in ematen badizu, ez egon hor" abesten du Olatz Salvadorrek Ane Labakaren hitzak erabiliz. Eta inork pentsa dezake hori esan beharrik ere ez dagoela, pertsona guztiek ihes egiten dutela mina eragiten dieten pertsonengatik, etxeetatik, edo giroetatik. Baina errealitateak erakusten digu ez dela beti horrela, askotan min ematen digun harreman bat mantentzen dugula, adibidez, edo min egiten digun leku batera bueltatzen garela. Eta askotan esaldi hori entzun behar dugula, behin eta berriz, egiten ari garenaz ohartzeko, edo gauzak aldatzeko adorea aurkitu ahal izateko. Min emango dizula jakinda norbaitengana berriz bueltatzea onartezina eta ulertezina iruditzen zaie batzuei, besteen bizitzak kanpotik epaitzeko ohitura dutenei. Baina mundua zuri edo beltz ez den bezala, gure jarreretan ere kolore gama handi batek du eragina. Elkarren artean gurutzatzen diren faktore multzoak printzipioz ulertezina izan daitekeen zerbait egitera eraman gaitzake. Zenbat aldiz entzun dugu indarkeria matxista kasuetan: ba bikoteak min ematen badio zergatik jarraitzen du berarekin? Erraza da epaitzea pertsona bakoitzaren egoera ondo ezagutu gabe, hori egitera bultzatzen duten inertziak zeintzuk diren jakin gabe, botere harremanek duten indarra kontuan hartu gabe, dependentzia mota ezberdinez pentsatu gabe... Maitasunaren jokoa ez da lurralde neutral batean jokatzen, beste hainbat alorretan gertatzen den bezala. Txikitatik erakutsi digute emakumeoi maitasuna ematea dela gure eginkizunetako bat, bestea ondo sentiarazi, bestearen moldera egokitu... Ikasitako guzti hori gurekin doa edozein harreman hasten dugunean. Batzuetan kanta batek gogorarazi behar dizu norbaitek zu maite bazaitu, berak ere zuretzat onena nahi duelako izango dela; edo zuretzat onena nahi duelako maite zaituela. Harremanak ez badu osagai hori ez da maitasuna. Zure helburua ni pozik ikustea ez bada, ez nauzu maite. Eta arrazoi dute Salvadorrek eta Labakak: min ematen badidazu, hobeto dut hor ez egotea.