Noiz izan da ipurtargi bat ikusi dugun azken aldia? Non sartu dira udako gauetan belardietan argia egiten duten zomorro txiki hauek? Gero eta zailagoa da argi txiki berdea sortzen duten animalia hauek aurkitzea. Arrazoiak bat baino gehiago dira, baina badago gailen-tzen den bat: gizakiok gauetan piztuta izaten ditugun argiak. Esan dezakegu gure argitasuna beraiena itzaltzen ari dela. 

Argi kutsadura ez da atentzio gehien izaten duena, ezta larriena iruditzen zaiguna, baina bere eragin gero eta nabariagoa da gure inguruan. Arazo hau mahaigaineratzeko, gaueko paisaiarekin dugun erlazioa eta bizi dugun modua nabarmentzeko Yon Garaizabalek eta Igor Gotik Argiaren Basoa sortu dute. Argiak, soinuak, zientziak eta teknologiak naturarekin bat egiten duten espazioa da; iluntasuna, honen pertzepzioa eta ingurune kontzientzia sortzea helburu duen arte ibilbidea.

Proiektuaren irudia.

Proiektuaren irudia.

ILUNPETAN SENTI DAITEKEEN ARGIA

Ez da erraza Argiaren Basoa hitz gutxitan azaltzea, baina errazagoa da esatea zer ez den. Yon Garaizabalek azaldu duenez, “ez da argi ikuskizun bat, ez argi festibal bat, ez erakusketa bat, ez museo bat. Gaua bizitzeko modu ezberdin baten lurralde planteamendua da, nolabait”. Igor Gotiren arabera, aldiz, “proiektu estrategiko bat da, iluntasunaz eta gauaz hitz egiten duena”. Finean, arte instalazio berezi hau, ikusi baino gehiago, sentitu egiten da. “Azkenean, proposatzen duguna da pixka bat gure eguneroko erreboluzioak bajatzea, gelditzea, astiro ibiltzea, ikustea, entzutea, etab. Ikusteari eta entzuteari utzi diogun hori guztia errekuperatzea da”, Garaizabalen hitzetan. 

Proiektuak maiatzean zabaldu zituen ateak, Ikusi ezin duzun argia izenburupean. Sortzaileek adierazi dutenez, “gaua eta gauean sentitzen duzun kamaleoitasun horren oso zaleak gara. Iruditzen zitzaigun, arte-bisualen munduan lan eginez, dena asko argiztatzen zela, eta horregatik hausnartu eta pentsatu genuen argiztatzeko beste modu bat egon zitekeela; ingurua, izaki bizidun guztiak, bai landareak, bai animaliak eta bai gu, errespetatuak izango ziren mundu bat.”

ESPAZIO EGOKI BILA

Proposamen berritzaile honek 60 minutuko iraupena du. “Ibilbide sentsorial bat” proposatzen du bisitariaren-tzat, argi eta soinu instalazio artistikoen bitartez, Lemoizko Armintza auzoko baso baten kokatuta. Hain zuzen, proiektua garatzeko kokaleku egokia aurkitzea ez zen erraza izan sortzaileentzat. “Buelta asko eman ondoren, azkenean baso honek duen bertikaltasunagatik eta bertako kapa asko agertu eta desagertu egiten zirelako aukeratu genuen. Oinplano bakarreko leku batek edo leku lau batek ez luke izango baso honek dauzkan altuera desberdin guztiak”, Garaizabalen esanetan. “Proiektu hau hasteko hausnarketa bat egin genuen. Gero, sormenaren planteamendua egin genuen; eta, azkenik, lekua etorri zen. Behin lekua izanda, dena izan da auto-eraikuntza, errespetu handiarekin eginda. Pasabidea, adibidez, basoaren formarekin eginda dago, hutsuneak aprobetxatuz”. Ibilbidea eraiki ondoren, sormen lanez hornitu zuten. Horretarako deialdi bat egin zuten EHUko Arte Ederren fakultatean eta bertan aurkeztutako lau lan aukeratu zituzten: “Nuria Nora Martosek Burmuineko kartografiak lanaren irakurketa zerebralak egin ditu basotik, guk argira nola erreakzionatzen dugun kontuan hartuta. Datu horiek soinura pasatu ditu, eta gero, guk soinu horiek argi bihurtu ditugu”. Bigarrena Argi Babeslekuak izan da, Maria Nalf eta Sofía Martinezena: zeramikazko babesleku berezi bat egin dute. Raquel Nebra eta Argiñe Uriarte dira parte hartzaileetako beste bi. “Euskal Herriko beste bi artistak, Imanol Zubiauz eta Imanol Garaizabal, ere hartu dute parte. Zubiauzen obra, adibidez, sarreran ikus daiteke, lanparekin egindakoa, ke gortina batekin eta sartzean espazioaren pertzepzioa galtzen duzu. Horrez gain, Amaia Lejarretaren, Eloi Landiaren, Natalia Gimaren, Javi Letamendiaren eta Peru Magdalenaren lanak ere ikus daitezke. Azken batean, guk gure hausnarketa transmititu genien eta inbaditzen edo minik ematen ez duen argiaren egindako lanak dira guztiak. Beraien helburua basoko bizidunak babestea izan da”.

Proiektuaren beste irudi bat.

Proiektuaren beste irudi bat.

Argiaren Basoa proiektuaren helburuetako bat argi kutsaduraren inguruko kontzientzia sortzea da, nahiz eta argiaren erabilera gauez duen ardatz eta horrek kontraesan kutsua izan. Yon Garaizabalen aburuz, “guk, azkenean, kontraesan hori darabilgu: leku minimo bat mintzen dugu gizakiok kontzientzia har dezagun. Baina, proposatzen duguna berez hori da: naturako espazio bat hartu eta errespetuz argiztatu. Badakigu kontraesangarria dela naturaren errespetuaren inguruan hitz egitea eta guk baso bat erabiltzea horretarako, baina artea beti kontrajartzen da pixka bat”. 

Instalazioa, gainera, iragankorra izango da, urriaren 15era arte bisitatu ahalko da. “Planteatzen duguna urtero erakusketa bat egitea da, udan hasi eta udazkenera bitarte. Egin dugun eraikuntza guztia bio-eraikuntza da, animaliak eta basoa errespetatuz. Gero, biharko egunean, dena askatzen dugunean, zimendurik ez daukanez, guk espazioa hartu, dena batu eta bagoaz. Gutxieneko arrasto fisikoa eta ahalik eta kontzientziazio arrasto handiena utzi nahi dugu”, laburbildu du antola-tzaileak. Baso berezi hau bertatik bertara ezagutu nahi duenak argiarenbasoa.eus webgunean erosi ahalko ditu sarrerak.