Hamarkadak egin ditugu eztabaidan. Nola handitu gure parrokia? Kostatu zaigu, baina, guzti-guztien adostasunik gabe ere, gehiengoaren kontsentsua ezarri da noizbait gurean: utz ditzagun behingoz jarrera uxatzaileak, berotu ditzagun epelak, epel ditzagun kontrakoak. Kopetilunaren ordez, irriñoa. Oihuaren partez, musua. Zakarkeriarik gabe, atsegintasun erakarlea. Euskara salbatuko bada, erdaldunak limurtu behar ditugu, erdaltzaleak xarmatu. Nik ere egin dut horren predikua. Gero, praktikan, komeriak. Nola gureganatu urrats bat ere emateko prest ez dagoena? Nafarroan, 2020an, historikotzat saldu ziguten PSNk, Geroa Bik eta Podemos-Ahal Duguk sinatu zuten gobernu hitzarmena. Euskal Herria Bildu kanpotik sostengua emateak areagotu zuen esperimentuaren sinesgarritasuna. Desberdinen arteko akordioa, politika desberdin baterako. Alabaina, legegintzaldiaren amaierarako hilabete batzuk baizik falta ez diren honetan, euskarari bagagozkio, begiak zorroztu beharra dago politika desberdin horren zantzuei antzemateko. Ezin uka, UPNren garaietan baino hagi-tzez diru gehiago dago gure hizkun-tzarendako. Egiari zor, lehenago lan-tzen ez ziren hamaika alor lantzen ditu orain Euskarabideak. Nafar gizartean modu positiboan eragiteko aukerak handitu dira alde horretatik. Berriz, normalizazio instituzionalaz den bezainbatean, balantzea etsigarria dugu. Euskalduna bigarren mailako herritarra da beti Nafarroako administraziora jotzen duen aldiro. Zonifikazioak bere aurpegi zakarrena erakusten segitzen du. Eta hori alda-tzeari irmoki uko egiten dio Nafarroako Gobernuko indar politiko nagusiak. Geroa Bairekiko kohabitazioak eta Euskal Herria Bildurekiko konplizitate parlamentarioak ez dute balio izan PSN milimetro batzuk baino haratago mugitzeko euskara kontuetan. Elkarriren garaietan insistentzialismoa zebilen zenbaiten aho mihietan. Baietz, hori dela bidea. Zer neketsua, ordea.