasleak kexu zirelako, exigentzia-maila handia eta landu beharreko edukiak gehiegi omen zirelako. Ordura arte, sekula halako kexarik izan gabe nengoen. Zuzendariarekin izandako bilerara lan-zuzenbideko oinarrizko arauekin agertu nintzen, bai eta artazi batzuekin ere. Zuzendariarekin batera orduko dekanoa zegoen. Kexak zirela eta, artaziak hartu eta arauak aurrean nituela itaundu nien arau bakoitzean (Langileen Estatutuan, Gizarte Segurantzako Legean, Lan Prozeduraren Legean…) zein orrialdetik aurrera nahi zuten orriak ebakitzea. Orduantxe amaitu zen bilera.
Orobat, Boloniako Plana indarrean jarri zenetik unibertsitatea ikaragarri hazi da, neurriz kanpoko dimentsioa hartu eta jasanezin bihurtzeko arriskuarekin, hurrengo urteetan izango den ikasle-beherakadari eta unibertsitateen arteko lehiari aurre egiteko. Haatik, horrek ez du irakasle-ikerlarion lana arindu, guretzat ere burokrazia eta lana ondo egiteko enbarazu besterik egiten ez diguten makina bat prozesu sortu baitira. Gainera, orain, horrek erabat baldintzatuko ditu premiazkoak izango diren online irakaskuntza eta, etengabeko prestakuntzaren baitan, mikrokredentzial eta mikromoduluak.
Horrek guztiorrek berarekin dakar gure egiteko nagusiari erreparatzea: gizartearekin zuzeneko harremanetan izan, pertsonek dituzten beharrizanak detektatu eta horiei erantzutea, dela ikasleak horretarako trebatuz, dela gizarteari gure ikerketak eskainiz. Alabaina, horretarako ere, unibertsitateak aske behar du, gai izan behar delako kanpo eragileek, inteligentzia artifizialak barne, beharrezkotzat jotzen dutenaren inguruan gogoeta egin eta horrekin bat etortzeko ala ez.
Ildo horretatik, gero eta aldakorrago den gizartearen arazoei erantzuteko unibertsitateak malgutasuna behar du. Liburu zuri, ikasketa-memoria eta -plan estatiko eta burokraziaz beterikoen ordez, askatasunetik aldaketei aurre egiteko gaitasuna behar da. Inteligentzia artifizialak berarekin dakar aldakortasun hori baina esandakoaren haritik hori baliatu eta behar bezala balioesteko gai diren irakasle-ikerlari eta ikasleak behar ditugu.
Lan-zuzenbideko irakaslea (Deustuko Unibertsitatea)