atzuetan, lanorduetan arrazoien batengatik kalera irten behar izaten dudanean, planeta berri batean sartzearen sentsazioa izaten dut. Astelehen, astearte edo asteazken goiz batean nire imajinarioan mundu guztia lanean, edo lan baten bila, edo ikasten dagoen bitartean, bat batean eguerdian kalera irten eta aurrez aurre aurkitzen ditut hainbat pertsona terrazetan ardotxo bat hartzen edo arropa dendetatik irteten, edo parketik paseatzen edo banku baten eguzkia hartzen€ Orduan beste mundu bat badagoela konturatzen naiz, lan mundutik, ikasketa mundutik, aste barruko beharren mundutik harago. Sentsazio antzekoa izaten nuen txikitan gaixorik egoteagatik etxean geratu behar izaten nuenean. Gogoratzen dut ohean edo ohetik sofara igarotzen nituen goiz haietan nire etxea bat batean beste etxe bat bihurtzen zela, beste planeta bat. Bai, han zeuden egunero ikusten nituen sukaldeko mahaia eta aulkiak, egongelako koadroak, argazkiak eta entziklopediak. Baina hura beste etxe bat zen. Beste soinu batzuk zituen ordu haietan, niretzat arrotzak: Amak bazkaria egin bitartean entzuten zuen irratia, lapikoen eta plateren zaratak, arropa eskegi bitartean auzokoarekin zituen hizketaldiak, postariaren tinbrea€ Etxeak beste soinu eta beste usain batzuk zituen, nahiz eta nire etxea izan. Arratsaldez, nebak eta aita bueltatzen ziren arte, ez zen bueltatzen betiko etxea izatera. Zenbat mundu txiki mundu handi honen baitan. Ez da urrunera joan behar mundu berriak deskubritzeko. Batzuetan nahikoa izaten da zure betiko lekuetara ezohiko ordu batean joatea beste mundu bat deskubritzeko. Zure betiko taberna, adibidez, goizez ezezaguna da zuretzat. Eta lekuekin bezala, berdin gertatzen zaigu pertsonekin. Asko ezagutzen dugula uste dugun pertsona bat ohikoa ez den beste leku edo beste denbora batean aurkituz gero, haren ahots eta usainak arrotz sentitu ditzakegu. Pertsona bera izan arren, lekuz edo denboraz aldatuta, jada ez da bera, aldatu egiten da, gure txikitako etxea gaixorik geunden goiz haietan aldatzen zen bezala.
- Multimedia
- Servicios
- Participación