- Turismoa hotelen jarduera suspertzen laguntzen ari da uda honetan. Hala erakusten dute Eustat Euskal Estatistika Erakundeak Establezimendu turistiko hartzaileen inkesta txostenean egindako azken datuek.

Horrela, txosten hori positiboa da Arabako eta Euskadiko hoteletako sarrera eta irteeren bilakaerarekin. Zenbakiek, hain zuzen, hobekuntza nabarmena erakusten dute. Zehazki, 2021eko ekainean 172.095 sarrera eta 309.532 gaualdi erregistratu ziren Euskal Autonomia Erkidegoko hotel-establezimenduetan. Horrela, 2021eko maiatzarekin alderatuta, susperraldia % 44,2koa izan da sarreretan eta % 47,7koa gaualdietan, hain zuzen ere. Lurraldeka, Araban ekainean 25.128 sarrera erregistratu ziren eta 47.265 gaualdi, aurreko hilean baino % 26,1 eta %32,8 gehiago. Bizkaian 2021eko ekainean sarrera-kopurua % 33,1 igo zen eta gaualdiena % 30,9; 67.379 eta 121.360 izan ziren orotara, hurrenez hurren. Azkenik, Gipuzkoan, hilabete berean 79.588 sarrera eta 140.907 gaualdi izan ziren, eta hilabete arteko igoera % 63,2koa izanzen sarreretan eta % 73,6koa gaualdietan.

"Covid-19aren pandemiari aurre egiteko 2020ko martxoaren 14an ezarritako alarma-egoeratik aurrera, mugikortasunaren gaineko muga aldakorra izan da. 2020ko ekainean sektorearen zati bat suspertu zen, baina aurreko ekainetan erregistratutako balioetara iritsi gabe", adierazten dute Eustatetik. "Hotel-jarduerak nabarmen egin zuen behera -establezimenduen ia % 40 egon ziren itxita 2020ko ekainean-, eta serie estatistiko batzuk ez ziren argitaratu sekretu estatistikoa gorde zelako eta kalitate estatistikoko irizpideak zeudelako. Horregatik, ezinezkoa da 2020ko ekainarekiko urte arteko alderaketa egitea, eta zifrak, beraz, aurreko hilarekin, 2021eko maiatzarekin, alderatzen dira", azpimarratzen dute.

Gainera, Arabako eta Euskadiko hoteletako turisten eta bezeroen jatorria ere zehazten du txostenak. Ildo horretatik, atzerritar jatorriko sarrerak sarrera guztien % 23,9 izan ziren ekainean, eta Estatukoak, beraz, % 76,1. Gaualdiei dagokienez, atzerrian bizi direnen gaualdiak % 23,2 izan ziren eta Estatukoenenak % 76,8. "Atzerriko jatorriko sarrerak eta gaualdiak % 50,3 eta % 56,9 gehitu dira, hurrenez hurren, maiatzarekin alderatuta", azpimarratzen dute. Hala ere, "aldeak daude lurralde historikoen artean". Araban, aurreko hilarekin alderatuta, % 44,2 eta % 55,3 igo da atzerrian bizi direnen sarrera eta gaualdi-kopurua, hurrenez hurren. Bizkaian % 57,0 igo dira sarrerak eta % 53,3 gaualdiak. Azkenik, Gipuzkoan % 47,5 igo dira atzerritar jatorriko sarrerak eta % 59,8 jatorri bereko gaualdiak, aurreko hilarekin alderatuta.

"2020ko ekainean pixkanaka suspertzen joan zen hotel-jarduera, baina hotelen % 40 itxita egon zen hilabete osoan. Horregatik, eta 2020ko ekainarekin alderatuta, sarreren igoera % 261,0koa izan da eta gaualdiena % 244,6koa Euskal Autonomia Erkidego osoan. Bestalde, atzerritar jatorrikoen gaualdien igoera % 384,1ekoa izan da", azpimarratu dute. Azkenik, txostenean lanpostuen betetze-mailari buruzko alderdiak ere zehazten dira. Adibidez, Araban % 37,9 lortu da, % 30 inguru Bizkaian eta % 40 baino gehiago Gipuzkoan. Gelei dagokienez, Araban % 47 lortu da, ia % 39 Bizkaian eta % 46,7 Gipuzkoan. "Sektorearen errentagarritasun-adierazleek ere goranzko joera adierazten dute": ADR (eguneko batez besteko tarifa) 86,43 eurokoa izan da ekainean; maiatzean, aldiz, 68,43koa izan zen. Hortaz, % 26,3 handiagoa izan da ekainekoa. "ADRren igoera orokorra izan da lurralde historikoetan: Gipuzkoan 97,87 eurokoa izan da (116,66 euro Donostian), Bizkaian 77,69 eurokoa (79,22 euro Bilbon) eta Araban 77,58 eurokoa (67,32 euro Gasteizen)", ondorioztatu dute.