Ahulenei laguntzea, bereziki elikaduran oinarrizko premia duten familiei. Helburu horrekin, Gurutze Gorriak lanean jarraitzen du, premia handiena duten familiei oinarrizko elikaduran laguntzeko. Horrela, azaroatik, Arabako Gurutze Gorriak eta Encantado de Comerte metodologia berri bat jarri dute martxan gehien behar duten familiei laguntzeko, atzo bertatik azaldu zutenez.

“APP mugikor bat da familia ahulentzako elikadura-laguntzen sistema iraultzeko behar den bakarra. Esparru horren barruan, Arabako Gurutze Gorriak aliantza egin du Aragoiko startup Encantado de Comerte, diru-zorro birtual bat ahalbidetzeko, behar duten familiek tokiko elikadura-merkataritzan egin ahal izan ditzaten erosketak”, azaldu zuten atzo Gurutze Gorritik.

Ildo beretik, gaineratu zutenez, Gurutze Gorriak aurkitzen duen arazoetako bat da tutoretza jasotzen duten familiei ematen dizkieten

elikagaien artean ez dagoela haragia, arraina, fruta edota barazkia bezalako produktu freskorik. Metodologia hori erabiliz, Gurutze Gorriak ziurtatu du “familia behartsuenek Gasteizko tokiko merkataritzan erosi ahal izango dutela produktu mota hori”. Encantado de Comerte APPan trukatu daitezkeen kupoi digitaletan oinarritutako sistema baten bidez, erakundeak hileko aurrekontu bat du laguntza horren onuradunek, modu autonomoan eta estigmatizaziorik gabe, hiriko tokiko merkataritzan egunero erosteko behar dituzten produktuak erosi ahal izateko. “Ekimen honek aukera ematen digu, alde batetik, baliabide gutxien dituzten pertsonei janari-sortak eskuratzeko aukera emateko, laguntza duinduz, eta, bestetik, elikagaiak alferrik ez galtzeko. Gainera, tokiko saltokietan kontsumoa sustatzen dugu, hurbilen dagoen ekonomiaren funtsezko zutabea baita”, adierazi zuen Txomin Ondarre Arabako Gurutze Gorriko Gizarteratze eta Enplegu Arloko zuzendariak.

2021eko azarotik, eta Gurutze Gorriarekin egindako aliantzari esker, f”amilia behartsuenek tresna bat dute eskura beren elikadura-segurtasun eza hobetzeko”. Bertako kideek atzo azaldu zutenez, proiektu pilotu baten ondoren, “non 25 familiak hiru hilabetez 80 euroko hileko aurrekontua lortu duten”, orain 92 familia dira, martxotik aurrera, laguntza-sistema berritzaile honen onuradun izango direnak. “Ekintza honen bidez, Gurutze Gorria berrikuntzaren buruan kokatzen da Gizarte Ekintzaren sektorean, eta, horrela, behar gehien duten pertsonei laguntzeko bide tradizionalak hobetzen dira”, azpimarratu zuten. Eta gaineratu zuten: “Munduan bakarra den sistema honen bidez, Gurutze Gorriak eta Encantado de Comerte estigmatizazioa ezabatzen dute, eten digitalaren aurka borrokatzen dute, Gurutze Gorriak laguntzen dien familiak ahalduntzen dituzte, tokiko merkataritzari bultzada emanez. Ez alferrik galtzeko mugimenduarekin bat egin nahi duen eta proposamen honetan parte hartu nahi duen edozein saltokik izena eman dezake info@encantadodecomerte.es helbidera idatziz”.

Ekimen berri honekin, behartsuenei laguntzeko lanean segitzen du Arabako Gurutze Gorriak. Urtean zehar sentsibilizazio- eta laguntza-kanpainak egiten dituzte, Arabako behartsuenek hainbat gizarte-eratan laguntza jaso dezaten. Oraingoan, aplikazioaren laguntzari esker, Araban elikagai-premia handiena duten pertsonei laguntzen jarraitzea lortuko dute, aplikazio hori sortu dutenekin batera elkarlanean eta gizarte osoarekin batera.