- Arabako Foru Aldundiak eta CEAR-Euskadik antolatutako Bizilagunak kulturarteko bazkariak berriro egingo dira. Hala, bihar jatorri kultural ezberdineko seiehun lagun inguru bilduko dira gastronomiaz gozatzeko, zurrumurru arrazistak eta xenofoboak apurtzeko asmoarekin eta kulturen arteko bizikidetzaren alde egiteko.

Atzo Arabako Foru Aldundiak jakinarazi zuenez, Arabako bederatzi herri daude ekintza horretan sartuta, hiriarekin batera. Adibidez, Amurrion herri-bazkari bat antolatu da Juan Urrutia plazan; Laudion salda prestatuko da (zurrumurruen aurkako taldearen eskutik) eta Herriko Plazan banatuko da. Artziniegak ere parte hartuko du topaketa txikiagoak eginda. Bestalde, Santikurutze Kanpezun, Langraizen eta Arraia-Maeztun, berriz, bihar egingo dituzte bazkariak. "Agurainen ezin izango da topaketa egin", azaldu zutenez, Udalak erabakitako jarduera murrizketen ondorioz, udalerriak dituen covid-19 kasuen intzidentzia dela-eta.

"Bizilagunak ekimenak zurrumurruen aurkako estrategia Arabako Lurralde Historikoan hedatzen laguntzen du. Estrategia hori Arabako Foru Aldundiaren lehentasunezko eta beharrezko ekintza ildoa da, lurraldean bizikidetza eta gizarte kohesioa lortzeko". Gainera, "duela bost urtetik hona, foru aldundiak CEAR-Euskadirekin batera bultzatutako estrategia horrek biztanleen jatorriari lotutako zurrumurruei, aurreiritziei eta estereotipoei aurre egitea sustatzen du, askotan bizikidetza zailtzen baitute", azaldu zuten Foru Aldundiatik. Ainhoa Campo Berdintasunaren eta Giza Eskubideen zuzendariaren arabera, "funtsezkoa da zubiak sortzen jarraitzeko eta aurreiritziak alde batera uzteko beharra berreskuratzea. Topaketa horiek kultura esberdinetako pertsonengana hurbiltzeko modu bat dira. Aldundiaren apustua da kultura eta jatorri desberdinetako pertsonen arteko bizikidetza bultzatzea".

"Antolatu zen azken aldian, 44 nazionalitate desberdinetako 1.000tik gora lagunek egin zuten bat ekimenarekin Araban, eta Euskal Herrian 58 bat nazionalitateko 2.500 pertsonak baino gehiagok hartu zuten parte bazkarietan", azpimarratu eta ondorioztatu zuten atzo Arabako Foru Aldundiako iturriek.