- “Empleoaraban, hots, SEA Arabako Enpresak elkarteak eta Vital Fundazioak elkarrekin sortutako proiektuan, kontziente gara gure enpresetan garapen teknologiko eta digitalak eragin dituen aldaketa sakonez, eta pentsaezinak ziren lan-nitxo berriak sortu dira horri esker, jende gazteak zeregin oso garrantzitsua betetzen duelarik horietan, eurak izango direlako etorkizun hurbileneko lanetan enpresak eratuko dituztenak”.

Sea Arabako enpresek Gure Enpresak proiektua aurkeztu zuten atzo, enpresa mundua eta kontratazio beharrak Arabako ikasgeletara hurbiltzeko asmoz. Zientzia, teknologia eta ingeniaritzari lotutako STEAM bokazioak garatzea ere da proiektu honen helburua, neskei hurbilaraziz profesional mailan arlo horietan garatzeko diren aukerak. Helburu hori lortzeko, bisitak egingo dituzte ikastetxeetara, eta DBHko laugarren mailako eta Batxilergoko ikasleei jakinaraziko diete zer prestakuntza-premia izango dituzten lehentasuna enpresek kontratatzeko orduan. “Gure Enpresak ekimena jarri dugu abian, enpresa mundua hezkuntza sistemara hurbiltzeko proiektu bat, ikasleei orientazioa emanez enpresarien zuzeneko esperientziaren laguntzarekin. Ikustaldiak egiten dira horretarako ikastetxeetara, DBHko 4. mailakoei eta Batxilergoko ikasleei ezagutzera emanez enpresek zer prestakuntza-behar lehenetsiko dituzten langileak kontratatzerakoan”, azpimarratu zuten atzo.

Covid-19aren agerpenak murriztu egin zituen pasa den ekitaldirako aurreikusita ziren saioak. Hala ere, 600 ikaslek horietan parte hartzeko aukera izan zuten. “Saioaren lehen zatian, gure 2020-2021 Enplegu eta Kualifikazioko Behatokiaren datuak ezagutarazten ditugu, eta, jarraian, lurraldeko enpresariek beren bizipenak partekatzen dituzte, lehen eskutik azalduz nolakoak izan ziren euren enpresen hasierak eta garapena, enpresek Arabako gizarteari egiten dioten ekarpena nabarmentzeaz gain”, nabarmendu zuten. Ildo horretatik jarraituz, aurten, jakinarazi zutenez, aurreikuspenak betetzen badira, ikasturte amaieran 1.500 gazte inguruk hartu izango dute parte ekimen horretan.